Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2014/10/10

Astelehenean, urriak 13, gai organikoak bosgarren edukiontziaren bidez biltzen hasiko dira Iturraman, Ermitagañan eta Mendebaldean

Igandean 185 edukiontzi kokatuko dira: 130 Iturraman, 24 Ermitagañan eta 31 Mendebaldean. Hiru auzoetan, 6.994 etxebizitzak eman duten izena.

Heldu den astelehenean, urriak 13, gai organikoen bilketa hasiko da Iruñeko Iturrama, Ermitagaña eta Mendebaldea auzoetan, eta, horrenbestez, Barañainen 2013ko azaroan abiatu zen esperientziaren ondotik, bosgarren edukiontziaren bigarren etapa jarriko da martxan. 

Herri horretan egin zen moduan, programaren hasiera honetan familia boluntarioek parte hartuko dute. Dena den, gogora ekarri behar da gai organikoak berreskuratzea legeriak ezarritako erantzukizun bat dela. Esperientziaren helburua da kalitate oneko gai organikoak botatzea, desegokiak diren materialak bota gabe, berariazko edukiontzi marroi batera. Edukiontzi horren izena “Gai organikoak” da, eta ekimenean parte hartzeko herritarrei eman zaien giltza batez baino ezingo dute ireki. 

Era berean, “gainerakoen” frakzioa (gai organikoak ez diren materialak eta lehen edukiontzi berdera botatzen zirenak) edukiontzi berdera bota beharko da. Edukiontzi berde horretan “Gainerakoak” izena jarriko du.

6.994 etxebizitza izena emanda eta 185 edukiontzi berri

Gai organikoak bildu ahal izateko, igandean 185 edukiontzi kokatuko dira guztira bilketarako guneetan, hiru auzoetan. Hain zuzen ere, igandean, egunez, 130 edukiontzi instalatuko dira Iturraman, eta igandetik astelehenerako gauean, 24 unitate instalatuko dira Ermitagañan eta 31 Mendebaldean.

Atzo arte (osteguna) 6.994 etxebizitza zeuden izena emanda, hiru auzoetan, eta, beraz, etxebizitzen %47,5 (14.724). Etxebizitza horietatik 4.766 Iturraman daude (auzoko etxebizitzen %48,4), 1.288 Ermitagañan (%61,1) eta 940 Mendebaldean (%34).

Ermitagaña, Iturrama eta Mendebaldea auzoetako bilketa honek bosgarren edukiontziaren bigarren faseari emango dio hasiera. Ondoren, Donibane eta Etxabakoitz auzoetan egingo da (heldu den azaroaren 3tik aurrera) eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietan (hurrengo azaroaren 24tik aurrera). Gaurdaino, auzo eta herri horietako datuak hauek dira: 190 etxebizitzak eman dute izena Etxabakoitzen, 162k Donibanen, 31k Zizur Txikian eta 162k Zizur Nagusian.

Gogorarazi behar da herritarrek gai organikoen bilketan parte hartzeko edozein unetan eman dezaketela izena. Izan ere, irailaren 19az geroztik izena emateko dagoen kanpainan, 247 etxebizitzak eman dute izena Barañainen parte hartzeko, nahiz eta aurreko urteko azaroan hasi zen bilketa herri horretan. Hartara, herri horretan 3.480 etxebizitzak parte hartzen dute (etxebizitza guztien %44,8).

Hainbat bide izena emateko

Hainbat bide egokitu da bigarren fase honetako eremu horietan bizi direnek argibideak eskuratu ditzaten eta izena eman dezaten:

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren telefonora deituta egin daiteke (948 42 32 42), astelehenetik ostiralera, 07:30 eta 18:00 artean.
  • WhatsApp mezu bat bidal daiteke, “Bilketa organikoan izena eman” adierazita, 628 44 88 44 telefono zenbakira (ondoren, deia jasoko du interesa duenak, izen-ematea formalizatzeko behar diren datuak galdetzeko).
  • On line egin daiteke, Mankomunitatearen webgunetik lotura honetan.
  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan ere egin daiteke, Navas de Tolosa kalearen 29.ean, behealdean, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 18:00etara.
  • Era berean, auzo desberdinetan eta herrietan egokitu diren informazio gune finkoetara joan daiteke, haietako bakoitzerako ezarritako aldien barnean.
  • Informazio gune mugikorretan ere egin daiteke, haietako bakoitzerako ezarritako aldien barnean.
  • Amaitzeko, bilketaren bigarren fase honen barneko herri eta auzoetara joaten diren garbigune mugikorretan ere eman daiteke izena.

Izena eman eta handik egun batzuetara Mankomunitateko teknikariak etxebizitzetara joaten ari dira, eta edukiontzia ireki ahal izateko giltza, berariazko ontzi bat eta informazio material batzuk banatzen ari dira. 

Bilketa berria ezartzearekin batera, kanpaina bat ari da egiten, hainbat jolas eta informazio jarduerarekin. Hain zuzen, agenda Mankomunitatearen webgune honetan kontsultatu daiteke.

Gai organikoen tratamendua

Iruñerrian bildutako gai organikoak biometanizazio planta batera bideratzen dira, han tratatzeko. Instalazio horretan gai organikoei prozesu bat egiten zaie, eta, ondorioz, frakzio solidoa edo digestatoa lortzen da, nekazaritzan kalitate oneko ongarri gisa erabiltzeko. Horrez gain, prozesuan biogasa baliatzen da, beroa sortzeko (prozesuan berriro erabiltzen da) eta elektrizitatea (banaketa sareari saltzen zaio).

 

Beste albiste batzuk

  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea
  • Goñi / Ollaran eremuko hautagai independenteak 29 boto eskuratu ditu, eta Echeverríak (Navarra Suma), 23
  • Eguneko gutxieneko zerbitzuak %60koak izango dira puntako orduetan eta %40koak ordu lasaietan