Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2017/09/27

Aspapel elkartearen Paperezko Txori Urdina bisitan izan da Iruñerrian

Paperezko hiru txoriek irudikatzen duten aitortza handiena jaso duten sei erakundeetako bat izan da Mankomunitatea

Aspapel elkartearen Paperezko Txori Urdina bisitan izan da aste honetan Iruñerrian, paper eta kartoi bilketa bereizia ongi kudeatzen duela aitortzeko Mankomunitateari.

Azken hiru hilabeteetan Aspapelen Paperezko Txori Urdina bidaia egiten ari da, 2016ko kanpainan paper eta kartoi bilketa bereiziaren kudeaketan izandako bikaintasunarengatik joan den otsailean saritu zituzten toki erakundeetako bakoitzean geldialdia eginda. 

Ibilaldi hau eginda, Paperezko Txori Urdinak eskertu nahi die udalerri horietako biztanleei birziklatzen laguntzea eta animatu nahi ditu laguntzen jarraitzera, beren ahaleginak merezi duelako eta giltzarria izan delako sari hau jasotzeko. Saritutako udalerrietara bisita eginda, gainera, paper eta kartoiaren bilketa bereiziaren etengabeko hobekuntzan tokiko erakundeek egiten duten lanaren garrantzia nabarmendu nahi dute. 

Gogora ekarri behar da 2016ko kanpainan izandako bikaintasun maila balioztatu zuela elkarteak, eta, lortutako balioespenaren arabera, paperezko txori urdin bat, bi edo hiru eman zituela. Hain zuzen, tokiko 29 erakunde saritu ziren eta haietatik seik ezagutza gorena jaso zuten, paperezko hiru txori urdinek irudikatua. Sei horietako bat Iruñerriko Mankomunitatea izan zen, eta ezagutza gorena jaso zuten beste bostak hauek izan ziren: Coruña, Lleida, Fuenlabrada eta Logroñoko udalak, eta Menorcako Hiri Hondakinen eta Energiaren Partzuergoa.

Jakina denez, hondakinak kudeatzeaz gain, Iruñerriko Mankomunitatea beste zerbitzu batzuk administratzeaz arduratzen da, adibidez, uraren saneamendua eta hornidura, garraio publikoa eta taxia. Horrez gain, Iruñerriko Ibai Parkea kudeatzen du, Argako Ibai Parkeari lotuta dagoen 22 kilometroko korridore berdea.

Eta, hain zuzen, ibai parke horretan, San Andres Errotaren ondoan (Atarrabia), egin dio harrera erakundeko lehendakari Aritz Ayesak Paperezko Txori Urdinari. San Andres Errota ingurumen sentsibilizaziorako eta heziketarako erabiltzeko berritutako eraikin bat da, landarez eta zuhaitzez inguratutako ingurune batean kokatutakoa. Hartara, toki aproposa da gogora ekartzeko birziklatzeak gure naturguneak begiratzen laguntzen digula. 

Mankomunitateko lehendakariak, bere aldetik, gogorarazi nahi izan du saria lortu ahal izan dela Iruñerriko herritarren eta erakundean lan egiten duten pertsonen laguntzari esker. 

16.000 tonatik gora paper eta kartoi berreskuratuak 2016an 

Ezagutza edo esker on horien bidez, ASPAPEL elkarteak ‘Tu papel 21 Municipios’ ziurtagiri programa berritu du, Espainian paperaren eta kartoiaren gaikako bilketa hobetzea bultzatzen hamar urte bete eta gero.   

Balioztatu dituzten alderdien artean hauek daude: bilketa zerbitzuaren plangintza, edukiontzien hornidura, herritarrei ematen zaien informazioa eta haiei kontzientzia harrarazten saiatzea, bilketa osagarrien kalitatea eta berreskuratutako materialaren trazabilitatea.

Mankomunitateak egiten duen paper eta kartoi bilketarako 4.028 edukiontzi daude Iruñerrian banatuta, eta 36 buzoi bilketa pneumatikorako, Iruñeko Alde Zaharrean. Sistema hori osatzeko, atez ateko bilketa egiten da: Alde Zaharreko saltoki guztien eskura dago eta astelehenetik larunbatera egiten da. 2016an, Iruñerrian, 16.182 tona paper eta kartoi berreskuratu ziren.

Nabarmendu behar da Mankomunitateak egindako azken gogobetetasun azterlanean, 2017 honetan, etxebizitzen %88k adierazi zutela paper eta kartoi bilketa ona edo oso ona dela. Eta negozioen eta enpresen kasuan, balorazio positibo hori kontsulta egindako erakundeen %85ek egin zuten.

Beste albiste batzuk