Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2020/01/10

ASPAPELek berriro saritu du Mankomunitatearen paper- eta kartoi-bilketa

2018an Iruñerrian berreskuratutako paperaren eta kartoiaren batezbestekoa 47,4 kilogramokoa izan zen biztanleko eta urteko

Iruñerriko Mankomunitateak laugarren aldiz jaso du, paperaren eta kartoiaren bilketan egiten duen kudeaketarengatik, ASPAPEL elkarteak ematen duen aitortza handiena. ASPAPEL Ore, Paper eta Kartoi Fabrikatzaileen Espainiako Elkartea da, zelulosaren eta paperaren sektoreko enpresak biltzen dituen Estatu mailako erakunde profesionala.

Paperaren eta kartoiaren gaikako bilketan egindako kudeaketan toki-erakundeen bikaintasun-maila balioztatzen du urtero elkarteak, eta, lortutako kalifikazioaren arabera, paperezko txori urdin bat, bi edo hiru ematen ditu. 2018an egindako kudeaketa baloratu da edizio honetan, eta 35 toki-erakunde saritu dira. Haietatik 25 izan dira paperezko hiru txoriek irudikatzen duten aitortza handiena jaso dutenak, eta haietako bat izan da Iruñerriko Mankomunitatea, zeinak laugarren urtez jarraian jaso duen sari hau. Sariak banatzeko ekitaldia Madrilen egingo da, hurrengo otsailaren 4an.

Mankomunitateak egiten duen paper- eta kartoi-bilketarako 3.925 edukiontzi daude Iruñerrian banatuta, eta 37 buzoi bilketa pneumatikorako, Iruñeko Alde Zaharrean. Sistema hori osatzeko, atez ateko bilketa egiten da: Alde Zaharreko saltoki guztien eskura dago eta astelehenetik larunbatera egiten da. Aspapelek emandako datuen arabera, 2018an, Iruñerrian berreskuratutako paperaren eta kartoiaren batezbestekoa 47,4 kilogramokoa izan zen biztanleko eta urteko, eta kopuru hori Nafarroan erregistratutako batezbestekoa (42,3 kg) eta nazioko batezbestekoa (19,5 kg) baino nabarmen handiagoa da.

Aspapel elkarteak gogorarazten duen moduan, bildutako materialaren kalitatea da eta izango da paperaren eta kartoiaren ekonomia zirkularraren erronka handia hurrengo urteetan. Bilketa-sistemek egokituta egon behar dute hondakinen fluxu desberdinetara, ahalik eta kantitate handiena berreskuratzeko eta benetako birziklapenerako beharrezkoak diren kalitate-baldintzekin egiteko.

Nabarmendu behar da Mankomunitateak egin duen azken gogobetetasun-azterlanean, 2019an egindakoan, etxebizitzen %91k adierazi zutela paper- eta kartoi-bilketa ona edo oso ona dela. Negozioen eta enpresen kasuan, balorazio on hori kontsulta egindako erakundeen %83k eman zuten.

 

Beste albiste batzuk