Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2015/04/10

Etxean konposta egiteko hamargarren kanpaina

Bederatzi deialdiren ondoren, 2.000 familiak baino gehiagok egiten dute konposta sukaldeko hondakinak baliatuta Mankomunitatearen kudeaketa esparruan.

Zabalik dago etxean konposta egiteko hamargarren kanpainan izena emateko epea. Mankomunitateak hiri hondakinak kudeatzeko duen esparruan bizi diren pertsona guztiek parte har dezakete, baldin eta etxean bertan hondakin organikoak konpost bihurtu nahi badituzte. Hain zuzen, interesdunek izena emateko epea maiatzaren 4a bitartekoa da.

Horretarako, boluntarioen etxeek ohiko bizilekua izan behar dute, eta, gutxienez, 50 m2-ko lorategia edo baratzea izan behar dute. Ekimenean parte hartu nahi dutenek eskatu ahal izango dute, edo webgune honen bidez, edo 948 42 32 42 telefono zenbakira deituta.

Webgunearen kasuan, etxeko konposta egiteko interesa duten herritarrak Mankomunitatearen webgunean dagoen atal espezifikora sar daitezke. Atal horretan jarduera hauei buruzko informazioa daukate, eta Iruñerriko Mankomunitateak antolatutako kanpainetan parte hartzeko inskripzio formularioa bete dezakete.

Aurreko ekitaldietan bezala, prestakuntza emateko saio batzuk egingo dira familia boluntarioentzat. Zehazki, maiatzaren 8an eta 9an egingo dira, ostirala eta larunbata, Atarrabiako San Andres Errotan. Gainera, hondakinak ongi kudeatu ahal izateko behar diren materialak emango zaizkie saio horietan.

Hamargarren kanpaina honen harira, Mankomunitateak laguntza eskatu die Iruñerriko udalei etxean konposta egiteak dituen ingurumen eta ekonomia abantailak zabaltzeko. Gainera, informazioa emateko kartel batzuk bidali dizkie, eraikin publikoetan, paneletan edo beste euskarri batzuetan jartzeko.

Azken ekitaldian, 2014an egina, 158 familiak eman zuten izena. Egun, bederatzi kanpaina egin eta gero, 2.000 familiak baino gehiagok egiten dute konposta sukaldeko hondakinak baliatuta Mankomunitatearen kudeaketa esparruan. Batez beste familia horietako bakoitzak urtean sukaldeko hondakinen 230 kilogramo birziklatzen dituela jotzen da, eta, beraz, guztira 460 tona urtean.

ETXEAN KONPOSTA EGITEAREN ALDE ONAK

Konpostatzen denean hondakin organikoei deskonposatze aerobio kontrolatuko prozesu bat egiten zaie, eta prozesu horren ondorioz, substantzia organiko aberatsa lortzen da, mea, elikagai eta mikroorganismo asko dituena: konposta. Naturan humusa sortzen duen deskonposatze prozesuaren bertsio azeleratua da. Humusa, hain zuzen, lurzoruen kalitatearen arduraduna da, eskaintzen dituen propietateei esker: elikagaien aberastasuna, argia  eta hezetasuna egoki xurgatzea, aireztatzea eta drainatzea.

Konposta hiru modutara egin daiteke: industrialki, taldeka eta bakarka. Industriala konpostatzeko plantetan egiten duten konpostari dagokio. Taldekakoa da ikastetxeetan edo lorategietan egiten dena, gune komun bat konpartitzen duten herritarren artean –kasu honetan Iruñerriko 17 herritan egiten da jada–. Eta bakarkakoa da etxean egiten dena, sukaldean eta lorategian sortutako hondakinen kantitate txiki bat erabilita. Ez du garraiatzeko kosturik eta ez da tresna konplexurik behar. Gainera, egiten den konposta berehala erabil daiteke.

Etxean konposta egitea praktika erosoa eta ekologikoa da: hondakin organikoen pisua eta bolumena murrizten du, kalitate bikaineko ongarri naturala da, ongarri kimikoak ordezkatzeko egokia, eta ziklo naturala amaitzen du, landareetarako elikagaiak berreskuratuta.

Beste albiste batzuk

  • Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea ordeztuko du zerbitzu horrek
  • Jaien ingurunean bildutako hondakinen kantitatea %9,09 handitu da, eta bildutako beiraren kantitatea, %26,59
  • Aldaketaren arrazoi nagusia da urte sasoi honetan bidaiari kopurua nabarmen gutxitzen dela