Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Compostaje doméstico
Hondakinak
2016/05/06

159 familia batu zaizkio etxeko konpostajeari Iruñerrian

Prestakuntza emateko jardunaldiak gaur eta bihar, ostirala eta larunbata, egingo dira, Atarrabiako San Andres Errotan

Izena emateko epea joan den ostiralean amaitu zen, eta, horrenbestez, 159 familiak parte hartuko dute Iruñerriko Mankomunitateak etxean konposta egiteko antolatutako hamaikagarren kanpainan. Mankomunitateak hiri hondakinak kudeatzeko daukan esparruan bizi diren eta hondakin organikoak beren etxeetan konpost bihurtu nahi dituzten pertsonei zuzenduta dago ekimena. Horrez gain, boluntarioen etxebizitzek ohiko bizileku izan behar dute eta, gutxienez, 50 metro koadroko lorategi edo baratze bat eduki behar dute hartan. 

Parte hartu behar duten familiak prestakuntza hartzeko jardunaldi batzuetara joango dira, gaur, ostirala, 18:00etan, eta bihar, larunbata, 10:00etan eta 12:00etan, Atarrabiako San Andres Errotara. Bertan, gainera, hondakinak ongi eta egoki kudeatzeko behar duten material guztia emango zaie.

Aurreko edizioetan bezala, Mankomunitateak berriro eskatu die laguntza Iruñerriko udalei, etxean konposta egiteak dituen ingurumen eta ekonomia abantailak zabaltzeko. Informazioa emateko kartelak ere bidali dizkie, eraikin publikoetan, oholetan eta beste euskarri batzuetan jar ditzaten.

Kanpaina honekin bat egin duten familiak kontuan hartuta, 2.150 familia baino gehiago dira sukaldeko hondakinak konpost bihurtzen dituztenak Mankomunitatearen kudeaketa esparruan. Batez beste familia horietako bakoitzak urtean sukaldeko hondakinen 230 kilogramo birziklatzen dituela jotzen da, eta, beraz, guztira 494 tona urtean.

Etxean konposta egitearen alde onak

Konpostatzen denean hondakin organikoei deskonposatze aerobio kontrolatuko prozesu bat egiten zaie, eta prozesu horren ondorioz, substantzia organiko aberatsa lortzen da, mea, elikagai eta mikroorganismo asko dituena: konposta. Naturan humusa sortzen duen deskonposatze prozesuaren bertsio azeleratua da. Humusa, hain zuzen, lurzoruen kalitatearen arduraduna da, eskaintzen dituen propietateei esker: elikagaien aberastasuna, argia  eta hezetasuna egoki xurgatzea, aireztatzea eta drainatzea.
Konposta hiru modutara egin daiteke: industrialki, taldeka eta bakarka. Industriala konpostatzeko plantetan egiten duten konpostari dagokio. Taldekakoa da ikastetxeetan edo lorategietan egiten dena, gune komun bat konpartitzen duten herritarren artean –kasu honetan Iruñerriko 16 herritan egokitutako 32 gunetan egiten da jada–. Eta bakarkakoa da etxean egiten dena, sukaldean eta lorategian sortutako hondakinen kantitate txiki bat erabilita. Ez du garraiatzeko kosturik eta ez da tresna konplexurik behar. Gainera, egiten den konposta berehala erabil daiteke.

Etxean konposta egitea praktika erosoa eta ekologikoa da: hondakin organikoen pisua eta bolumena murrizten du, kalitate bikaineko ongarri naturala da, ongarri kimikoak ordezkatzeko egokia, eta ziklo naturala amaitzen du, landareetarako elikagaiak berreskuratuta.

Beste albiste batzuk