Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2016/08/02

Gai organikoen bilketako IV. fasea hasi da, Iruñerriko herri txikietan

Fase honetan 229 herritara iritsiko da, 11.008 etxebizitza eta 23.438 biztanlerekin

Atzo, abuztuak 1, gai organikoen gaikako bilketako IV. faseari ekin zion Mankomunitateak, oraingoan Iruñerrian biztanle gutxien duten herriei zuzenduta. Gogoan izango denez, bosgarren edukiontziaren bidezko gai organikoen bilketa bereizia 2013aren amaieran hasi zen, Barañainen (I. fasea), eta 2014an Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña, Donibane, Ipar eta Hego Etxabakoitz auzoetara eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietara hedatu zen (II. fasea). 2015ean, Iruñerriko hiri ingurune osora zabaldu zen (III. fasea). Hartara, 330.000 biztanleri baino gehiagori zerbitzua ematera iritsi da. Orain arte egindako kanpainetan, etxebizitzen %44k eman dute izena, eta une honetan sortzen dituzten gai organikoen %34 ari dira bereizten (Iruñerrian sortutako kantitate osoaren %17).

Orain, IV. faseari ekin zaio, gai organikoen bilketa Iruñerriko gainerako herrietara hurbiltzeko. Fase honetan sartuta dagoen herri bakoitzari etxeko konpostajea eskainiko zaio gai organikoak tratatzeko modu gisa, nahiz eta herrietakoren batean bosgarren edukiontzia ere ezarriko den. Bosgarren edukiontzia hautatzeko irizpideak izango dira biztanle kopurua (200 ingurukoa) eta hirigintza bertikala etxebizitza familiabakarren ereduaren gainean nagusitzea.

Laugarren eta azken fase hau aurkezteko ekitaldian Mankomunitateko lehendakari Aritz Ayesak adierazi duenez, “aurreko faseekiko berrikuntza nagusia da, hirigintza eta ekonomia konfigurazio landatarragoa duten udalerriak eta kontzejuak izatean, pentsatu dugula hobekien egokitzen den aukera konpostajearena dela eta, horrenbestez, bosgarren edukiontzia bigarren mailakoa izatera igaro dela”. Orain arte lortutako emaitzekin lotuta, konpromiso kolektiboaren garrantzia nabarmendu du Ayesak, Europak ezarritako helburuak lortu ahal izateko. “Alde batetik, administraziook ahalegin informatiboa egiten jarraitu behar dugu, kudeaketakoa eta gardentasunekoa; eta beste alde batetik, herritarrek uste osoa izan behar dute bakoitzak sortzen dituen hondakinekiko erantzukizunaren gainean”, adierazi du Mankomunitateko lehendakariak.

Bilketa honetan parte hartzea borondatezkoa da, baina aurretik izena eman behar da. Helburua da kalitate oneko gai organikoak bereiztea, material desegokirik gabe, etxean konposta egiteko edo bosgarren edukiontzira botatzeko. Etxeko konpostajearen kasuan, boluntarioei hitzordua egingo zaie, informazioa emateko bilera baterako. Horrez gain, bilketa egin ahal izateko materiala eta konpost-ontzi bat emango zaie bilera horretan.

Bosgarren edukiontzia duten herrietan, kalitate oneko gai organikoak, desegokiak diren materialak gabe, berariazko edukiontzi marroira bota beharko dituzte. Edukiontzi horren izena “Gai organikoak” da, eta proiektuan parte hartu nahi duten herritarrei emango zaien giltza batez baino ezin izango da ireki. Era berean, “gainerakoen” frakzioa (gai organikoak ez diren materialak eta lehen edukiontzi berdera botatzen zirenak) edukiontzi berdera bota beharko dute. Edukiontzi berde horretan “Gainerakoak” izena jartzen du. “Gai organikoetarako” edukiontziak eta “Gainerakoetarako” edukiontziak bilketa gune guztietan egongo dira. Izena ematen duten pertsonei bisita egingo zaie etxebizitzetara. Hartara, bilketa egin ahal izateko behar den materiala eta bosgarren edukiontzia irekitzeko giltza banatuko zaizkie.

