Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2019/02/06

2018an, Mankomunitateak 57.736 t hondakin berreskuratu zituen, aurreko urtean baino %10,38 gehiago

Bosgarren edukiontziaren bidez 8.512,86 t gai organiko berreskuratu ziren, aurreko urtean baino %13,27 gehiago

2018an, Iruñerriko Mankomunitateak 151.672,02 tona hondakin bildu zituen guztira, aurreko urtean baino %4,04 gehiago, 2017an 145.778,73 tona hondakin jaso baitzituen. Hazkunde horrek berretsi egiten du 2009az geroztik izan ziren ondoz ondoko jaitsieren ondoren 2014an hasi zen joera aldaketa. Nabarmendu behar da hazkunde hori frakzio guztien bilketan erregistratu zela, gainerakoen frakzioan izan ezik, hartan %0,24 gutxitu baitzen.

Hondakinak berreskuratzeari dagokionez (birziklatzeko moduan dagoen bildutako materiala) hazkundea %10,38koa izan da, 57.735,55 t berreskuratu baitziren, eta hazkundea frakzio guztietan erregistratu da. Emendatze handiena ehun-materialetan izan da, mota horretako hondakinen 884,31 t jaso baitira, aurreko urtean baino %49,59 gehiago (2017an 591,14 t izan ziren), nagusiki, 2017ko abuztua eta abendua bitartean oinetakoak eta ehun-materialak jasotzeko 95 edukiontzi berri kokatu zirelako Iruñerrian. Hazkunde handiena izan duten hurrengo frakzioak tamaina handikoena –%26,43 hazi da, 1.802 t berreskuratu baitziren (2017an 1.425 t izan ziren)– eta inauste-hondakinena izan dira –%14,40 emendatu da, 9.310 t berreskuratu baitziren (aurreko urtean 8.138 t izan ziren)–. 

Beste alde batetik, gai organikoen berreskuratzean izan den hazkundea nabarmendu behar da: %13,27 hazi da, 2017an berreskuratu ziren tonak 7.516 izan baitziren eta 2018an berreskuratutakoak 8.513. Hala eta guztiz ere, Hondakinen Legeak ezartzen dituen helburuetatik urrun dago oraindik ere. Atal honetan, hondakinak gaika biltzeko Azpilagañan eta Artika Berrian 2018ko ekainaz geroztik gauzatzen ari den proba pilotua aipatu behar da. Izan ere, bi eremu horietan, 5. edukiontziaren bidez jasotako hondakinen pisua %300 baino gehiago emendatu da.

Emendatu diren beste frakzio batzuk egurrarena, 2.035 t berreskuratu baitira –aurreko urtean baino %10,44 gehiago–, eta etxeko eta auzoko konpostajearena izan dira, %9,96 hazita (3.092 t, eta 2017an 2.812 izan ziren). Paper-kartoiaren kasuan, 17.576 t berreskuratu izana nabarmendu behar da, aurreko urtean baino 1.192 t gehiago, hau da, %7,27 gehiago. 

Etxeko konpostajeari dagokionez, gai organikoen gaikako bilketaren IV. fasea abiarazteak ekarri zuen 2016ko bigarren seihilekoan etxebizitza gehiago batzea IMk gauzatzen dituen kanpainen bidez –joan den urtean hamahirugarren deialdia egin zen– jada parte hartzen zuten etxebizitzei. Osotara, 2018an, etxeko konpostajean 3.476 familiak parte hartu zuten eta 2.465,4 tona konpost sortu zituzten. Auzoko konpostajearen kasuan, 862 etxebizitzak parte hartu zuten, konposta egiteko 40 gunetan, eta denen artean 271,5 tona lortu zituzten. Amaitzeko, adierazi behar da 792 familiak gai organikoak beren baliabideen bidez kudeatzea erabaki zutela eta 355,4 tona sortu zituztela. 

Denera jota, bosgarren edukiontziaren bidez berreskuratutako 8.513 tonak eta konpostajearen bidez berreskuratutako 3.092 tonak batuta, 11.605 t gai organiko berreskuratu dira, eta, aurreko urtearen aldean, %12,4 gehiago da. 

Bosgarren edukiontziaren bidez bilduta berreskuratutako gai organikoak (8.513 t) sortutako gai organiko guztien %16 izan ziren, 53.986 t izan baitziren.

Beste albiste batzuk