Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2015/11/20

Astelehenean, hilak 23, gai organikoen bilketa hasiko da Noainen, Beriainen, Mutiloan eta Cordovillan

Lau herri horietako 1.993 etxebizitza daude izena emanda bilketan; hau da, etxebizitza guztien %26,0

Hurrengo astelehenean, azaroak 23, gai organikoen gaikako bilketa hasiko da Noainen, Beriainen, Mutiloan eta Cordovillan. Herri horiek Iruñeko gainerako auzoekin eta beste herri batzuekin bat egingo dute bosgarren edukiontziaren hirugarren fase honetan, bilketa mota hau Iruñeko gainerako auzoetara eta Iruñerriko beste herri batzuetara hedatzea ekartzen ari den honetan. 

Gogoan izango denez, bilketa mota honen lehen esperientzia Barañainen egin zen, 2013ko azaroan, eta bigarren fasean, 2014an, Iruñeko zenbait auzotara (Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña, Donibane eta Etxabakoitz) eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietara zabaldu zen. 

Hirugarren fase honetan, bilketa bi etapatan ezartzen ari da: lehena maiatz eta ekain artean egin zen, eta bigarrena, irail hasieran hasi zena, abendu artekoa izango da. Guztira, 1.511 edukiontzi jarriko dira, modelo berri batekoak (albotik kargatzekoak eta 2.400 litroko edukierakoak). Horrenbestez, beste 99.647 etxebizitzak edukiko dute eskura bosgarren edukiontzia, eta, aurreko faseetakoei gehituta, guztira, 142.414 etxebizitza izango dira.

III. FASE HONETAN EZARTEKO EGUTEGIA

Udaberriko kanpaina / Ezartzeko egunak
Maiatzak 4: Sanduzelai, Artika, Artika Berri, Buztintxuri
Maiatzak 25: Arrotxapea Ekainak 15: Antsoain, Txantrea

Udazken-neguko kanpaina / Ezartzeko egunak
Irailak 7: Erripagaña, Mendillorri
Irailak 28: Burlata, Atarrabia, Uharte
Urriak 13: Gorraitz, Olatz, Olloki, Sarriguren
Urriak 26: I. eta II. zabalguneak, Belosogoiti
Azaroak 9: Azpilagaña, Milagrosa, Andre Maria Erregina, Sadar, Lezkairu
Azaroak 23: Mutiloa, Cordovilla, Beriain, Noain
Abenduak 7: Arre, Berriozar, Orkoien eta Alde Zaharra*

* Gogoan izan behar da, arrazoi logistikoen ondorioz, Alde Zaharrean abenduaren 7an abiaraziko dela bilketa, eta ez urriaren 26an, hasiera batean aurreikusita zegoen moduan.

Aurreko faseetan gertatu zen moduan, bilketa programan familia boluntarioek parte hartzen dute. Dena den, gogora ekarri behar da gai organikoak berreskuratzea legeriak ezarritako erantzukizun bat dela. Esperientziaren helburua da kalitate oneko gai organikoak botatzea, desegokiak diren materialak bota gabe, berariazko edukiontzi marroi batera. Edukiontzi horren izena “Gai organikoak” da, eta ekimenean parte hartzeko izena eman duten herritarrei eman zaien giltza batez baino ezin da ireki. 

Era berean, “gainerakoen” frakzioa (gai organikoak ez diren materialak eta lehen edukiontzi berdera botatzen zirenak) edukiontzi berdera bota behar da. Edukiontzi berde horretan “Gainerakoak” izena jartzen du.

1.993 etxebizitza izena emanda eta 169 edukiontzi

Gai organikoak bildu ahal izateko, astelehena eta asteazkena artean 169 edukiontzi kokatuko dira Noainen (45), Beriainen (40), Mutiloan (74) eta Cordovillan (10) dauden bilketa gune gehienetan. 

Atzo arte 1.993 etxebizitza zeuden izena emanda herri horietan; beraz, etxebizitza guztien %26,0 (7.663). Dena den, ziur asko, portzentaje hori handitu egingo da hurrengo egunetan, Mankomunitateko teknikariak bost eremu horietako etxebizitzatara joatekoak baitira aste honetan.

Gainerako eremuetan, izena emandakoen portzentajeak hauek dira:

IZENA EMANDAKOEN PORTZENTAJEAK (atzo arte, azaroak 19)

1. eremua: Sanduzelai, Artika, Artika Berri, Buztintxuri - %37,9
2. eremua: Arrotxapea - %43,1
3. eremua: Antsoain, Txantrea - %41,7
4. eremua: Erripagaña, Mendillorri - %48,0
5. eremua: Burlata, Atarrabia, Uharte - %38,3
6. eremua: Gorraitz, Olatz, Olloki, Sarriguren - %36,8
7. eremua: I. eta II. zabalguneak, Belosogoiti - %31,3
8. eremua: Azpilagaña, Milagrosa, Andre Maria Erregina, Sadar, Lezkairu - %36,2

Nabarmendu behar da gai organikoen gaikako bilketa ezartzeko I. eta II. faseetan, 2013an eta 2014an abiarazitakoetan, izena emandakoen kopuruak gora egiten jarraitzen duela. Izan ere, esparru haietan %45,0 eta %54 dira, hurrenez hurren, izena emandako etxebizitzak.

Garrantzitsua da gogora ekartzea herritarrek izena ematen jarrai dezaketela gai organikoen bilketan, edozein unetan. 

Hainbat bide izena emateko

Hainbat bide egokitu da lehen aipatu diren eremu horietan bizi direnek argibideak eskuratu ditzaten eta izena eman dezaten:

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren telefonora deitzea (948 42 32 42), astelehenetik ostiralera, 07:30 eta 18:00 artean.

  • WhatsApp mezu bat bidaltzea, “Bilketa organikoan izena eman” adierazita, 628 44 88 44 telefono zenbakira (ondoren, deia jasoko du interesa duenak, izen-ematea formalizatzeko behar diren datuak galdetzeko).

  • On line egitea, Mankomunitatearen webgunetik lotura honetan.

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan egitea, Navas de Tolosa kalearen 29.ean, behealdean, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 15:00etara.

  • Amaitzeko, bilketaren hirugarren fase honen barneko herri eta auzoetara joaten diren garbigune mugikorretan ematea izena.

Izena eman eta handik egun batzuetara teknikariak etxebizitzetara joaten dira, eta edukiontzia ireki ahal izateko giltza, berariazko ontzi bat eta informazio material batzuk banatzen dituzte. 

Beste albiste batzuk

  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua
  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea
  • Goñi / Ollaran eremuko hautagai independenteak 29 boto eskuratu ditu, eta Echeverríak (Navarra Suma), 23