Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2015/12/04

Astelehenean, abenduak 7, gai organikoen bilketa hasiko da Arren, Berriozarren, Orkoienen eta Iruñeko Alde Zaharrean

Lau eremu horietako 2.592 etxebizitza daude izena emanda jada bilketan, eta, beraz, etxebizitza guztien %22,0

Hurrengo astelehenean, abenduak 7, gai organikoen gaikako bilketa hasiko da Arren, Berriozarren, Orkoienen eta Iruñeko Alde Zaharrean. Eremu horietan gai organikoen bilketa abiarazteak bosgarren edukiontzia ezartzeko hirugarren fasea amaitzea ekarriko du, joan den maiatzean martxan jarritakoa eta bilketa mota hau Iruñeko gainerako auzoetara eta Iruñerriko beste herri batzuetara hedatzea ekarri duena. 

Gogoan izango denez, bilketa mota honen lehen esperientzia Barañainen egin zen, 2013ko azaroan, eta bigarren fasean, 2014an, Iruñeko zenbait auzotara (Iturrama, Mendebaldea, Ermitagaña, Donibane eta Etxabakoitz) eta Zizur Nagusia eta Zizur Txikia herrietara zabaldu zen. 

Hirugarren fase honetan, bilketa bi etapatan ezarri da: lehena maiatz eta ekain artean egin zen, eta bigarrena irail hasieran hasi zen eta hurrengo astean amaituko da. Guztira, 1.511 edukiontzi jarriko dira, modelo berri batekoak (albotik kargatzekoak eta 2.400 litroko edukierakoak). Horrenbestez, beste 99.647 etxebizitzak edukiko dute eskura bosgarren edukiontzia, eta, aurreko faseetakoei gehituta, guztira, 142.414 etxebizitza izango dira.

III. FASE HONETAN EZARTEKO EGUTEGIA

Udaberriko kanpaina / Ezartzeko egunak
Maiatzak 4: Sanduzelai, Artika, Artika Berri, Buztintxuri
Maiatzak 25: Arrotxapea Ekainak 15: Antsoain, Txantrea

Udazken-neguko kanpaina / Ezartzeko egunak
Irailak 7: Erripagaña, Mendillorri
Irailak 28: Burlata, Atarrabia, Uharte
Urriak 13: Gorraitz, Olatz, Olloki, Sarriguren
Urriak 26: I. eta II. zabalguneak, Belosogoiti
Azaroak 9: Azpilagaña, Milagrosa, Andre Maria Erregina, Sadar, Lezkairu
Azaroak 23: Mutiloa, Cordovilla, Beriain, Noain
Abenduak 7: Arre, Berriozar, Orkoien eta Alde Zaharra

Aurreko faseetan gertatu zen moduan, bilketa programan familia boluntarioek parte hartzen dute. Dena den, gogora ekarri behar da gai organikoak berreskuratzea legeriak ezarritako erantzukizun bat dela. Esperientziaren helburua da kalitate oneko gai organikoak botatzea, desegokiak diren materialak bota gabe, berariazko edukiontzi marroi batera. Edukiontzi horren izena “Gai organikoak” da, eta ekimenean parte hartzeko izena eman duten herritarrei eman zaien giltza batez baino ezin da ireki.

Era berean, “gainerakoen” frakzioa (gai organikoak ez diren materialak eta lehen edukiontzi berdera botatzen zirenak) edukiontzi berdera bota behar da. Edukiontzi berde horretan “Gainerakoak” izena jartzen du.

2.592 etxebizitza izena emanda eta 155 edukiontzi

Ezaguna den moduan, Alde Zaharraren zati handi batean, bilketa pneumatikoa egiten da, hainbat kaletan kokatuta dauden buzoien eta lur azpian dauden hoditerien bidez (Trinitarioetan dagoen bilketa zentraleraino eramaten dituzte hondakinak). Guztira, bilketarako 34 gune dira eta haietan 117 buzoi daude, hiru motatakoak: gai organikoak eta gainerakoak botatzekoak (48), papera eta kartoia botatzekoak (34) eta ontziak botatzekoak (35). Gainera, iglu forma duten 29 edukiontzi daude, beira biltzeko.

Iruñerriko Mankomunitateak edukiontzi berriak kokatuko ditu gai organikoak biltzeko, Alde Zaharrean dauden gune guztietan. Edukiontzi horietatik 34 bilketa pneumatikorako guneetan kokatuko dira, asteburu honetan. Egun dauden buzoien antzeko forma eta tamaina izango dute (100 litroko edukiera), eta edukia egunean bi aldiz hustuko dute bilketako kamioiek. Iruñean eta Iruñerrian gai organikoen bilketarako jarri diren gainerako edukiontziek bezala, giltza bat beharko da irekitzeko, bilketan izena eman duten auzotarrei banatzen ari zaiena, zehazki.

