Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2013/04/05

Etxean konposta egiteko kanpaina berria

Kanpaina hauei esker, 1.600 familiak baino gehiagok konposta egiten dute gai organikoekin Iruñerriko Mankomunitatearen kudeaketa esparruan.

Iruñerriko Mankomunitateak martxan jarri du etxean konposta egiteko zortzigarren kanpaina. Aurreko ekitaldietan bezala, Mankomunitateak hiri hondakinak kudeatzeko duen esparruan bizi diren boluntarioentzat da kanpaina; etxean bertan hondakin organikoak konpost bihurtu nahi dituztenentzat, hain zuzen. 

Etxeek ohiko bizilekua izan behar dute, eta, gutxienez, 50 m2 -ko lorategia edo baratzea izan behar dute. Ekimenean parte hartu nahi dutenek maiatzaren 3a baino lehen eman beharko dute izena, ondokoen bidez: Mankomunitateko webgunea edo 948 42 32 42 telefonoa.

Gogorarazi behar zaie etxeko edo auzoko konposta egiteko interesa duten herritarrei Mankomunitatearen webgunean dagoen atal espezifikora sar daitezkeela. Atal horretan jarduera hauei buruzko informazioa daukate, eta bai Iruñerriko Mankomunitateak antolatutako kanpainetan parte hartzeko inskripzio formularioa ere.

Zortzigarren kanpaina honen harira, Mankomunitateak laguntza eskatu die eskualdeko udalei etxean konposta egiteak dituen ingurumen eta ekonomia abantailak zabaltzeko. Gainera, informazioa emateko kartel batzuk bidali dizkie, eraikin publikoetan, paneletan edo beste euskarri batzuetan jartzeko.

2006. urteaz geroztik ari da Mankomunitatea garatzen etxean konposta egiteko kanpainak, Ingurumen Ministerioarekin lankidetzan egin zuen esperientzia pilotu baten ondorioz. Hain zuzen, 1.600 familiak baino gehiagok egiten dute konposta sukaldeko hondakinak baliatuta Mankomunitatearen kudeaketa esparruan. Batez beste familia horietako bakoitzak urtean sukaldeko hondakinen 250 kilogramo birziklatzen dituela jotzen da, eta, beraz, guztira hondakin biodegradagarrien 40 tona.

ETXEAN KONPOSTA EGITEAREN ALDE ONAK 

Konpostatzen denean hondakin organikoei deskonposatze aerobio kontrolatuko prozesu bat egiten zaie, eta prozesu horren ondorioz, substantzia organiko aberatsa lortzen da, mea, elikagai eta mikroorganismo asko dituena: konposta. Naturan humusa sortzen duen deskonposatze prozesuaren bertsio azeleratua da. Humusa, hain zuzen, lurzoruen kalitatearen arduraduna da: elikagaien aberastasuna, argia  eta hezetasuna egoki xurgatzea, aireztatzea eta drainatzea.

Konposta hiru modutara egin daiteke: industrialki, taldeka eta bakarka. Industriala konpostatzeko plantetan egiten duten konpostari dagokio. Taldekakoa da ikastetxeetan edo lorategietan egiten dena, komunitatearen gune bat konpartitzen duten herritarren artean –kasu honetan ere Iruñerriko Mankomunitateak abian ditu ekimenak–. Eta bakarkakoa da etxean egiten dena, terrazan, lorategian, baratzean edo beste edozein toki egokitan. Etxean eta lorategian sortutako hondakinen kantitate txiki bat erabiltzen da etxeko konposta egiteko, ez du garraiatzeko kosturik eta ez da tresna konplexurik behar. Gainera, egiten den konposta berehala erabil daiteke.

Etxean konposta egitea praktika erosoa eta ekologikoa da: hondakin organikoen pisua eta bolumena murrizten du, kalitate bikaineko ongarri naturala da, ongarri kimikoak osatzeko egokia, eta lorategiaren edo baratzearen zikloa amaitzen du, landareetarako elikagaiak berreskuratuta.

 

Beste albiste batzuk

  • Mantentzeko eta garbitzeko premiazko zereginen ardura izaten jarraitzen du IMk.
  • Iruñerrian konposta egiten duten pertsona guztiek parte har zezaketen lehiaketan
  • Azpiegiturak milioi bat euroko aurrekontua izan du, eta NILSA sozietate publikoak finantzatu du