Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2019/07/04

Zazpi billabesa hibrido berri Eskualdeko Hiri Garraiorako

Zazpi billabesa hauek eskuratuta, flota 148 autobusek eratzen dute eta batez besteko adina 6,75 urtekoa da

Gaur goizean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgelategiko aparkalekuan egindako ekitaldi batean, Iruñerriko Mankomunitateak zazpi autobus hibrido berri aurkeztu ditu, gaurtik aurrera Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuko flotan arituko direnak. Aurkezpen-ekitaldian, hain zuzen, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, Aritz Ayesa, eta Moventia taldeko kontseilari delegatua, Josep María Martí, izan dira.

Zazpi ibilgailu berri horietatik bost artikulatuak dira, 17,9 metroko luzerakoak, IVECO markakoak eta URBANWAY modelokoak. Motorra hibridoa da, 160 kW-ko potentziakoa. Ibilgailu bakoitzak 124 plaza ditu guztira (haietatik 34 eserita joateko) gehi bi aulki gurpildunetarako tokia. Nabarmendu behar da bost ibilgailu horiek manpara dutela, gainera, gidariaren postuan. 

Beste bi ibilgailuak 10,7 metroko luzerakoak dira, VECTIA markakoak, TERIS 10 modelokoak. Horiek ere motor hibridoa dute, 157 kW-ko potentzia maximokoa. Ibilgailu bakoitzak 71 plaza ditu guztira (haietatik 18 eserita joateko) gehi bi aulki gurpildunetarako lekua. 

Era berean, adierazi behar da zazpi ibilgailuek EURO VI kutsadura-mugak betetzen dituztela, Europar Batasunak ezartzen dituenak. Eta, gainera, zazpiek segurtasuneko bideokamerak dituzte, eta, horrenbestez, flota osoak, %100ak, sistema hori du.

Hitza hartu duenean, Aritz Ayesak adierazi du eraginkortasun energetikoa hobetzen joatea eta isurpenak murriztea, Mankomunitateak bere zerbitzu guztietan duen konpromisoa ez ezik, amaitu berri den eta administrazioek onartzeko zain dagoen Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren helburuetako bat ere badela.

Halaber, IMko lehendakariak aukera baliatu du Eskualdeko Hiri Garraioaren erabileraren kopuru positiboak nabarmentzeko. 2018an kopuru historiko bat lortu bazen 39 milioi bidaiak gaindituta, aurtengo lehen seihilekoan %3,5 handitu izanak ahalbidetzen du aurreratzea urtea amaitu baino lehen 40 milioiak gaindituta izango direla.

Bere aldetik, Josep María Martí Moventia taldeko kontseilari delegatuak Eskualdeko Hiri Garraioko zerbitzuaren kalitateari egin dio erreferentzia. Izan ere, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundearen azterlan baten arabera, Iruñea, Bilborekin eta Logroñorekin batera, autobus bidezko garraio publiko onena duen hiria da, Estatu osoko 21 hiritan egindako ikerlan batean lortutako emaitzak aintzat hartuta. Martík nabarmendu du, halaber, EHGko flora hibridatzeko eta elektrifikatzeko prozesua, batetik, eta Mankomunitatearen eta TCC enpresaren arteko elkarlan koordinatua, bestetik.

148 ibilgailuko flota, batez besteko adina 6,75 urtekoa duena

Zazpi ibilgailu berri hauek erosi eta zortzi zaharrenak kenduta (sanferminen ondoren kenduko dira), EHGko flotak 148 ibilgailu izango ditu, eta batez besteko adina 6,75 urtekoa izatera jaitsiko da. Flota osoa kontuan hartuta, 54 autobus artikulatuak dira (18 metro), 92 tamaina estandarrekoak (12 metro) eta 2 ibilgailu 10,7 metrokoak.

Nabarmendu behar da, ibilgailu berri hauek eskuratuta, Eskualdeko Hiri Garraioak 40 ibilgailu hibrido dituela eta sei elektriko. Horrek esan nahi du autobus guztien %30 eraginkorrak direla ingurumenari dagokionez.

Zerbitzu honetarako urte osoko egunik zail eta zorrotzenekin batera hasiko dira lanean billabesa hauek: San Fermin jaiak. Izan ere, egun hauetan flotako ibilgailu guztiek 260.000 kilometro egingo dituzte, ia 20.700 zerbitzu ordu izango dira eta 1.700.000 pertsona garraiatuko dituzte (gutxi gorabehera urte osoko bidaiarien %5).

Beste albiste batzuk

  • Helburua da urtegiaren hondoan dagoen manganesoa eta burdina kentzea, uraren kalitatea hobetzen baitu.
  • Era berean, igandetik aurrera 23. lineak zerbitzua emango du Cordovillara
  • Era berean, heldu den igandean neguko ordutegia hasiko da EHGan