Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2017/02/06

ASPAPEL elkarteak emandako paperezko hiru txori urdinak jaso ditu Mankomunitateak

2016ko kanpainan bilketan egindako kudeaketarengatik esker ona jaso du Mankomunitateak

Gaur goizean egin da, Madrilen, 2017ko Paperezko Txori Urdinak emateko ekitaldia, ASPAPEL elkarteak (Ore, Paper eta Kartoi Fabrikatzaileen Espainiako Elkartea) tokiko erakundeei aitortzen dien ezagutza, aurreko urtean paper eta kartoi bilketa bereizia kudeatzean bikaintasunez aritzeagatik.

2016ko kanpainan izandako bikaintasun maila balioztatu du elkarteak, eta, lortutako balioespenaren arabera, paperezko txori urdin bat, bi edo hiru eman ditu. Hain zuzen, gaurko ekitaldian tokiko 29 erakunde saritu dira eta haietatik seik ezagutza gorena jaso dute, paperezko hiru txori urdinek irudikatua. Sei horietako bat Iruñerriko Mankomunitatea izan da, eta ezagutza gorena jaso duten beste bostak hauek izan dira: Coruña, Lleida, Fuenlabrada eta Logroñoko udalak, eta Menorcako Hiri Hondakinen eta Energiaren Partzuergoa.

Sariak Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen ministroak eman ditu, Isabel García Tejerinak. Mankomunitateari emandako saria José Ignacio López Zubicaray lehendakariordeak jaso du.

Ezagutza edo esker on honen bidez, ASPAPEL elkarteak ‘Tu papel 21 Municipios’ ziurtagiri programa berritu du, Espainian paperaren eta kartoiaren gaikako bilketa hobetzea bultzatzen hamar urte bete eta gero.

Balioztatu dituzten alderdien artean hauek daude: bilketa zerbitzuaren plangintza, edukiontzien hornidura, herritarrei ematen zaien informazioa eta haiei kontzientzia harrarazten saiatzea, bilketa osagarrien kalitatea eta berreskuratutako materialaren trazabilitatea.

Mankomunitateak egiten duen paper eta kartoi bilketarako 4.028 edukiontzi daude Iruñerrian banatuta, eta 36 buzoi bilketa pneumatikorako, Iruñeko Alde Zaharrean. Sistema hori osatzeko, atez ateko bilketa egiten da: Alde Zaharreko saltoki guztien eskura dago eta astelehenetik larunbatera egiten da. 2016an, Iruñerrian, 16.182 tona paper eta kartoi berreskuratu ziren.

Nabarmendu behar da Mankomunitateak egindako azken gogobetetasun azterlanean, 2015ean, etxebizitzen %92k adierazi zutela paper eta kartoi bilketa ona edo oso ona dela. Eta negozioen eta enpresen kasuan, balorazio positibo hori kontsulta egindako erakundeen %82k egin zuten.

Beste albiste batzuk

  • Astelehenean hasiko dira 95 edukiontziak kokatzen, eta lehenbizi biztanle gutxien duten herrietan jarriko dira
  • Gutxi gorabehera 1.770.000 bidaia erregistratu dira, eta kopuru hori 2009koa gainditzen duen errekorra da
  • Aldaketaren arrazoi nagusia da urte sasoi honetan bidaiari kopurua nabarmen gutxitzen dela