Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2021/04/23

Artika Berriko eta Azpilagañako proba pilotuak gai organikoen %52 berreskuratzeko bidea eman du

Halaber, bi eremu horietan poltsak eta tamaina handikoak botata uztea ekiditeko kanpaina bat aurkeztu du IMk

Azpilagañan eta Artika Berrian hondakinak biltzeko proba pilotuaren azken emaitzak aurkeztu ditu gaur goizean Iruñerriko Mankomunitateak. Datu horiek 2021eko martxoan egindako azken ezaugarritze-azterlanekoak dira, eta haietan nabarmendu behar da bosgarren edukiontziari dagokion gai organikoen bilketa bereiziaren %52ko batezbestekoa.  

Jakina denez, 2018ko ekainean abiarazi zen proba pilotuaren helburu nagusia zen gai organikoen bilketa bereizia handitzea, lehen oker botatzen zirenak, nagusiki gainerakoen edukiontzira, edukiontzi marroira botatzea lortuz. Gogoan izan behar da bi eremu horiek hirigintzako irizpideen eta irizpide demografikoen arabera eta esperientzia pilotu baterako tamaina adierazgarria izateagatik aukeratu zirela. Gai organikoetarako eta gainerakoetarako edukiontziak etxebizitza edo lokal bakoitzari lotutako txartel elektronikoaren bidez zabaldu dira, eta irekitze bakoitza erregistratuta gelditzen da.   

Esperientzia pilotua definitu zenean erabaki zen Azpilagañan gai organikoak biltzeko edukiontziak egunero ireki zitezkeela eta gainerakoen frakziorako edukiontziak zabaltzea, berriz, asteko lau egunetara murriztuko zela (astelehen, asteazken, ostiral eta igandeetara). Artika Berriaren kasuan, aldiz, erabaki zen bi edukiontzi mota horiek egunero zabal zitezkeela. 

David Campión Mankomunitateko lehendakariak adierazi duen moduan, proba pilotuaren alderdi onena da bosgarren edukiontziari dagokion gai organikoen bilketa bereizia nabarmen emendatu dela. Izan ere, txartelen sistema ezarri aurretik, gai organikoen bilketak ez zuen %15a gainditzen, baina orain %64koa da Azpilagañan eta %43koa Artika Berrian, eta, horrenbestez, batezbestekoa bi eremuetan %52koa da. Hau da, “Nafarroako Hondakinen Planaren lehen helburua lortuko genuen jada, bereiz bildutako gai organikoen %50 gainditzea gutxienez, eta Nafarroako Hondakinen Legeak markatzen duen helburua lortzeko bidean egongo ginateke, lege horrek jasotzen baitu 2027an gai organikoen %70 bildu behar direla bereiz”, adierazi du Campiónek. 

Horrez gain, ontzien eta paper eta kartoiaren bilketa bereiziak emendatu direla erregistratu da, eta bai gainerakoen frakzioaren pisua %50 murriztu dela, eta horrek esan nahi du zabortegira tratatu gabeko hondakinen %50 gutxiago eramaten ari garela. 

Campiónek nabarmendu du datu hauek oso berri on eta pozgarria direla, agerian jartzen duena denbora igarotzearekiko erresistentzia eta bai pandemia bezalako egoera hain berezi eta larriekiko, edukiontzien erabileran nolabaiteko prebentzioa eragin baitu: “Nahiz eta egia den pandemiaren aurretik gai organikoen bilketa bereizia %58koa izatera heldu zela, ez da baztergarria %52an jarraitzea egoera honetan urtebete eman ondoren”. 

Puntu honetan, David Campiónek zoriondu egin nahi izan ditu “Azpilagaña eta Artika Berria auzoetan bizi diren pertsona guztiak (9.000 biztanle inguru), sistema berria beren egin, beren eguneroko bizimoduan sartu eta sortzen dituzten hondakinak kudeatzearekiko ardura eredugarria erakutsi dutenak. Birziklapenari eta kontsumo arduratsuari lotutako ohiturak geureganatzea ez da erosoa, ahalegin handiagoa eskatzen du, baina planetarekin eta etorkizunarekin dugun betebeharra da, Europako, Estatuko eta Nafarroako legezko betebeharra izateaz gain”.

