Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2017/10/17

Gai organikoen bilketarako kanpaina aurkeztu da (V. fasea)

Landa eremuko kanpainaren ondoren, orain hiri eremuko ekintzak hasi eta 2018ko apirilean amaituko dira

Iruñerriko gai organikoen bilketako V. faseari dagokion informazio eta sentsibilizazio kanpaina aurkeztu da gaur goizean. Aritz Ayesa Mankomunitateko lehendakariak adierazi duen moduan amaitu dira Iruñerriko landa eremura bideratutako ekintzak (uztaileko bigarren hamabostaldiaz geroztik egiten ari ziren) eta orain hiri eremuko eta aldirietako ekintzak hasiko dira. 

Iruñerri osoan gai organikoen bilketa bereizia ezartzen 2016an amaitu zen, bosgarren edukiontzia (marroia) eta etxeko eta auzoko konpostajea instalatuta. “Horrenbestez, aurten egiten ari garen hau oroitarazteko eta mezua indartzeko ekintzak dira”, zehaztu du Ayesak.

Gogora ekarri behar da gai organikoen gaikako bilketa 2013an hasi zela, Barañainen esperientzia pilotu bat abiarazita. 2014an jarraipena izan zuen, Iruñeko zenbait auzotara eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietara zabalduta. 2015ekoa asmo handiko etapa izan zen; izan ere, Iruñerriko hiri eremu guztietara iritsi baitzen bilketa. Eta 2016an, bilketa landa eremuan ezarri zen, etxeko eta auzoko konpostajearen bidez.

Balantze moduan, 2016a amaitzerako 154.000 etxebizitzatara baino gehiagotara jo zuen Mankomunitateak, eta egun, haietatik 70.300 dira (ia %46), izena emanda, gai organikoak bereizteko borondatea eta nahia adierazi dutenak. Denek informazioa, giltza, ontzia eta zaborrak ongi bereizteko beste informazio elementu batzuk jaso dituzte.

Ayesak ondokoa argitu du, ordea, horren gainean: “Horiek kopuru itxaropentsuak izango lirateke, errealitateak besterik erakutsiko ez baligu: alde handia dago gai organikoak gaika biltzeko ahalmen potentzialaren eta benetako datuaren artean. Izan ere, une honetan, gai organikoen %19 biltzen dira bereiz”.

Alde horretatik, Mankomunitateko lehendakariak zenbait gogoeta egin ditu.  “Baliabideak berreskuratu behar ditugu. Ez erakundeok ez eta herritarrok ere ezin dugu onartu etorkizun oparoago baterako oso beharrezkoak izango diren lehengaiak ez berreskuratzea”, adierazi du lehenik eta behin. 

Beste alde batetik, “konpromisoa dugu planetarekin eta ingurumenarekin, eta, era berean, bete beharreko Europako, Estatuko eta Nafarroako legeriak ditugu”, gehitu du Ayesak. Hartara, Nafarroako Hondakinen Planak exijitzen du 2020. urtean bereiz biltzeko edo konpostaje bidez tratatzeko gai organikoen %50. Eta 2027an betebeharra %70ekoa izango da. 

Hirugarren gogoetaren arabera, “bide hori elkarrekin egin behar dugu Mankomunitateak eta herritarrok. Hondakinak egoki bereizi ahal izateko bitartekoak herritarren esku jarri behar ditu Mankomunitateak, erakunde gisa, sustatu egin behar du eta informazioa eman. Baina hondakinak gaika bereiztea etxebizitzetan eta negozioetan hasten da, eta, hortaz, herritarrak inplikatuta lortuko dira jarritako helburuak”. Hausnarketa horiek amaitzeko, ondorio gisa, hau adierazi du Ayesak: “Etxebizitzetan hondakinak egoki bereiztea gutako bakoitzak egin dezakeen elkartasunezko keinu erraz eta eskuragarriena da, alde batera utzirik, gainera, legezko eskakizuna dela. Ezin diogu uko egin etorkizun hobe baten alde elkarlanean aritzeari”.

V. faseko kanpaina bi eremutan: landakoan eta hirikoan 

Bilketako V. faseari lotutako kanpaina honi erreferentzia egitean Ayesak adierazi duen moduan, aurtengo uztaila eta iraila artean indartzeko lana egin da landa eremuko 36 udalerritan, ibarretan edo zendeatan. Hain zuzen, komunikazio eta koordinazio ekintzak egin dira udalekin, atez ateko bisitak 2016an harremanetan jarri ez ziren etxebizitzetara, informazio gune ibiltariak kokatu dira 200 biztanletik gorako herrietan, mintzaldi-tailerrak egin dira izena eman berri dutenei konpost-ontziak emateko eta aholkularitza emateko bisitak egin dira konpost-ontzia duten eta 2016ko eta 2017ko kanpainetan sartu diren etxebizitzetara. Kanpaina horren ondoren, landa eremuan izena emandakoak %10,5 gehiago izatea lortu da, eta, hortaz, izena emandakoak %50 dira.

Orain, ekintzak hiri eremuan hasi eta 2018ko apirila arte luzatuko dira. Mankomunitateko Komunikazio arduradunak, Arturo Ruiz de Azagrak, kanpainarako prestatutako ekintzak aletu ditu. Helburua da, hain zuzen, frakzio organikoaren berariazko edukiontzian botatako material kantitatea handitzea, batetik, eta konpostajeari eta bosgarren edukiontziari borondatez atxikitzen zaizkionen kopurua emendatzea, bestetik, zeharka nabarmenduta prebentzioak duen garrantzia. Era berean, aukera baliatuko da gainerako bilketak gogora ekarri eta indartzeko, sistemaren osotasuneko desegokien maila eta kalitatea ere baldintzatzen baitute. 

Hiri eremuko eta aldirietako kanpainak herri hauek hartuko ditu: Antsoain, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Zizur Txikia, Cordovilla, Esteribar, Ezkabarte, Uharte, Noain-Elortzibar, Orkoien, Iruña, Aranguren Ibarra, Eguesibar, Atarrabia eta Zizur Nagusia.

Berariazko ekintzak programatu dira udalekin, herritarrekin (aurrez aurreko informazioa hondakinak biltzeko 560 gunetan –kaleko edukiontziak– eta bisitak landakoekin parekagarriak diren 1.400 etxebizitzara), HORECA taldearekin (ostalaritzako, sukaldaritzako eta catering-eko ia 1.000 negozio), HORECAkoak ez diren beste ekoizle berezi batzuekin (fruta dendak, lore dendak, janari dendak eta abar), Iruñerriko Ibai Parkeko baratze eta askaltegiekin, ikastetxeekin, beste herritartasun batzuetako herritarrekin eta gazteekin.

Beste xehetasun batzuen artean, Ruiz de Azagrak jakinarazi du, proba pilotu gisa, Iruñeko Alde Zaharreko ostalaritzako negozioek, nahi dutenek, hurrengo urtean ontzi batzuk izango dituztela sobera gelditu den janaria ematea sustatzeko eta, beraz, eskatu duten janaria bukatu ez duten bezeroek etxera eramateko aukera izateko. 

Gogora ekarri behar da V. fasearen kanpaina Nafarroa osorako kanpaina baten guardasolaren pean dagoela. Hain zuzen, joan den maiatzaren 16an abiarazi zuten Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Hondakinen Partzuergoak eta Iruñerriko Mankomunitateak elkarrekin, eta “¿Marrones? Sí, gracias / Organikoak? Bai, mila esker” leloa du. Hartara, organikoez paso ez egitera bultzatzen gaitu.

Beste albiste batzuk