Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2017/01/10

ASPAPEL elkarteak ezagutza gorena aitortu dio Mankomunitateari paper eta kartoi bilketarengatik

Mankomunitateak paperezko hiru txori urdin jaso ditu, 2016ko kanpainan, bilketan egin duen kudeaketarengatik

ASPAPEL Ore, Paper eta Kartoi Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak ezagutza gorena aitortu dio Iruñerriko Mankomunitateari paper eta kartoi bilketarengatik. Hain zuzen, ASPAPEL Estatuko erakunde profesional bat da, eta zelulosaren eta paperaren arloko enpresak hartzen ditu barnean.

2016ko kanpainan paperaren eta kartoiaren gaikako bilketa kudeatzean tokiko erakundeek izan duten bikaintasun maila balioztatu du elkarteak, eta, lortutako balioespenaren arabera, paperezko txori urdin bat, bi edo hiru eman ditu. Hartara, edizio honetan tokiko 29 erakunde saritu dira. Haietatik seik bakarrik jaso dute ezagutza gorena, paperezko hiru txori urdinek irudikatua, eta haietako bat izan da Iruñerriko Mankomunitatea.

Sari-ematea Madrilen egingo da, heldu den otsailaren 8an, eta ezagutza edo esker on honen bidez, ASPAPEL elkarteak ‘Tu papel 21 Municipios’ ziurtagiri programa berritu du, Espainian paperaren eta kartoiaren gaikako bilketa hobetzea bultzatzen hamar urte bete eta gero.    

Balioztatu dituzten alderdien artean hauek daude: bilketa zerbitzuaren plangintza, edukiontzien hornidura, herritarrei ematen zaien informazioa eta haiei kontzientzia harrarazten saiatzea, bilketa osagarrien kalitatea eta berreskuratutako materialaren trazabilitatea.

Mankomunitateak egiten duen paper eta kartoi bilketarako 4.028 edukiontzi daude Iruñerrian banatuta, eta 36 buzoi bilketa pneumatikorako, Iruñeko Alde Zaharrean. Sistema hori osatzeko, atez ateko bilketa egiten da: Alde Zaharreko saltoki guztien eskura dago eta astelehenetik larunbatera egiten da.  

Nabarmendu behar da Mankomunitateak egindako azken gogobetetasun azterlanean, 2015ean, etxebizitzen %92k adierazi zutela paper eta kartoi bilketa ona edo oso ona dela. Eta negozioen eta enpresen kasuan, balorazio positibo hori kontsulta egindako erakundeen %82k egin zuten. 

Beste albiste batzuk