IV. fase honetan ezartzeko egutegia

IV. fase honetan, 229 herritara iritsiko da (14 udalerri, 169 kontzeju eta 46 toki), 11.008 etxebizitza eta 23.438 biztanlerekin. Kanpaina zortzi eremutan egingo da, egutegi honen arabera:

Ezartzeko egunak
1. eremuaAbuztuaren 16a
2. eremuaAbuztuaren 22a
3. eremuaAbuztuaren 29a
4. eremuaIrailaren 5a
5. eremuaIrailaren 12a
6. eremuaIrailaren 19a
7. eremuaIrailaren 26a
8. eremuaUrriaren 3a

Baliteke data horiek aldatzea udal edo kontzeju bakoitzaren egoeraren arabera. Zortzi eremuetako herrien zerrenda lotura honetan kontsultatu ahal da. 

Horrenbestez, lehenbiziko eremuan abuztuaren 16an jarriko da martxan bilketa. 1.374 etxebizitza eta 3.302 biztanle hartzen ditu. Zehazki, herri hauetara iritsiko da:

  • Egues: Altzuza, Ardatz, Azpa, Badostain, Etxalatz, Egues, Elkano, Elia, Erantsus, Ibiriku, Sagaseta eta Ustarrotz.
  • Aranguren: Aranguren, Ilundain, Labiano, Lakidain, Taxoare, Zolina eta Gongora.
  • Noain (Elortzibar): Elortz, Ezperun, Gerendiain, Imarkoain, Oritz, Otano, Dorre, Iharnotz, Zabalegi eta Zulueta.

Informazio kanpaina atzo hasi zen eta irailean amaituko da, azken eremukoa egiten denean. Ezarri den eremu bakoitzean, bilketa abiarazteko egunaren aurreko bi asteetan egingo da informazio kanpaina hori. Hartara, lehen eremuan (abuztuaren 16an ezarriko da bilketa), kanpaina atzo hasi zen, abuztuak 1, eta hilaren 13an bukatuko da. Kanpaina abiarazi aurretik, informazioa emateko gutunak bidali dira eremuetako bakoitzera.

Gainera, beste alde batetik, irailetik aurrera, egun bosgarren edukiontzia ezarrita duten hiri eremuko herrietan indartzeko kanpaina bat egingo da. 

Aurreko faseetan gertatu zen moduan, bilketa programan familia boluntarioek parte hartzen dute. Dena den, gogora ekarri behar da gai organikoak berreskuratzea legeriak ezarritako erantzukizun bat dela. Esperientziaren helburua da kalitate oneko gai organikoak botatzea, desegokiak diren materialak bota gabe, berariazko edukiontzi marroi batera. Edukiontzi horren izena “Gai organikoak” da, eta ekimenean parte hartzeko izena eman duten herritarrei eman zaien giltza batez baino ezin da ireki. Era berean, “gainerakoen” frakzioa (gai organikoak ez diren materialak eta lehen edukiontzi berdera botatzen zirenak) edukiontzi berdera bota behar da. Edukiontzi berde horretan “Gainerakoak” izena jartzen du.

Hainbat bide izena emateko

Hainbat bide egokitu da lehen aipatu diren eremu horietan bizi direnek argibideak eskuratu ditzaten eta izena eman dezaten:

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren telefonora deitzea (948 42 32 42), astelehenetik ostiralera, 07:30 eta 18:00 artean.
  • WhatsApp mezu bat bidaltzea, “Bilketa organikoan izena eman” adierazita, 628 44 88 44 telefono zenbakira (ondoren, deia jasoko du interesa duenak, izen-ematea formalizatzeko behar diren datuak galdetzeko).
  • On line egitea, Mankomunitatearen webgunetik lotura honetan.
  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan egitea, Navas de Tolosa kalearen 29.ean, behealdean, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 15:00etara.

Izena eman eta handik egun batzuetara, etxeko konpostajearen kasuan, informazioa emateko bilera baterako deia egingo zaie familiei eta bertan konpost-ontzia banatuko zaie. Bosgarren edukiontziaren kasuan, teknikariak bisita egingo die. Bisita horretan, hain zuzen, gai organikoen edukiontzia irekitzeko giltza, berariazko ontzi bat eta informazioa emateko beste material batzuk emango dizkie.  

Beste albiste batzuk

  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea
  • Goñi / Ollaran eremuko hautagai independenteak 29 boto eskuratu ditu, eta Echeverríak (Navarra Suma), 23
  • Eguneko gutxieneko zerbitzuak %60koak izango dira puntako orduetan eta %40koak ordu lasaietan