Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2015/06/15

Gai organikoen bilketa hasi da Antsoainen eta Txantrean

Bilketa mota honetan parte hartzeko 4.259 etxebizitzak eman dute izena Antsoainen eta Txantrean, hau da, etxebizitza guztien %32,9k.

Gaur, ekainak 15, astelehena, hasi da gai organikoen gaikako bilketa Antsoainen eta Iruñeko Txantrea auzoan. Hartara, bosgarren edukiontziaren hirugarren fase honetan, bilketa mota hau Iruñeko gainerako auzo eta Iruñerriko beste herri batzuetara zabaltzea ekarriko duen honetan, Sanduzelai, Buztintxuri, Artika, Artika Berri eta Arrotxapeari gehitu zaizkie Antsoain eta Txantrea. 

Gogoan izango denez, bilketa mota honen lehen esperientzia Barañainen jarri zen martxan, 2013ko azaroan, eta bigarren fasean, 2014an, Iruñeko auzo batzuetara (Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña, Donibane eta Etxabakoitz) eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietara zabaldu zen. 

Hirugarren fase honetan, edukiontzi marroiak ezartzea bi etapatan egingo da: lehenbizikoa maiatz eta ekain artekoa izango da, eta bigarrena irail eta abendu artekoa. Guztira, 1.511 edukiontzi jarriko dira, modelo berri batekoak (albotik kargatzekoak eta 2.400 litroko edukierakoak), eta, hortaz, 2013an eta 2014an jarritakoetatik desberdinak (atzetik kargatzekoak eta 1.000 litroko edukierakoak). 

Horrenbestez, beste 99.706 etxebizitzak edukiko dute eskura bosgarren edukiontzia, eta, aurreko faseetakoei gehituta, 142.473 etxebizitza izango dira.

III. FASE HONETAN EZARTZEKO EGUTEGIA

Udaberriko kanpainan, bilketa ezartzeko egunak hauek izan dira:

  • Maiatzak 4: Sanduzelai, Artika, Artika Berri, Buztintxuri

  • Maiatzak 25: Arrotxapea

  • Ekainak 15: Antsoain, Txantrea

Udazken-neguko kanpainan, berriz, ezartzeko egunak hauek izango dira:

  • Irailak 7: Erripagaña, Mendillorri 

  • Irailak 28: Burlata, Atarrabia, Uharte

  • Urriak 13: Gorraitz, Olatz, Olloki, Sarriguren

  • Urriak 26: I. eta II. zabalguneak, Alde Zaharra, Belosogoiti

  • Azaroak 9: Azpilagaña, Milagrosa, Andre Maria Erregina, Sadar, Lezkairu

  • Azaroak 23: Mutiloa, Cordovilla, Beriain, Noain

  • Abenduak 7: Arre, Berriozar, Orkoien

Aurreko faseetan gertatu zen moduan, bilketa programan familia boluntarioek parte hartzen dute. Dena den, gogora ekarri behar da gai organikoak berreskuratzea legeriak ezarritako erantzukizun bat dela. Esperientziaren helburua da kalitate oneko gai organikoak botatzea, desegokiak diren materialak bota gabe, berariazko edukiontzi marroi batera. Edukiontzi horren izena “Gai organikoak” da, eta ekimenean parte hartzeko izena eman duten herritarrei eman zaien giltza batez baino ezin da ireki. 

Era berean, “gainerakoen” frakzioa (gai organikoak ez diren materialak eta lehen edukiontzi berdera botatzen zirenak) edukiontzi berdera bota behar da. Edukiontzi berde horretan “Gainerakoak” izena jartzen du.

4.259 etxebizitza izena emanda eta 180 edukiontzi

Gai organikoak bildu ahal izateko, gaur, astelehena, eta asteazkena artean 180 edukiontzi kokatuko dira, hondakinak biltzeko Antsoainen (49) eta Txantrean (131) dauden guneetan. 

Atzo arte 4.259 etxebizitza zeuden izena emanda Antsoainen eta Txantrean, hau da, etxebizitza guztien %32,9 (12.959). Dena den, ziur asko, portzentaje hori handitu egingo da hurrengo egunetan, Mankomunitateko teknikariak hainbat etxebizitzatara joatekoak baitira aste honetan. 

Udaberriko kanpainako lehen eremuan (Sanduzelai, Buztintxuri, Artika eta Artika Berri), orain arte, %37,9 etxebizitzak eman dute izena. Eta bigarren eremuan, Arrotxapea auzoan, orain arte %41,8k eman dute izena. Gogora ekarri behar da gai organikoen gaikako bilketa ezartzeko I. eta II. faseetan (2013an eta 2014an abiarazitakoak, hurrenez hurren) izena emandakoen portzentajea gutxi gorabehera %45ekoa izan zela.

Garrantzitsua da nabarmentzea herritarrek edozein unetan eman dezaketela izena gai organikoen bilketan. 

HAINBAT BIDE IZENA EMATEKO

Hainbat bide egokitu da lehen aipatu diren eremu horietan bizi direnek argibideak eskuratu ditzaten eta izena eman dezaten:

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren telefonora deitzea (948 42 32 42), astelehenetik ostiralera, 07:30 eta 18:00 artean.

  • WhatsApp mezu bat bidaltzea, “Bilketa organikoan izena eman” adierazita, 628 44 88 44 telefono zenbakira (ondoren, deia jasoko du interesa duenak, izen-ematea formalizatzeko behar diren datuak galdetzeko).

  • On line egitea, Mankomunitatearen webgunetik lotura honetan.

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan egitea, Navas de Tolosa kalearen 29.ean, behealdean, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 15:00etara.

  • Amaitzeko, bilketaren hirugarren fase honen barneko herri eta auzoetara joaten diren garbigune mugikorretan ematea izena.

Izena eman eta handik egun batzuetara teknikariak etxebizitzetara joaten dira, eta edukiontzia ireki ahal izateko giltza, berariazko ontzi bat eta informazio material batzuk banatzen dituzte.  

Beste albiste batzuk

  • Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea ordeztuko du zerbitzu horrek
  • Jaien ingurunean bildutako hondakinen kantitatea %9,09 handitu da, eta bildutako beiraren kantitatea, %26,59
  • Aldaketaren arrazoi nagusia da urte sasoi honetan bidaiari kopurua nabarmen gutxitzen dela