Mankomunitateko lehendakariak berretsi egin du aurtengo irailetik 2023ko ekaina bitartean sistema hori Iruñerri osoan zabaltzeko Mankomunitateak hartua duen konpromisoa. 2023ko ekainean, gainera, Hondakinak Tratatzeko Zentroa bukatuta edukitzea espero da. 

Edonola ere, badira bi alderdi garrantzitsu zuzendu behar direnak eta pertsona batzuen jokaera desegokiari dagozkionak. Alde batetik, kalean botata utzitako poltsak eta tamaina handikoak. Otsailean, Artika Berrian, espaloian utzitako 0,3 poltsa detektatu dira batez beste biztanle bakoitzeko hilabeteko, eta Azpilagañan ia 0,6 poltsa pertsona bakoitzeko hilabeteko. Kopuru horiek Iruñerriko gainerako lekuetakoak baino handiagoak dira. Arazo orokortua bada ere, Azpilagañaren kasuan kopuru horiek bereziki kezkagarriak dira, eta Artika Berrian batezbestekoa baino handiagoak dira balio horiek. “Ezin dugu onartu gure eskualdea, Iruñerria, edukiontzien ondoan dauden poltsez beteta egotea, eta are gutxiago kontuan izanik Estatu osoan kalean edukiontzi gehien duten erakundeetako bat garela”, zehaztu du Campiónek.

Beste alde batetik, ontzien edukiontzietan eta, batik bat, paper eta kartoiaren edukiontzietan botatako material desegokiak emendatu direla ikusi da. Material horien erdiak baino gehiago gai organikoak dira, tratatu ezin diren gai organikoak eta, gainera, ikaragarri zailtzen dutenak beste bi frakzio horiek birziklatzea.

Hori dela-eta, IMk ekintza batzuk programatu ditu herritar horiek (ez dira gehiengoa, baina eragin handia dute hondakinak gaizki bereizteak dituen ondorio negatiboetan) beren hondakinen gaineko ardura hartu eta beren auzoan edo udalerrian ongi egiten duten pertsonekiko eta iraunkortasunarekiko elkartasunez jokatu beharrari buruz sentsibilizatzeko. Zehazki, aurreikusi da komunikazio-kanpaina bat egitea, Azpilagañan gainerakoen edukiontzien sarrailak berriro programatu dira astelehenetik aurrera asteko egun guztietan zabaltzeko aukera egon dadin eta, irailetik aurrera, txartel bidez irekitzeko sistemarekin kokatzen diren gai organikoetarako eta gainerakoetarako edukiontzi berriek pedalak edukiko dituzte ireki ahal izateko. 

Poltsak eta tamaina handikoak kalean botata uztearen aurkako kanpaina 

Poltsak edukiontzietatik kanpo eta tamaina handikoak kalean botata uztean jarriko du arreta informazio-kanpainak. SCPSAko komunikazio-arduradun Arturo Ruiz de Azagrak azaldu duen moduan, kanpainak hiru fase izango ditu.  

Lehenbizikoa astelehenean hasiko da, eta bertan informazioa emateko zutoinak kokatuko dira Artika Berriko eta Azpilagañako bilketa-gune guztietan. “Ongi egiteak batzen gaitu” lelopean, informazio-kartelek gogoraraziko digute zaborrak espaloian uztea ez dela aukera bat, hondakin-mota bakoitzerako edukiontzi bat dagoela eta edukiontziak irekitzeko txartela erabili behar dela. Gainera, astelehenetik aurrera, Azpilagañan, gainerakoen frakzioa botatzeko edukiontziak egunero ireki ahal izango dira, eta ez orain arte bezala bakarrik asteko lau egunetan. Edukiontzi bakoitzean itsatsita egongo den informazio-pegatina batek aldaketa horren berri emango du. 

