Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2015/05/04

Bosgarren edukiontziaren hirugarren fasea hasi da, Sanduzelain, Buztintxurin, Artikan eta Artika Berrin

Gaur eta asteazkena artean 123 edukiontzi instalatuko dira: 53 Sanduzelain, 31 Buztintxurin eta 39 Artikan eta Artika Berrin

Gaur, astelehena, gai organikoen gaikako bilketari ekin zaio Iruñeko Sanduzelai auzoan, eta, horrenbestez, bosgarren edukiontziaren hirugarren fasea abiarazi da. Hartara, hirugarren fase honetan, Iruñeko gainerako tokietara eta Iruñerriko hainbat herritara iritsiko da bilketa mota hau. Hain zuzen, gaur, astelehena, edukiontzi berriak Sanduzelain kokatuko dira; bihar, maiatzak 5, asteartea, Buztintxurin; eta etzi, asteazkena, Artikan eta Artika Berrin.

Gogoan izango denez, bilketa mota honen lehen esperientzia Barañainen egin zen, 2013ko azaroan, eta bigarren fasean, 2014an, Iruñeko zenbait auzotara (Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña, Donibane eta Etxabakoitz) eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietara zabaldu zen. 

Hirugarren fase honetan, bilketa bi etapatan ezarriko da: lehena maiatz eta ekain artean egingo da, eta bigarrena, irail eta abendu artean. Guztira, 1.511 edukiontzi jarriko dira, modelo berri batekoak (albotik kargatzekoak eta 2.400 litroko edukierakoak), eta, hortaz, 2013an eta 2014an jarritakoetatik desberdinak (atzetik kargatzekoak eta 1.000 litroko edukierakoak). Dena den, modelo berri horren lehen hornitzeekin lotutako arazo tekniko baten ondorioz, egun hauetan, eta behin-behinean, atzetik kargatzeko edukiontziak kokatuko dira, orain arte erabilitakoak bezalakoak.

Horrenbestez, beste 99.706 etxebizitzak edukiko dute eskura bosgarren edukiontzia, eta, aurreko faseetakoei gehituta, guztira, 142.473 etxebizitza izango dira.

III. fase honetan ezartzeko egutegia

Udaberriko kanpainan, ezartzeko egunak hauek izango dira:

  • Maiatzak 4: Sanduzelai, Artika, Artika Berri, Buztintxuri

  • Maiatzak 25: Arrotxapea

  • Ekainak 15: Antsoain, Txantrea, Magdalena

Udazken-neguko kanpainan, berriz, ezartzeko egunak hauek izango dira:

  • Irailak 7: Erripagaña, Mendillorri 

  • Irailak 28: Burlata, Atarrabia, Uharte

  • Urriak 13: Gorraitz, Olatz, Olloki, Sarriguren

  • Urriak 26: I. eta II. zabalguneak, Alde Zaharra, Belosogoiti

  • Azaroak 9: Azpilagaña, Milagrosa, Andre Maria Erregina, Sadar, Lezkairu

  • Azaroak 23: Mutiloa, Cordovilla, Beriain, Noain

  • Abenduak 7: Arre, Berriozar, Orkoien

Aurreko faseetan gertatu zen moduan, bilketa programan familia boluntarioek parte hartzen dute. Dena den, gogora ekarri behar da gai organikoak berreskuratzea legeriak ezarritako erantzukizun bat dela. Esperientziaren helburua da kalitate oneko gai organikoak botatzea, desegokiak diren materialak bota gabe, berariazko edukiontzi marroi batera. Edukiontzi horren izena “Gai organikoak” da, eta ekimenean parte hartzeko izena eman duten herritarrei eman zaien giltza batez baino ezin da ireki. 

Era berean, “gainerakoen” frakzioa (gai organikoak ez diren materialak eta lehen edukiontzi berdera botatzen zirenak) edukiontzi berdera bota behar da. Edukiontzi berde horretan “Gainerakoak” izena jartzen du.

3.120 etxebizitza izena emanda eta 123 edukiontzi

Gai organikoak bildu ahal izateko, gaur eta asteazkena artean 123 edukiontzi kokatuko dira lau eremuetan dauden bilketa guneetako bakoitzean. Zehazki, gaur, astelehena, 53 edukiontzi kokatuko dira Sanduzelain; bihar, asteartea, 31 unitate jarriko dira Buztintxurin; eta etzi, asteazkena, 39 unitate jarriko dira Artikan eta Artika Berrin. 

Atzo arte 3.120 etxebizitza zeuden izena emanda lau eremu horietan, beraz, etxebizitza guztien (11.571) %27. Etxebizitza horietatik 1.454 Sanduzelaikoak dira (auzoko etxebizitzen %26,8), 993 Buztintxurikoak (%24,2), 110 Artikakoak (%50,9) eta 204 Artika Berrikoak (%11,2). Dena den, ziur asko, portzentaje horiek handitu egingo dira hurrengo egunetan, Mankomunitateko teknikariak eremu horietako 3.873 etxebizitzatara joatekoak baitira aste honetan. Gai organikoen bilketa ezartzeko I. eta II. faseetan, gutxi gorabehera, izena emandakoen portzentajea %45ekoa izan zen.

Edonola ere, gogorarazi behar da herritarrek gai organikoen bilketan izena eman ahal izango dutela edozein unetan. 

Hainbat bide izena emateko

Hainbat bide egokitu da lehen aipatu diren eremu horietan bizi direnek argibideak eskuratu ditzaten eta izena eman dezaten:

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren telefonora deitzea (948 42 32 42), astelehenetik ostiralera, 07:30 eta 18:00 artean.

  • WhatsApp mezu bat bidaltzea, “Bilketa organikoan izena eman” adierazita, 628 44 88 44 telefono zenbakira (ondoren, deia jasoko du interesa duenak, izen-ematea formalizatzeko behar diren datuak galdetzeko).

  • On line egitea, Mankomunitatearen webgunetik lotura honetan.

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan egitea, Navas de Tolosa kalearen 29.ean, behealdean, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 15:00etara.

  • Era berean, informazio gune ibiltarietara joatea, haietako bakoitzerako ezarritako aldien barnean.

  • Amaitzeko, bilketaren hirugarren fase honen barneko herri eta auzoetara joaten diren garbigune mugikorretan ematea izena.

Izena eman eta handik egun batzuetara teknikariak etxebizitzetara joaten dira, eta edukiontzia ireki ahal izateko giltza, berariazko ontzi bat eta informazio material batzuk banatzen dituzte.  

Bilketa berria ezartzearekin batera, kanpaina bat egingo da, eta, hortaz, hainbat jolas eta informazio jarduera. Zehazki, kanpainaren agenda lotura honetan kontsultatu daiteke.

 

Beste albiste batzuk

  • Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua
  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea