Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2015/10/23

Astelehenean, hilak 26, gai organikoen bilketa hasiko da I. eta II. zabalguneetan eta Belosogoitin

Hiru auzo horietako 2.014 etxebizitza dauden izena emanda bilketan; hau da, etxebizitza guztien %21,8

Hurrengo astelehenean, urriak 26, gai organikoen gaikako bilketa hasiko da Lehen Zabalgunean, Bigarrenean eta Belosogoitin. Auzo horiek Iruñeko gainerako auzoekin eta beste herri batzuekin bat egingo dute bosgarren edukiontziaren hirugarren fase honetan, bilketa mota hau Iruñeko gainerako auzoetara eta Iruñerriko beste herri batzuetara hedatzea ekartzen ari den honetan. 

Gogoan izango denez, bilketa mota honen lehen esperientzia Barañainen egin zen, 2013ko azaroan, eta bigarren fasean, 2014an, Iruñeko zenbait auzotara (Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña, Donibane eta Etxabakoitz) eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietara zabaldu zen. 

Hirugarren fase honetan, bilketa bi etapatan ezartzen ari da: lehena maiatz eta ekain artean egin zen, eta bigarrena, irail hasieran hasi zena, abendu artekoa izango da. Guztira, 1.511 edukiontzi jarriko dira, modelo berri batekoak (albotik kargatzekoak eta 2.400 litroko edukierakoak). Horrenbestez, beste 99.647 etxebizitzak edukiko dute eskura bosgarren edukiontzia, eta, aurreko faseetakoei gehituta, guztira, 142.414 etxebizitza izango dira.

III. FASE HONETAN EZARTZEKO EGUTEGIA 

Udaberriko kanpaina / Ezartzeko egunak

Maiatzak 4: Sanduzelai, Artika, Artika Berri, Buztintxuri
Maiatzak 25: Arrotxapea
Ekainak 15: Antsoain, Txantrea

Udazken-neguko kanpaina / Ezartzeko egunak

Irailak 7: Erripagaña, Mendillorri
Irailak 28: Burlata, Atarrabia, Uharte
Urriak 13: Gorraitz, Olatz, Olloki, Sarriguren
Urriak 26: I. eta II. zabalguneak, Belosogoiti
Azaroak 9: Azpilagaña, Milagrosa, Andre Maria Erregina, Sadar, Lezkairu
Azaroak 23: Mutiloa, Cordovilla, Beriain, Noain
Abenduak 7: Arre, Berriozar, Orkoien eta Alde Zaharra*

* Gogoan izan behar da, arrazoi logistikoen ondorioz, Alde Zaharrean abenduaren 7an abiaraziko dela bilketa, eta ez urriaren 26an, hasiera batean aurreikusita zegoen moduan.

Aurreko faseetan gertatu zen moduan, bilketa programan familia boluntarioek parte hartzen dute. Dena den, gogora ekarri behar da gai organikoak berreskuratzea legeriak ezarritako erantzukizun bat dela. Esperientziaren helburua da kalitate oneko gai organikoak botatzea, desegokiak diren materialak bota gabe, berariazko edukiontzi marroi batera. Edukiontzi horren izena “Gai organikoak” da, eta ekimenean parte hartzeko izena eman duten herritarrei eman zaien giltza batez baino ezin da ireki. 

Era berean, “gainerakoen” frakzioa (gai organikoak ez diren materialak eta lehen edukiontzi berdera botatzen zirenak) edukiontzi berdera bota behar da. Edukiontzi berde horretan “Gainerakoak” izena jartzen du.

2.014 etxebizitza izena emanda eta 144 edukiontzi

Gai organikoak bildu ahal izateko, astelehena eta asteazkena artean 144 edukiontzi kokatuko dira I. Zabalgunean (13), II. Zabalgunean (121) eta Belosogoitin (10) dauden bilketa gune gehienetan.

Atzo arte 2.014 etxebizitza zeuden izena emanda auzo horietan; beraz, etxebizitza guztien %21,8 (9.224). Dena den, ziur asko, portzentaje hori handitu egingo da hurrengo egunetan, Mankomunitateko teknikariak hiru auzo horietako etxebizitzatara joatekoak baitira aste honetan. 

Gainerako eremuetan, izena emandakoen portzentajeak hauek dira:

IZENA EMANDAKOEN PORTZENTAJEAK (atzo arte, urriak 22)

1. eremua: Sanduzelai, Artika, Artika Berri, Buztintxuri - %37,7
2. eremua: Arrotxapea - %42,7
3. eremua: Antsoain, Txantrea - %41,2
4. eremua: Erripagaña, Mendillorri - %47,5
5. eremua: Burlata, Atarrabia, Uharte - %37,7
6. eremua: Gorraitz, Olatz, Olloki, Sarriguren - %35,7

Nabarmendu behar da gai organikoen gaikako bilketa ezartzeko I. eta II. faseetan, 2013an eta 2014an abiarazitakoetan, izena emandakoen kopuruak gora egiten jarraitzen duela. Izan ere, esparru haietan %45,0 eta %51,2 dira, hurrenez hurren, izena emandako etxebizitzak.

Garrantzitsua da gogora ekartzea herritarrek izena ematen jarrai dezaketela gai organikoen bilketan, edozein unetan. 

Hainbat bide izena emateko

Hainbat bide egokitu da lehen aipatu diren eremu horietan bizi direnek argibideak eskuratu ditzaten eta izena eman dezaten:

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren telefonora deitzea (948 42 32 42), astelehenetik ostiralera, 07:30 eta 18:00 artean.
  • WhatsApp mezu bat bidaltzea, “Bilketa organikoan izena eman” adierazita, 628 44 88 44 telefono zenbakira (ondoren, deia jasoko du interesa duenak, izen-ematea formalizatzeko behar diren datuak galdetzeko).
  • On line egitea, Mankomunitatearen webgunetik lotura honetan.
  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan egitea, Navas de Tolosa kalearen 29.ean, behealdean, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 15:00etara.
  • Amaitzeko, bilketaren hirugarren fase honen barneko herri eta auzoetara joaten diren garbigune mugikorretan ematea izena.

Izena eman eta handik egun batzuetara teknikariak etxebizitzetara joaten dira, eta edukiontzia ireki ahal izateko giltza, berariazko ontzi bat eta informazio material batzuk banatzen dituzte.  

Beste albiste batzuk

  • Kanpaina, ikasturte berriaren hasiera eta Mugikortasunaren Europako Astearen ospakizuna batera gertatuko dira
  • Helburua da urtegiaren hondoan dagoen manganesoa eta burdina kentzea, uraren kalitatea hobetzen baitu.
  • Era berean, igandetik aurrera 23. lineak zerbitzua emango du Cordovillara