Bigarrengoa bi aste geroago hasiko da, eta bertan, edukiontzietatik kanpo poltsa gehien eta espaloian botata utzita tamaina handiko gehien duten hamar bilketa-guneetan jarriko da arreta (bost Artika Berrian eta bost Azpilagañan). Gune horietako informazio-zutoinetan, bigarren kartel bat jarriko da, eta helburua izango du kanpainaren mezua indartzea. Horrez gain, hamar gune horietatik gertuen dauden etxebizitzetara gutuna eta informazio-eskupapera bidaliko ditu IMk, hartara, batetik, proba pilotuaren emaitza onak gogorarazteko eta, bestetik, poltsak edukiontzietan egoki botatzeko eta tamaina handikoak etxean bertan biltzeko Emausko Trapuketariei 948 302 898 telefono-zenbakira deituta abisua emateko beharra nabarmentzeko. Kalkulatzen da gutxi gorabehera 1.000 gutun bidaliko direla. 

Fase honek arreta jarriko duen hamar gune horiek hauek dira: 

Artika Berria
Clara Campoamor k. eta Nafarroako Margarita k., 10, bidegurutzea
María Domínguez k.,  3
María Domínguez k., 28
Rigoberta Menchu k., 7
Maiatzeko Plazako Amen k., 7

Azpilagaña
Miguel Astráin k., 23
Altzania Errekaren k., 20
Pedro de Aranaz k. eta Miguel Astráin k., 6, bidegurutzea
Luis Morondo Urra k., 4
Luis Morondo Urra k., 13

Gainera, Mankomunitateak aurreikusi du bide publikoan botata uzten diren tamaina handikoak biltzea, eremu bakoitzeko plaza batean ikusgai jartzeko, edukiontzietatik kanpo utzi diren poltsa batzuen simulazio batekin batera. Ikusgai jartze hori Azpilagañan maiatzaren 8an egingo da, eta Artika Berrian maiatzaren 15ean, eta bi kasuetan 11:00etatik 14:00etara izango da. 

Hirugarren fasean, informazio-gutuna bidaliko da etxebizitza hauetara: beren helbidera lotuta dagoen txartelean urtarrilaren 1a eta apirilaren 30a artean edukiontzia ireki izanaren inolako erregistrorik ez duten etxebizitzak. Gutxi gorabehera 1.000 bidalketa egingo dira. Artika Berriko etxebizitzen %18k eta Azpilagañako %20k ez dute bi edukiontzi horietako bakar bat ere zabaldu 2021eko aldi horretan, nahiz eta egia den gerta litekeela txartel horiek hutsik dauden etxebizitzetakoak izatea. Erabiltzen diren eta bi edukiontzietako bakar bat ere ireki ez duten etxebizitzen kasuan, hori izan daiteke kalean poltsak botata uztea eta ontzien eta paper eta kartoiaren edukiontzietan material desegokiak emendatu izanaren kausa nagusietako bat. 

Azkenik, IM lankidetza-hitzarmenak prestatzen ari da udalekin, ikuskatzaileen eta udaltzaingoen jarduna koordinatzeko, poltsak eta tamaina handikoak kalean botata uzteari dagokionez, hondakinen ordenantza betetzen ez duten pertsonen edo merkataritzako establezimenduen aurka zehapen-prozesuak abiarazteko xedearekin.  

Beste albiste batzuk

  • Horiek egiten ari diren pertsonek etxera joateko hitzordua eskatzen dute objektu bat entregatzeko, bi euro ordaindu ondoren
  • Eskaintzak 1.500 erreserba baino gehiago ditu dagoeneko, 32.000 parte-hartzailerentzat
  • European Week for Waste Reduction ekimenaren webgune ofizialean eman du izena Mankomunitateak, ekintzen garatzaile moduan