Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2013/03/18

Eskualdean konpostatzeko abian dagoen praktika on batek Nafarroako Gobernuaren saria jaso du

Eskualdeko ibai parkeari buruzko beste praktika on bat Dubaiko nazioarteko sariketa batean nabarmendu dute.

Joan den ostegunean, martxoak 14, Landa Garapeneko Praktika Onen VII. Sariketako sariak banatu zituen Kondestablearen Jauregian Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuak.

Hain zuzen, ekitaldi horretan hiru praktika onenei diplomak eman zizkieten, horien artean Iruñerriko Mankomunitateak bultzatzen duen “Auzoko konpostajea Iruñerrian” izenekoari. Diploma Alfonso Amorenak jaso zuen, Iruñerriko Mankomunitatean Kalitatearen Kontrolaren, Ingurumenaren eta Laneko Arriskuen Prebentzioaren arduraduna baita.

Egindako lanak aurkezteko saio baten barnean eman zituzten diplomak. Zehazki, saioa hasteko José Luis Nicolásek –Nazio Batuen Habitat Batzordeko ordezkaria–, Andrés Eciolazak –Nafarroako Gobernuaren Ingurumen eta Uraren arloko zuzendari nagusia– eta Valentín Alzinak –Iruñeko Udaleko Ingurumen arloko zinegotzi berezia– hartu zuten hitza.

Saritu zituzten beste bi praktika onak hauek izan ziren: “Jai iraunkorrak” izenekoa, Antsoaingo Udalak bultzatua, eta “Zentzumenen Parkea – Lorenea” izenekoa, Noaingo-Elortzibarko Udalak bultzatua. Ekitaldian, gainera, aipamen bereziak eman zizkieten beste zortzi proiekturi eta sariketara aurkeztutako praktika on guztiak biltzen dituen katalogoa aurkeztu zuten.

Praktika onen katalogoa (PDF formatuan)

Nazioarteko aitorpena Dubain

Beste alde batetik, nabarmendu behar da Mankomunitatearen beste proiektu bat, “Ibai parkea, ardatz iraunkorra koexistentziarako Iruñerrian” izenekoa, Dubaiko nazioarteko sariketarako (Dubai International Award for Best Practices) praktika on gisa izendatu eta praktika onen datu basean sartu dutela. Datu base hori webgune honetan kontsultatu daiteke: http://www.unhabitat.org/bp/

Beste albiste batzuk