Alde Zaharrean bilketa pneumatikoa egiten ez den tokietan, ohiko bilketa egiten denetan, bilketarako 14 gune daude, eta haietan beste hainbeste edukiontzi kokatuko dira astelehenean. Atzetik kargatzekoak eta 1.000 litroko edukierakoak izango dira.

Gai organikoen kantitate handiak sortzen dituzten Alde Zaharreko saltoki edo lokaletan (ostalaritzako negozioak, jan-edanen saltokiak, okindegiak, fruta dendak, elkarte gastronomikoak, peñak…) bilketa berezia egingo da, atez atekoa. Bilketa egunero egingo da, bi alditan, 15:00etatik eta 23:00etatik aurrera. Saltoki eta lokal horiei 120 litroko edukierako edukiontzi bat emango zaie, ostalaritzan beira biltzeko erabiltzen dutenaren antzekoa. Gai organikoak biltzeko hori marroia izango da eta pedala izango du estalkia jasotzeko. Nabarmendu behar da atez ateko bilketa abenduaren 14a eta 16a artean jarriko dela martxan, eta hartan, saltokiak eta lokalak izango direla ezarritako orduetan edukiontzia kalera ateratzeko eta bilketa egin ondotik berehala sartzeko arduradunak. Bere aldetik, Mankomunitatea arduratuko da edukiontzien hausturak konpontzeaz eta, aurretik hala eskatuta, hilabetean behin ordezkatzeaz, garbiketa industriala egiteko edukiontziei.

Alde Zaharreko kaleetako edukiontzietako ohiko bilketa eta saltoki eta lokaletako atez ateko bilketa egunean bitan egingo da, soinu gutxi sortzen duen kamioi txiki baten bidez.

Alde Zaharrean kokatuko diren 48 edukiontziez gain, gainerako eremuetan gai organikoak bildu ahal izateko, astelehena eta asteazkena artean, edukiontziak kokatuko dira Arren (13), Berriozarren (56) eta Orkoienen (38) dauden bilketa gune gehienetan. 

Atzo arte 2.592 etxebizitza zeuden izena emanda lau eremu horietan (Arre, Berriozar, Orkoien eta Alde Zaharra); beraz, etxebizitza guztien %22,0 (11.759). Dena den, ziur asko, portzentaje hori handitu egingo da hurrengo egunetan, Mankomunitateko teknikariak lau eremu horietako etxebizitzatara joatekoak baitira aste honetan.

Gainerako eremuetan, izena emandakoen portzentajeak hauek dira:

IZENA EMANDAKOEN PORTZENTAJEAK (atzo arte, azaroak 19)

1. eremua: Sanduzelai, Artika, Artika Berri, Buztintxuri - %38,1
2. eremua: Arrotxapea - %43,9
3. eremua: Antsoain, Txantrea - %42,2
4. eremua: Erripagaña, Mendillorri - %48,6
5. eremua: Burlata, Atarrabia, Uharte - %38,5
6. eremua: Gorraitz, Olatz, Olloki, Sarriguren - %37,1
7. eremua: I. eta II. zabalguneak, Belosogoiti - %31,9
8. eremua: Azpilagaña, Milagrosa, Andre Maria Erregina, Sadar, Lezkairu - %36,7
9. eremua: Mutiloa, Cordovilla, Beriain, Noain - %34,7

Nabarmendu behar da gai organikoen gaikako bilketa ezartzeko I. eta II. faseetan, 2013an eta 2014an abiarazitakoetan, izena emandakoen kopuruak gora egiten jarraitzen duela. Izan ere, esparru haietan %45,0 eta %54,8 dira, hurrenez hurren, izena emandako etxebizitzak. Garrantzitsua da gogora ekartzea herritarrek izena ematen jarrai dezaketela gai organikoen bilketan, edozein unetan.

Hainbat bide izena emateko

Hainbat bide egokitu da lehen aipatu diren eremu horietan bizi direnek argibideak eskuratu ditzaten eta izena eman dezaten:

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren telefonora deitzea (948 42 32 42), astelehenetik ostiralera, 07:30 eta 18:00 artean.

  • WhatsApp mezu bat bidaltzea, “Bilketa organikoan izena eman” adierazita, 628 44 88 44 telefono zenbakira (ondoren, deia jasoko du interesa duenak, izen-ematea formalizatzeko behar diren datuak galdetzeko).

  • On line egitea, Mankomunitatearen webgunetik lotura honetan.

  • Mankomunitatearen Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan egitea, Navas de Tolosa kalearen 29.ean, behealdean, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 15:00etara.

  • Amaitzeko, bilketaren hirugarren fase honen barneko herri eta auzoetara joaten diren garbigune mugikorretan ematea izena.

Izena eman eta handik egun batzuetara teknikariak etxebizitzetara joaten dira, eta edukiontzia ireki ahal izateko giltza, berariazko ontzi bat eta informazio material batzuk banatzen dituzte. 

Beste albiste batzuk

  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua
  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea
  • Goñi / Ollaran eremuko hautagai independenteak 29 boto eskuratu ditu, eta Echeverríak (Navarra Suma), 23