Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2016/04/07

Etxean konposta egiteko kanpaina berri baterako deialdia egin du Mankomunitateak

Izena emateko epea apirilaren 29an amaituko da, eta prestakuntza emateko saioak maiatzaren 6an eta 7an izango dira.

Irekita dago etxean konposta egiteko hamaikagarren kanpainan izena emateko epea. Mankomunitateak hiri hondakinak kudeatzeko duen esparruan bizi diren pertsona guztiek parte har dezakete, baldin eta etxean bertan hondakin organikoak konpost bihurtu nahi badituzte. Hain zuzen, interesdunek izena emateko epea apirilaren 29a bitartekoa da.

Horretarako, boluntarioen etxeek ohiko bizilekua izan behar dute, eta, gutxienez, 50 m2-ko lorategia edo baratzea eduki behar dute. Zehazki, ekimenean parte hartzeko eskaera egin ahal izango dute, edo Mankomunitatearen webgunearen bidez (www.mcp.es), edo 948 42 32 42 telefono zenbakira deituta.

Webgunearen kasuan, etxeko konposta egiteko interesa duten herritarrak Mankomunitatearen webgunean dagoen atal espezifikora sar daitezke. Atal horretan jarduera hauei buruzko informazioa daukate, eta Iruñerriko Mankomunitateak antolatutako kanpainetan parte hartzeko inskripzio formularioa bete dezakete.

Aurreko ekitaldietan bezala, prestakuntza emateko saio batzuk egingo dira familia boluntarioentzat. Zehazki, maiatzaren 6an eta 7an egingo dira, ostirala eta larunbata, Atarrabiako San Andres Errotan. Gainera, hondakinak ongi kudeatu ahal izateko behar diren materialak emango zaizkie saio horietan.

Hamaikagarren kanpaina honen harira, Mankomunitateak laguntza eskatu die Iruñerriko udalei etxean konposta egiteak dituen ingurumen eta ekonomia abantailak zabaltzeko. Gainera, informazioa emateko kartel batzuk bidali dizkie, eraikin publikoetan, paneletan edo beste euskarri batzuetan jartzeko.

Azken ekitaldian, 2015ean egina, 107 familiak eman zuten izena. Egun, hamar kanpaina egin eta gero, 1.992 familiak egiten dute konposta sukaldeko hondakinak baliatuta Mankomunitatearen kudeaketa esparruan. Batez beste familia horietako bakoitzak urtean sukaldeko hondakinen 230 kilogramo birziklatzen dituela jotzen da, eta, beraz, guztira 460 tona urtean.

AUZOKO KONPOSTAJEA 16 HERRITAN 

Konpostatzen denean hondakin organikoei deskonposatze aerobio kontrolatuko prozesu bat egiten zaie, eta prozesu horren ondorioz, substantzia organiko aberatsa lortzen da, mea, elikagai eta mikroorganismo asko dituena: konposta. Naturan humusa sortzen duen deskonposatze prozesuaren bertsio azeleratua da. Humusa, hain zuzen, lurzoruen kalitatearen arduraduna da, eskaintzen dituen propietateei esker: elikagaien aberastasuna, argia  eta hezetasuna egoki xurgatzea, aireztatzea eta drainatzea.

Konposta hiru modutara egin daiteke: industrialki, taldeka eta bakarka. Industriala konpostatzeko plantetan egiten duten konpostari dagokio. Taldekakoa da ikastetxeetan edo lorategietan egiten dena, gune komun bat konpartitzen duten herritarren artean –kasu honetan, Iruñerriko 16 herritan egiten da, horretarako egokituta dauden 32 gunetan–. Eta bakarkakoa da etxean egiten dena, sukaldean eta lorategian sortutako hondakinen kantitate txiki bat erabilita. Ez du garraiatzeko kosturik eta ez da tresna konplexurik behar. Gainera, egiten den konposta berehala erabil daiteke.

Etxean konposta egitea praktika erosoa eta ekologikoa da: hondakin organikoen pisua eta bolumena murrizten du, kalitate bikaineko ongarri naturala da, ongarri kimikoak ordezkatzeko egokia, eta ziklo naturala amaitzen du, landareetarako elikagaiak berreskuratuta.

GAI ORGANIKOEN BILKETA BEREIZIA 

Etxeko eta auzoko konpostajeak osatu egiten dute Mankomunitateak gai organikoen berariazko bilketaren bidez egiten duen lana. Gogoan izango denez, Iruñerriko gai organikoen gaikako bilketaren lehen esperientzia –bosgarren edukiontzia esaten zaionaren bidez biltzea– Barañainen egin zen, 2013ko azaroan. Bigarren fasean, 2014an, Iruñeko zenbait auzotara (Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña, Donibane eta Etxabakoitz) eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietara zabaldu zen.

2015ean, hirugarren fasean, Iruñeko gainerako auzoetara eta beste herri batzuetara hedatu zen, eta, horrenbestez, bilketa mota hau Iruñerriko hiri eremu guztietan egitea ekarri zuen. Amaitzeko, 2016an, bilketa mota hau Iruñerriko landa eremura zabalduko da. Bosgarren edukiontzia ezartzearekin batera, hain zuzen, etxeko eta auzoko konpostajea ere sustatuko dira bertan.

 

Beste albiste batzuk

  • Sadar kalean dagoen taxi-geraleku berria ere erabili ahal izango da, Nafarroa Arena pabiloiaren parean
  • Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea ordeztuko du zerbitzu horrek
  • Jaien ingurunean bildutako hondakinen kantitatea %9,09 handitu da, eta bildutako beiraren kantitatea, %26,59