Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2015/09/04

Astelehenean, irailak 7, gai organikoen bilketa hasiko da Erripagañan eta Mendillorrin

83 edukiontzi kokatuko dira astelehena eta asteazkena artean

Irailaren 7an, astelehena, gai organikoen gaikako bilketa hasiko da Erripagañan eta Mendillorrin. Bi auzo horiek –horietan hasiko da udazkeneko kanpaina– Sanduzelai, Buztintxuri, Artika, Artika Berri, Arrotxapea, Antsoain eta Txantreari gehituko zaizkie, bosgarren edukiontziaren III. fase honetan, eta, beraz, bilketa mota hau Iruñeko gainerako auzoetara eta Iruñerrira zabaltzea ekarriko dute.

Gogoan izango denez, bilketa mota honen lehen esperientzia Barañainen egin zen, 2013ko azaroan, eta bigarren fasean, 2014an, Iruñeko zenbait auzotara (Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña, Donibane eta Etxabakoitz) eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietara zabaldu zen.

Hirugarren fase honetan, bilketa bi etapatan ezartzen ari da: lehena maiatz eta ekain artean egin zen, eta bigarrena, orain hasiko dena, abendu artekoa izango da. Guztira, 1.511 edukiontzi jarriko dira, modelo berri batekoak (albotik kargatzekoak eta 2.400 litroko edukierakoak), eta, hortaz, 2013an eta 2014an jarritakoetatik desberdinak (atzetik kargatzekoak eta 1.000 litroko edukierakoak). Modelo zahar horretako edukiontziak abenduan zehar ordezkatu dira.

Horrenbestez, beste 99.647 etxebizitzak edukiko dute eskura bosgarren edukiontzia, eta, aurreko faseetakoei gehituta, guztira, 142.414 etxebizitza izango dira.

III. fase honetan ezartzeko egutegia. Alde Zaharrean ezartzea atzeratu egingo da

Udaberriko kanpainan, egun hauetan abiarazi ziren bilketak:

• Maiatzaren 4an: Sanduzelai, ArtiKa, Artika Berri, Buztintxuri
• Maiatzaren 25ean: Arrotxapea
• Ekainaren 15ean: Antsoain, Txantrea

Udazken-neguko kanpainan, aurreikusita dagoenez, egun hauetan abiaraziko dira bilketak:

• Irailaren 7an: Erripagaña, Mendillorri
• Irailaren 28an: Burlata, Atarrabia, Uharte
• Urriaren 13an: Gorraitz, Olatz, Olloki, Sarriguren
• Urriaren 26an: I. eta II. zabalguneak, Belosogoiti
• Azaroaren 9an: Azpilagaña, Milagrosa, Andre Maria Erregina, Sadar, Lezkairu
• Azaroaren 23an: Mutiloa, Cordovilla, Beriain, Noain
• Abenduaren 7an: Arre, Berriozar, Orkoien eta Alde Zaharra

Adierazi behar da, arrazoi logistikoen ondorioz, Alde Zaharrean abenduaren 7an abiaraziko dela bilketa, eta ez urriaren 26an, hasiera batean aurreikusita zegoen moduan.

Aurreko faseetan gertatu zen moduan, bilketa programan familia boluntarioek parte hartzen dute. Dena den, gogora ekarri behar da gai organikoak berreskuratzea legeriak ezarritako erantzukizun bat dela. Esperientziaren helburua da kalitate oneko gai organikoak botatzea, desegokiak diren materialak bota gabe, berariazko edukiontzi marroi batera. Edukiontzi horren izena “Gai organikoak” da, eta ekimenean parte hartzeko izena eman duten herritarrei eman zaien giltza batez baino ezin da ireki.

Era berean, “gainerakoen” frakzioa (gai organikoak ez diren materialak eta lehen edukiontzi berdera botatzen zirenak) edukiontzi berdera bota behar da. Edukiontzi berde horretan “Gainerakoak” izena jartzen du.

2.670 etxebizitza izena emanda eta 83 edukiontzi

Gai organikoak bildu ahal izateko, astelehena eta asteazkena artean 83 edukiontzi kokatuko dira Erripagañan (20) eta Mendillorrin (63) dauden bilketa guneetan.

Atzo arte 2.670 etxebizitza zeuden izena emanda eremu horietan; beraz, etxebizitza guztien %41,9 (6.370). Dena den, ziur asko, portzentaje horiek handitu egingo dira hurrengo egunetan, Mankomunitateko teknikariak eremu horietako etxebizitzatara joatekoak baitira aste honetan.
Udaberriko kanpainako lehen eremuan (Sanduzelai, Buztintxuri, Artika eta Artika Berri hartu zituen) etxebizitza guztien %37,9k eman dute izena orain arte. Bigarren eremuan, hau da, Arrotxapea auzoan, oraingo, %42,2k eman dute izena. Eta udaberriko hirugarren eremuan, Antsoainen eta Txantrean, %40,7 dira izena emandakoak.

Nabarmendu behar da gai organikoen gaikako bilketa ezartzeko I. eta II. faseetan, 2013an eta 2014an abiarazitakoetan, izena emandakoen kopuruak gora egiten jarraitzen duela. Izan ere, esparru haietan %45 eta %48,7 dira, hurrenez hurren, izena emandako etxebizitzak.

Aipagarria da Ermitagañan izena eman duten etxebizitzen kopuru handia; izan ere, 2014an bilketa ezarri zenetik etxebizitza guztien %58,1ek eman baitute izena. Horrenbestez, orain arte izena eman dutenen portzentaje handiena duen eremua da.

Garrantzitsua da gogora ekartzea herritarrek izena ematen jarrai dezaketela gai organikoen bilketan, edozein unetan.

Hainbat bide izena emateko

Hainbat bide egokitu da lehen aipatu diren eremu horietan bizi direnek argibideak eskuratu ditzaten eta izena eman dezaten:

Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren telefonora deitzea (948 42 32 42), astelehenetik ostiralera, 07:30 eta 18:00 artean.
WhatsApp mezu bat bidaltzea, “Bilketa organikoan izena eman” adierazita, 628 44 88 44 telefono zenbakira (ondoren, deia jasoko du interesa duenak, izen-ematea formalizatzeko behar diren datuak galdetzeko).

On line egitea, Mankomunitatearen webgunetik (www.mcp.es).

Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan egitea, Navas de Tolosa kalearen 29.ean, behealdean, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 15:00etara.

• Amaitzeko, bilketaren hirugarren fase honen barneko herri eta auzoetara joaten diren garbigune mugikorretan ematea izena.

Izena eman eta handik egun batzuetara teknikariak etxebizitzetara joaten dira, eta edukiontzia ireki ahal izateko giltza, berariazko ontzi bat eta informazio material batzuk banatzen dituzte.

Beste albiste batzuk

  • Zuhaitza 2.530 botila berrerabilgarrik eratuta dago eta zortzigarren urtez jarraian kokatu da Baluarteko plazan
  • Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua