Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2017/06/26

Alde Zaharrean hondakinen gaikako bilketa egingo da berriro ere sanferminetan

Gaur hasiko dira bilketa pneumatikoko buzoiak kentzen

Sanferminak direla-eta eta festetako ekitaldiak zuzen gauzatzea errazteko, beste urte batez, Iruñerriko Mankomunitateak bilketarako zerbitzu berezia jarriko du martxan. Gaurtik aurrera, ekainak 26, astelehena, bilketa pneumatikoko buzoiak kenduko dira. Buzoi horien ordez gaikako bilketarako edukiontziak jarriko dira, jaiek iraun bitartean, 1.000 litroko edukierakoak, frakzio desberdinak bereiz bota ahal izateko (gai organikoak, gainerakoa edo errefusa, papera-kartoia eta ontziak), eta 240 litroko ontziak, beira bota ahal izateko (etxebizitzak). Gogora ekarri behar da Alde Zaharrean eta sanferminetan bilketa bereizia egiteko zerbitzu hau 2016an jarri zela martxan.

Entzierroaren ibilbidean dauden kaleen kasuan (Santo Domingo, Mercaderes eta Estafeta), uztailaren 5a arte frakzio guztien gaikako bilketa zerbitzua emango da berariazko edukiontzien bidez. Uztailaren 6ko goizaldean, kendu egingo dira edukiontzi guztiak, eta uztailaren 6a eta 14a artean kale horietan bizi direnek zaborra duten poltsak kale-plazetako ohiko kokalekuetan utzi beharko dituzte. Izan ere, egun horietan bilketarako zerbitzu berezia egongo da eta, hartara, poltsak eskuz bilduko dira kaleetatik. Ingurua ongi eta garbi edukitzeko, poltsak ongi itxita uzteko eskatu behar zaie bizilagunei. Birzikla daitezkeen hondakinak botatzeko, alboko kaleetako edukiontziak erabili ahal izango dituzte. Edonola ere, kale horietako etxebizitzetara bidaliko den informazio gutun batean daude jarraibide guztiak.

Oro har, bilketarako ordutegiak hauek izango dira:

  • Goizean, 06:00etatik aurrera Alde Zahar osoan, entzierroaren ibilbidean izan ezik. Bertan, entzierroa amaitu eta gero egingo da.
  • Arratsaldean, 15:00etatik aurrera Alde Zahar osoan. 

Bilketa pneumatikoko buzoiak uztailaren 17tik aurrera, astelehena, kokatuko dira berriro.

Atez ateko bilketak saltokietan

Bestalde, Mankomunitateak gutun bat eta informazio diptiko bat argitaratu ditu Alde Zaharreko saltokietarako, jaiek iraun bitartean egingo diren bilketa desberdinei buruzko informazioa emate aldera.

Aurreko urteetan bezala, San Fermin jaietan, beira atez ate bilduko da saltokietan eta ostalaritzako lokaletan. Zehazki, uztailaren 6an, bilketa hori 15:30etik aurrera egingo da; eta uztailaren 7a eta 14a artean, 06:00etatik aurrera. Entzierroaren ibilbidean dauden kaleetako merkatarien kasuan, ordea, entzierroa amaitzen denean egingo da, berehala.

Azkenik, uztailaren 15ean, bilketa 04:00etatik aurrera egingo da.
Ekainaren 28an eta 29an, arratsaldeko ordutegian, beira biltzeko edukiontzi osagarriak utziko dira saltoki horietan.

Kartoi bilketaren kasuan, 15:00etatik aurrera jasoko dira hondakinak atez ate. Kasu horretan, eta ohikoa den moduan, Mankomunitateak gomendatzen du merkatariek kaxak tolestuta uztea.

Nabarmendu behar da, bigarren urtez, gai organikoak atez ate bilduko direla ostalaritzako establezimenduetan. Zehazki, egunean behin bilduko dira, 15:00etatik aurrera, eta zeregin horretarako erabiltzen den berariazko ontziaren bidez egingo da.

Ontziak eta errefusa, saltokietan

Ontzien eta errefusaren bilketei dagokienez, Mankomunitateak gomendatzen die merkatariei gertuen dituzten berariazko edukiontzietara botatzeko. Entzierroaren ibilbidean dauden merkatarien kasuan, gogora ekarri behar da bilketarako zerbitzu berezia izango dela uztailaren 6a eta 14a artean, poltsak kaletik bilduko dituena. Edonola ere, ontziak alboko kaleetan egongo diren edukiontzi guneetako edozeinetara eraman ahal izango dira.

Aurten, lehenbiziko aldiz, Mankomunitateak Alde Zaharreko ostalaritzako establezimendu guztietan poltsa horiak banatuko ditu, eta ontziak frakzio horretako edukiontzietan (horiz identifikatuta daude) botatzeko erabili beharko dituzte. 

Aholkuak, azokalarientzat eta eskualdeetako etxeetarako

Aurreko urteetan bezala, Mankomunitateak azokalarientzako eta eskualdeetako etxeetarako aholku batzuk ere zehaztu diru. Profesional horientzat eta gune horietan banatuko den informazio diptiko batean, frakzio desberdinak (gai organikoak, gainerakoa edo errefusa, ontziak, papera eta kartoia, eta beira) bereizteko jarraibideak azaltzen dira. Halaber, aipamen berezia egiten da olio erabiliaren gainean: adierazten da ezin izango dela saneamendu sarera isuri eta ezin izango dela edukiontzietako bakar batean bota. Hartara, azokalariek eta eskualdeetako etxeek hondakin hori tratatzeko baimena duten kudeatzaileetako batekin jarri beharko dute harremanetan.

Beste albiste batzuk