Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2020/06/12

Astelehenean, ekainak 15, berriro hasiko da Emausko Trapuketariek egiten duten tamaina handikoen bilketa

Eskaerak daudenez pilatuta, kalkulatzen da bilketarako ohiko epeak uztailean berreskuratuko direla

Hurrengo astelehenetik aurrera, ekainak 15, konfinamendua arintzeko plana dela-eta, Emausko Trapuketariek Iruñerrian etxez etxe egiten duten tamaina handikoen bilketa berriro hasiko da.

Gogoan izango denez, zerbitzu hori bertan behera gelditu zen joan den martxoaren 16an, koronabirusa kutsatzeko arriskuaren aurrean prebentzio-neurri moduan, nahiz eta geroztik eskaerak jasotzen jarraitu den, eta astelehenetik aurrera horiek izango dira gauzatzen lehenak. Emausko Trapuketariek kalkulatzen dute 2.000 eskaera inguru daudela pilatuta, eta, beraz, uste dute bilketarako ohiko epeak hurrengo uztailean berreskuratuko direla.

Etxean tamaina handikoen bilketa eskatzeko (altzariak, arropa, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak, eta abar), Emausko Trapuketarien telefono-zenbakira deitu daiteke (948 302 898) edo lotura honetan dagoen formularioa erabil daiteke.

Garbiguneetara ezin da tamaina handikorik eraman

Apirilaren amaieraz geroztik apurka ari dira berreskuratzen etenda zeuden bilketa-zerbitzuak. Hartara, joan den apirilaren 27an, E. Leclerc eta Eroski hipermerkatuetako garbigune finkoak berriro hasi ziren etxeko hondakin bereziak biltzeko zerbitzua ematen. Gogoan izan behar da supermerkatu handien jarduerari lotuta daudelako zabaldu zituztela ateak, eta, horrenbestez, Burlatako garbigune finkoak itxita egoten jarraitzen duela.

Beste alde batetik, maiatzaren 17an, berriro hasi zen udal-azoketan zerbitzua ematen duten garbigune mugikorren bilketa-zerbitzua. Azkenik, ekainaren 1az geroztik, astelehena, garbigune mugikor guztien zerbitzua normaltasunez ematen ari da. Mankomunitateak gogorarazi nahi du garbiguneetara ezin dela tamaina handikorik eraman, ez eta pertsona bakar batek maneiatu ezin duen objekturik ere.

Tamaina handikoen 3.600 tona 2019an

2019an, Emausko Trapuketariek tamaina handikoen 3.599 tona bildu zituzten Iruñerrian, eta haietatik 1.990 tona berreskuratu ahal izan ziren. Gainera, 2.128 tona zur berreskuratu ziren bilketa horretatik. Azkenik, adierazi behar da 1.275 tona arropa bildu zirela, eta haietatik 926 tona berreskuratu ahal izan zirela.

Beste albiste batzuk

  • Lauhilekoaren amaieran ordainduko litzateke itxialdiak ukitutako egunei dagokien fakturaren zatia
  • COVID-19aren aurka egiteko Nafarroako Gobernuak agindutako neurrien artean ezarrita dago Hiri Garraioan gehieneko edukiera %50ekoa izango...
  • Kostuak ordaintzera zigortu du alderdi demandatua, Nafarroako Kontratuen Administrazio Auzitegia