Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2020/04/24

E. Leclerc eta Eroskiko garbigune finkoetako ateak berriro zabalduko dira astelehenetik aurrera, hilak 27

Haietara joaten diren eta haietan lan egiten duten pertsonen segurtasuna babestera bideratutako hainbat neurri ezarri du IMk

Hurrengo astelehenetik aurrera, martxoak 27, E. Leclerceko eta Eroskiko garbigune finkoak berriro ere etxeetako hondakin bereziak biltzeko zerbitzua ematen hasiko dira, koronabirusaren krisiaren ondorioz joan den martxoaren 16an bertan behera gelditu baitzen haien jarduera. Bi garbigune horiek 11:00etatik 19:00etara egongo dira irekita, astelehenetik larunbatera. Argi adierazi behar da astelehenean soil-soilik bi garbigune finko horiek zabalduko direla, supermerkatu handien jardunari lotuta baitaude, eta, horrenbestez, jarduerarik gabe jarraituko dutela hala Burlatako garbigune finkoak nola garbigune mugikor guztiek.   

Ezin izango da tamaina handikorik eraman

Mankomunitateak ohartarazi nahi du garbiguneetara ezin izango dela tamaina handikorik eraman, ez eta pertsona bakar batek maneiatu ezin dezakeen objekturik ere.

Gainera, neurri batzuk ezarri dira, eta herritarrek bete egin beharko dituzte etxeetako hondakin bereziak instalazio horietara eramatean:

  • Garbigunera maskara jantzita joatea gomendatzen da.
  • Instalaziora sartzea eta bertatik ateratzea kudeatzeaz arduratuko da garbiguneko langile bat. Beste langile batek, instalazioaren barnealdean, hondakinak nola bota behar dituzten jakiteko orientatuko ditu herritarrak. Hartara, instalazioa erabili nahi dutenek langileen ohar eta argibideei jaramon egin beharko diete.
  • Zain egon behar izatea gertatzen bada, gune seguru bat egongo da antolatuta eta kudeatuta, garbigunearen kanpoaldean, gehienez ere hiru lagun hartzeko modukoa, eta bertan pertsonen arteko bi metroko gutxieneko distantziari eutsiko diote. Gertatzen bada uneren batean erabiltzaile gehiago dagoela zain, aparkalekuko guneetan edo beren autoen barnean egon beharko dute.
  • Ezin izango da instalazioaren barnealdean sartu, bertako langileek egiteko adierazi arte. Gainera, erabiltzaileak garbigunean sartzea eta bertatik ateratzea ate desberdinetatik egingo da.
  • Une oro eutsi beharko zaio garbigunean lan egiten duten pertsonekiko bi metroko segurtasun-distantziari.
  • Garbigunera joaten diren herritarrak arduratuko dira hondakinak edukiontzi desberdinetan botatzeaz.
  • Irteeran, gel desinfektatzailea egongo da herritarren eskura, eskuak garbitzea errazteko.

Nabarmendu behar da bi garbigune horiek maiz garbitu eta desinfektatuko dituztela Iruñerriko Zerbitzuak, SA sozietateko langileek (SCPSA).

Egunero garbitzea 680 bilketa-gune

Beste alde batetik, Mankomunitateak gogora ekarri nahi du, Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Osasun Institutuaren aginduei jarraituz, indartu egin dela edukiontzien eta haiek hartzen dituzten lekuen garbiketa eta desinfekzioa, Iruñerriko bide publikoetan. Egunero, batez beste, 680 bilketa-gune garbitzen dira, guztira 4.000 edukiontzi dituztenak gutxi gorabehera.

Horretarako, urez garbitzeko makinen lau ekipo eta edukiontziak garbitzeko hiru txanda jarri dira martxan, eta, hartara, urte osoan lan egiten duten sei zerbitzuei gehitu zaizkie. Bertan behera utzitako zerbitzuetako langileak aritzen dira (garbigune mugikorrak, nagusiki), eta SCPSAren jabetzakoak diren ibilgailuekin txandak bikoiztu dira. Horrez gain, Antsoaingo Udalak arratsaldeko txandan lagatako urez garbitzeko makina bat ere erabiltzen da.

Beste alde batetik, Iruñeko Udalarena den makineria erabilita, arratsaldeko txandan, Iruñerriko landa-eremuko herrietan edukiontziak, beren kokalekuak eta igarobide-guneak garbitu eta desinfektatzen dira. Zerbitzu hori, hain zuzen, Iruñeko Udaleko garbiketa-kontratuko langileekin, SCPSAren bilketa-kontratukoekin eta FCCren materialarekin egiten da.

Beste albiste batzuk

  • Lauhilekoaren amaieran ordainduko litzateke itxialdiak ukitutako egunei dagokien fakturaren zatia
  • COVID-19aren aurka egiteko Nafarroako Gobernuak agindutako neurrien artean ezarrita dago Hiri Garraioan gehieneko edukiera %50ekoa izango...
  • Kostuak ordaintzera zigortu du alderdi demandatua, Nafarroako Kontratuen Administrazio Auzitegia