Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2015/05/25

Gai organikoen gaikako bilketa hasi da Arrotxapea auzoan

Auzo horretan 3.186 etxebizitza daude izena emanda, hau da, etxebizitza guztien %29.

Gaur, maiatzak 25, astelehena, Iruñeko Arrotxapea auzoan abiarazi da gai organikoen gaikako bilketa. Hartara, Iruñeko gainerako tokietan eta Iruñerriko zenbait herritan bosgarren edukiontzia ezartzeko hirugarren fase honetan, Sanduzelairi, Buztintxuriri, Artikari eta Artika Berriri gehitu zaie. 

Gogoan izango denez, bilketa mota honen lehen esperientzia Barañainen jarri zen martxan, 2013ko azaroan, eta bigarren fasean, 2014an, Iruñeko auzo batzuetara (Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña, Donibane eta Etxabakoitz) eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietara zabaldu zen. 

Hirugarren fase honetan, edukiontzi marroiak ezartzea bi etapatan egingo da: lehenbizikoa maiatz eta ekain artekoa izango da, eta bigarrena irail eta abendu artekoa. Guztira, 1.511 edukiontzi jarriko dira, modelo berri batekoak (albotik kargatzekoak eta 2.400 litroko edukierakoak), eta, hortaz, 2013an eta 2014an jarritakoetatik desberdinak (atzetik kargatzekoak eta 1.000 litroko edukierakoak). 

Horrenbestez, beste 99.706 etxebizitzak edukiko dute eskura bosgarren edukiontzia, eta, aurreko faseetakoei gehituta, 142.473 etxebizitza izango dira.

III. fase honetan ezartzeko egutegia

Udaberriko kanpainan, ezartzeko egunak hauek izango dira:

  • Maiatzak 4: Sanduzelai, Artika, Artika Berri, Buztintxuri

  • Maiatzak 25: Arrotxapea

  • Ekainak 15: Antsoain, Txantrea

Udazken-neguko kanpainan, berriz, ezartzeko egunak hauek izango dira:

  • Irailak 7: Erripagaña, Mendillorri 

  • Irailak 28: Burlata, Atarrabia, Uharte

  • Urriak 13: Gorraitz, Olatz, Olloki, Sarriguren

  • Urriak 26: I. eta II. zabalguneak, Alde Zaharra, Belosogoiti

  • Azaroak 9: Azpilagaña, Milagrosa, Andre Maria Erregina, Sadar, Lezkairu

  • Azaroak 23: Mutiloa, Cordovilla, Beriain, Noain

  • Abenduak 7: Arre, Berriozar, Orkoien

Aurreko faseetan gertatu zen moduan, bilketa programan familia boluntarioek parte hartzen dute. Dena den, gogora ekarri behar da gai organikoak berreskuratzea legeriak ezarritako erantzukizun bat dela. Esperientziaren helburua da kalitate oneko gai organikoak botatzea, desegokiak diren materialak bota gabe, berariazko edukiontzi marroi batera. Edukiontzi horren izena “Gai organikoak” da, eta ekimenean parte hartzeko izena eman duten herritarrei eman zaien giltza batez baino ezin da ireki. 

Era berean, “gainerakoen” frakzioa (gai organikoak ez diren materialak eta lehen edukiontzi berdera botatzen zirenak) edukiontzi berdera bota behar da. Edukiontzi berde horretan “Gainerakoak” izena jartzen du.

3.186 etxebizitza izena emanda eta 142 edukiontzi

Gai organikoak bildu ahal izateko, gaur eta asteazkena bitartean 142 edukiontzi kokatuko dira Arrotxapea auzoan dauden bilketa guneetan. 

Atzo arte 3.186 etxebizitza zeuden izena emanda auzo horretan, hau da, etxebizitza guztien %29 (10.969). Dena den, ziur asko, portzentaje hori handitu egingo da hurrengo egunetan, Mankomunitateko teknikariak auzo horretako 2.000 etxebizitzatara joatekoak baitira aste honetan. 

Beste alde batetik, udaberriko kanpainako lehen eremuan (Sanduzelai, Buztintxuri, Artika eta Artika Berri hartzen dituena), izena eman zezaketen guztiak aintzat hartuta, %37,2ko kopurua lortu da orain arte. Gogora ekarri behar da gai organikoen bilketa ezartzeko I. eta II. faseetan, 2013an eta 2014an hasitakoetan, izena emandakoen kopurua gutxi gorabehera %45ekoa izan zela.

Garrantzitsua da nabarmentzea herritarrek edozein unetan eman dezaketela izena gai organikoen bilketan. 

Hainbat bide izena emateko

Hainbat bide egokitu da lehen aipatu diren eremu horietan bizi direnek argibideak eskuratu ditzaten eta izena eman dezaten:

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren telefonora deitzea (948 42 32 42), astelehenetik ostiralera, 07:30 eta 18:00 artean.
  • WhatsApp mezu bat bidaltzea, “Bilketa organikoan izena eman” adierazita, 628 44 88 44 telefono zenbakira (ondoren, deia jasoko du interesa duenak, izen-ematea formalizatzeko behar diren datuak galdetzeko).
  • On line egitea, Mankomunitatearen webgunetik lotura honetan.
  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan egitea, Navas de Tolosa kalearen 29.ean, behealdean, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 15:00etara.
  • Edukiontzi marroia ezartzeko hurrengo eremuen kasuan –ekainaren 15erako programatuak– informazio gune finko hauetara joatea: Txantreako herri liburutegia (Arriurdiñeta plaza, 4, behealdea), astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 20:00etara; Antsoaingo Udalaren lokala (Mendikale kalea, 6-8, solairuartea), astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
  • Era berean, informazio gune ibiltarietara joatea, haietako bakoitzerako ezarritako aldien barnean. Zerrenda lotura honetan kontsultatu daiteke.
  • Amaitzeko, bilketaren hirugarren fase honen barneko herri eta auzoetara joaten diren garbigune mugikorretan ematea izena.

Izena eman eta handik egun batzuetara teknikariak etxebizitzetara joaten dira, eta edukiontzia ireki ahal izateko giltza, berariazko ontzi bat eta informazio material batzuk banatzen dituzte.  

Bilketa berria ezartzearekin batera, kanpaina bat egingo da, eta, hortaz, hainbat jolas eta informazio jarduera. Zehazki, kanpainaren agenda lotura honetan kontsultatu daiteke.

 

Beste albiste batzuk