Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2013/03/14

Etxeko olio erabilia jasotzeko guneen sare berria

Sare berriaren bidez, etxeko olio erabilia Iruñerriko 23 gunetan utzi ahal izango da.

Etxeko olio erabilia jasotzeko guneen sare berri batek aukera emango du hurrengo sei hilabeteetan (esperientzia pilotu moduan) Iruñeko Eroski hipermerkatura eta Iruñerriko 22 Eroski supermerkatuetara eramateko olioa. 

Nafarroako Elikagaien Bankurako egiten den bilketan erabiltzen den azpiegitura baliatuko da olio bilketa honetarako, eta, horrenbestez, ekimen honek ez dio kostu gehigarririk eragingo Iruñerriko Mankomunitateari. Esperientzia pilotuko sei hilabeteak igarotzen direnean, eta sisteman egin daitezkeen hobekuntzak eta doikuntzak identifikatu eta gero, egun Elikagaien Bankurako bilketan parte hartzen duten supermerkatu guztietara hedatuko da olioa biltzeko sare hau. 

Aste honetatik aurrera, sukaldeko olio erabilia ontzi itxi batean gordetzen duten erabiltzaileek (hobe da ontzia plastikozkoa izatea) horretarako egokitu diren 23 guneetako batean utzi ahal izango dute. Gune horietako bakoitzean edukiontzi bat egongo da, behar bezala seinaleztatuta. Gainera, saltoki horietan etiketa itsasgarri batzuk emango dizkiete, eta, hartara, erabiltzailearen datu pertsonalak idatzita identifikatuko da ontzi bakoitza. Hori eginez gero, hilero egingo den zozketan parte hartzeko modua izango dute, eta, beraz, 50 euroko hamar erosketa txarteletako bat edo 100 euroko erosketa txartela irabazteko aukera.

Sukaldeko olio erabiliak ura asko kutsatzen du, harraskatik botatzen badugu. Horrenbestez, garapen iraunkorrean lagundu ahal dugu, horrelako gune batera eramanez gero, hondakin dena lehengai bihurtzen baita, bigarren belaunaldiko biodiesela egiteko. Biodiesela bioerregai ekologikoa da, ingurumena errespetatzen duena.

Sare berri honen aurkezpenean hauek parte hartu dute: José Muñoz Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, Anabel Zariquiegui Iruñeko Eroski hipermerkatuko zuzendari kudeatzaileak, Alfonso Fanjul Ekograseko zuzendari komertzialak eta Carmen Lainez Iruñerriko Mankomunitateko Hondakinen arloko zuzendariak.

Aurkezpen ekitaldian Mankomunitateko lehendakari José Muñozek adierazi du “erakunde erkidetuak etengabe hobetzeko duen bokazioak” azaltzen duela etxeko olio erabilia birziklatzea errazago eta erosoago egiteko bilketa sare hau ezartzea, gehitu duen moduan “uztea erraza izatea faktore giltzarrietako bat baita etxebizitzetan hondakinak bereiztean emaitza onak lortzeko”. 

Hitza hartu duenean, Iruñeko Eroski hipermerkatuko zuzendari kudeatzaile Anabel Zariquieguik esan du “etxeko olio erabilia jasotzeko sare berri hau beste pauso bat” dela kontsumo arduratsuagoa lortzeko gure ingurune honetan. Horrez gain adierazi du Iruñerriko Mankomunitatearekin batera garatutako ekimen hau “Eroskik ingurumenarekin eta Nafarroarekin duen konpromisoaren barnean” dagoela.

 

Beste albiste batzuk