Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2018/10/05

Emausko Trapuketariek Berriozarreko guneko azoka eta ingurumen-gela aurkezten dituzte

Iruñerriko Mankomunitateak kudeatuko du ingurumen-gela

Gaur goizeko 10:30etan egindako ekitaldian oraindik osatzen ari den Berriozarko Emausko Trapuketarien Berrerabiltzeko eta Birziklatzeko Prestaketa Guneko azoka eta Iruñerriko Mankomunitateak bertan kudeatuko duen ingurumen-gela aurkeztu dira. Emausko Trapuketarietako koordinatzaile Jose Maria Garciak, Berriozarko alkate Raul Maizak eta Iruñerriko Mankomunitateko presidente Aritz Ayesak hartu dute parte aurkezpenean.

Gaur egun, Emausko Trapuketariek tamaina handiko hondakinak liburuak, altzariak, arropa eta bestelakoak berrerabiltzeko eta birziklatzeko gunea dute Saratsan. Horrez gain Nafarroako hainbat lekutan salmenta guneak dituzte. Orain, Berriozarren kokatutako 20.000 metro koadroko zentro berrian ehun-gaiak tratatzeko esparru bat izango da, bigarren eskuko azoka berria, eta aipatutako ingurumen-gela, ludoteka bat ere izango duena. Horrez gain, 2015ean Mankomunitatearekin batera abian jarri zen etxeko tresnak norberak konpontzeko “Hemen konpon” izeneko tailerra aurkituko dugu.

Azoka berrian bigarren eskuko liburuak, etxetresnak elektrikoak, altzariak eta arropa saltzeko hainbat leku izango dira eta larunbatero 10:30etatik 19:30etara zabalik izango da.

Behin zentro berri hori erabat egokitua izanda, egun Saratsan egiten den lana Berriozarko Berrerabiltzeko eta Birziklatzeko Prestaketa Gunera eramango da. 2019an inauguratzea espero da.

Berriozarko Berrerabiltzeko eta Birziklatzeko Prestaketa Gunea ekonomia zirkularraren aintzindari eredugarria da, 2014an Nafarroako Parlamentuak foru interesekotzat izendatu zuena. Gune honek prozesuak eta gauzen berrerabilpena hobetuko ditu, eta Emausko Trapuketarien helburu nagusiarekin bat dator, hainbat zailtasun dituzten pertsonei babesa eman, eta haientzako lanpostuak sortzen saiatuko baitira. 

jarduera egitaraua

Mankomunitateak Emausko Trapuketarien zentro berrian garatuko dituen jarduerak eskolei, taldeei eta bisitari arruntei zuzendutakoak izango dira eta baliabideak nola berrerabiltzen eta konpontzen diren erakutsiko diete.

Larunbatero, 11:00etan eta 12:00etan ehun-gaiak tratatzeko gunera eta bigarren eskuko azokara bisita egingo da. Ingurumen-gelan, berriz, kontsumo eta ekonomia zirkularrari buruzko ikus-entzunezkoak jarriko dira. Ludoteka ere zabalik egongo da larunbatero.

Lantegiei dagokienez, berrerabilpena izango dute helburu nagusia: kontsumoa, arropa nola prestatu berrerabili ahal izateko, etxeko tresnen konponketa, elektronika eta janaria probesteko sukaldaritza. Larunbatero eta ostegunero egingo dira.

Azkenik, ikastetxeek sentsibilizazio programa aproposa izango dute. Horren barruan Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako bisitak eskainiko dira.

Tamaina handiko hondakinen bilketari buruzko kanpaina 

Prentsaurrekoan Mankomunitateak gaur bertan abian jarriko den “Ez utzi bazterrera. No los abandones” sentsibilizazio kanpaina berria aurkeztu du. Kanpainaren helburua tamaina handiko hondakinak edukiontzietan eta haien inguruetan ez uztea da. Horren harira, Emauseko Trapuketarien lana nabarmendu nahi da eta aipatutako hondakin horien bilketa eta geroko tratamendua erraztu. Kanpainaren bidez, 4.000 triptiko banatuko dira garbigune finko eta mugikorren artean, IMren Herritarrontzako Arreta Zerbitzuan (SAC) eta Trapuketarien Berriozarko zentro honetan. Horrez gain, jendeak hondakinak gaizki uzten dituen tokietan itsasgarri bat jarriko da.

Emausko Trapuketariak irabazteko asmorik gabeko fundazio bat da, egun 250 langilek osatua. 1972tik egiten du lan Nafarroan, mankomunitate batzuekin sinatutako hitzarmenen bidez, eta haiek sortutako hondakinak kudeatzen ditu. 2017an, 10.000 tona hondakin bildu zituzten. Horien %83a inguru berreskuratu zuten. 
 

Beste albiste batzuk

  • 21 hirirako garraio publikoaren gaineko txosten bat da eta, bertan, Iruñeak lehendabiziko postua partekatzen du Bilborekin eta Logroñorekin...
  • Mankomunitateak aitortza izan du 2017ko kanpainan bilketan egin zuen kudeaketarengatik
  • Aurreikusita dago hurrengo egunetan gaizki dauden 17 makal moztea, erortzeko arriskua dutelako