Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2018/02/23

Gai organikoen bilketa bereizia hobetzeko proba pilotua aurkeztu da

Ekainean hasiko da, eta Artika Berrian eta Azpilagañan kokatutako bi eremutan gauzatuko da

Gaur goizean, Iruñerrian gai organikoen gaikako bilketa hobetzeko proba pilotua aurkeztu da. Hain zuzen, esperientzia ekainean hasiko da, eta Artika Berrian eta Azpilagaña auzoan dauden bi eremutan gauzatuko da. 

Aritz Ayesa Mankomunitateko lehendakariak azaldu duen moduan, hirigintzako irizpideak (perimetroa ezartzeko erraztasuna), demografiako irizpideak (genero oreka, bertan bizi direnen batez besteko adin desberdina) eta esperientzia pilotu baterako tamaina arrazoizkoa eta adierazgarria izatea (eremu bakoitzean 7.000 eta 10.000 biztanle artean) kontuan hartuta hautatu dira bi eremu horiek. 

Proba pilotuaren helburu nagusia gai organikoen bilketa bereizia handitzea da, egun oker, nagusiki gainerakoen edukiontzira, botatzen diren hondakinak edukiontzi marroira botatzea bideratuta. Horretarako, aukeratu diren bi eremuetan, gainerakoen edo errefusaren frakzioa jasotzeko edukiontziak –gai organikoak biltzeko edukiontziaren modelo berekoa izango da– gris koloreko estalkia eta identifikazioa edukiko ditu. Gai organikoetarako edukiontziak eta errefusarako edukiontziak kontratu bakoitzari lotutako txartel elektroniko baten bidez irekiko dira, eta irekitze bakoitzean erregistratuta geldituko dira espazio eta denbora koordenatuak.

Azpilagañan hautatutako eremuan, 5.463 biztanle bizi dira eta 2.247 etxebizitza daude. Batez besteko adina 43 urtekoa da. Artika Berriko eremuaren kasuan, 4.662 pertsona bizi dira eta 2.226 etxebizitza daude. Batez besteko adina 30 urtekoa da. Bi eremuetako emaitzetan aldaera bat erkatu ahal izateko helburuarekin, Azpilagañaren kasuan, gai organikoak biltzeko edukiontziak egunero ireki ahal izango dira, eta errefusaren frakziorako edukiontziak irekitzea asteko bizpahiru egunetara  mugatuko da (oraindik zehazteko dago). Artika Berrian, berriz, bi edukiontzi mota horiek egunero ireki ahal izango dira.

Emaitzak neurtzeko, hurrengo egunetan, lau edukiontzi motaren (gai organikoak, errefusa, ontziak, eta papera eta kartoia) bana-banako pisaketak egiten hasiko da, hartara, zehatz-mehatz jakiteko zein den abiapuntuko egoera. Gainera, maiatzean, irailean eta azaroan osaeraren analisiak egingo dira, frakzioetako bakoitzean desegokiak diren hondakinen presentziaren bilakaera baloratzeko. 

%50eko bilketa bereizia: 2020rako helburua

Mankomunitateko lehendakari Aritz Ayesak gogorarazi du 2013 eta 2017 artean informazioa emateko eta sentsibilizatzeko kanpainak eta ekintzak egin direla, gai organikoak bereiztea bultzatzeko. Emaitza moduan, 71.000 etxebizitzak eman dute izena bilketa honetan, hau da, Iruñerriko etxebizitza guztien %46k. Dena den, 5. edukiontziaren bidez biltzen diren gai organikoak %16 baino ez dira, sortzen den materiala kontuan hartuta. Horrek esan nahi du sortzen diren gai organiko guztietatik (51.000 tona) 44.000 tona marroia ez den beste edukiontzi batzuetara botatzen direla; ia denak, errefusaren edukiontzira. 

Beste alde batetik, “Nafarroako Hondakinen Planak zehazten du 2020an gai organikoen %50 bildu beharko direla bereiz eta 2027an %70 izan beharko dutela hala bilduko direnek. Horrenbestez, une honetan ez gaude helburu horiek lortzeko moduan”, zehaztu du Ayesak. 

Mankomunitateko lehendakariak ohartarazi duenez, deskribatu den egoera kezkagarria da, eta administrazioek eta herritarrek konpromisoz jardutea eskatzen du. “Egoera hau desblokeatuko duten erabakiak hartu behar ditu administrazioak”, nabarmendu du. Horrez gain, informazioa ematen eta sentsibilizatzen jarraitu behar da, herritarrei helarazteko jokaera aldatu behar dela, herritar guztion inplikazioa ezinbestekoa baita Hondakinen Planean jasota dauden helburuak lortzeko. “Frakzio guztiak berreskuratzea hobetu behar da, baina orain urgentziazkoa gai organikoen bilketa bereizia hobetzea da”, adierazi du Ayesak.

Beste hiri batzuetako antzeko esperientziei dagokienez, esan behar da kasuak ez direla asko, une hauetan ezartzen ari baitira, eta ez dagoela estrapolatu ahal den kasu bakar bat ere, Iruñerriko antzeko biztanleriarekin. Nolanahi ere, ekainean hasiko den proba pilotua zehazteko erreferentzia izan diren hiru esperientzia aipatu ditu lehendakariak. Zehazki, Brescia eta Imolako kasuak (Italia) eta Sasieta Mankomunitatekoa, Beasainen (Gipuzkoa), azaldu ditu.

Ekainean hasiko den IMren proba pilotua erakundeak 2017an hasi zuen Urteko Kudeaketa Planetik eratorri da. IMko lehendakariak argitu du, halaber, ez dela aurreikusten zehapen neurririk esperientzia honekin lotuta, eta, gainera, txartela ez dela kontrolatzeko neurri bat, bilketaren emaitzak baloratzeko analisirako tresna bat baizik. Esperientzia pilotua egun ezarrita dagoen bilketa sistemaren gainean egingo da, eta, hortaz, ez dago orain arte egindakoaren itzultze-kosturik: edukiontziak irekitzeko ezaugarriak aldatuko dira, baina ez azpiegitura, edukiontzien kokapena edo kopurua. 

Beste albiste batzuk