Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2021/03/25

UITP Garraio Publikoaren Nazioarteko Batasuneko kide egin da IM

Garraio publikoaren gaineko mundu-mailako sarea eratzen du elkarteak, eta hiri-mugikortasun iraunkorraren gaineko lan ugari sustatzen du

Martxo honetatik aurrera Iruñerriko Mankomunitatea UITP Garraio Publikoaren Nazioarteko Batasuneko kidea izango da. Elkarte hori 1885ean ezarri zen, eta mundu-mailako sarea osatzen du, garraio publikoaren aktore guztiak eta garraio-modu iraunkor guztiak biltzen dituena.

UITP batasunak lan, azterlan eta argitalpen ugari sustatzen du, hiri-mugikortasun iraunkorraren alde, eta kideei aholkularitza eskaintzen die, ezagutza trukatzea kideen eta adituen sarearekin, sarbidea bere argitalpenen liburutegi osora eta bai berariazko prestakuntza ere. Egun, elkarteak 1.800 bazkide baino gehiago ditu, 100 herrialdetakoak baino gehiagokoak, eta haien artean Estatuko garraio publikoko zenbait partzuergo eta administrazio daude, besteak beste, Àrea Metropolitana de Barcelona (AMB), Consorcio Regional de Transportes de Madrid (CRTM), Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza, Bizkaiko Garraio Partzuergoa eta Consorcio de Transportes del Área de Zaragoza, arlo honetako beste agintari, operadore eta enpresa batzuen artean.

UITP, pandemian zehar

Duela gutxi formalizatu den kide-egite honen aurretik, IMko Garraio Arloak erakunde horretara jo du berariazko prestakuntzak egiteko eta irekiak diren argitalpenak kontsultatzeko. Duela urte batetik, eta COVID-19aren ondoriozko krisia dela-eta, UITPk eginkizun giltzarria izan du pandemiak garraio publikoan izan dituen ondorioak aztertzean eta aldi honetan hartutako ezagutza zabaltzean, hartara, nazioarteko erreferente bihurtuz garraioaren alorreko erabaki operazionalak eta politikoak hartzean. Gainera, UITPren eskaintzari erantzunez, Mankomunitateak zenbait gutun izenpetu izan ditu, aurreneko erakunde horrek Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendarako Ministerioari eta Europar Batasunari igorri zizkionak, esate baterako, EB suspertzeko planean sartzen diren sektore estrategikoen artean garraio publikoa sartzeko eskatzeari buruzkoa.

Horrez gain, IMko Garraio Arloak erakunde horretara jo izan du garraio publikoaren teknologia berriekin lotutako kontuetan. Zehaztu behar da UITPk ikerketa-, dokumentazio- eta prestakuntza-lan zabala egiten duela orain dela urte batzuetatik garraio publikoa elektrifikatzeko alderdi desberdinetan, barne hartuta ibilgailuen kontsumoen normalizazioa eta haiek erosi eta lizitatzeko berariazko gomendioak argitaratzea.

UITPko kide egitearen alde onak

UITPren azterlan eta argitalpen askotarako sarbidea elkarteko kideei mugatuta dago, bereziki teknikoagoak direnetara edo ikuspegi berariazkoagoa dutenetara. Horrenbestez, elkarteko kide egitean, IMk sarbide librea dauka garraioaren alorreko proiektu berriak garatzeko orduan nabarmenak izan daitezkeen argitalpenetara.

Gainera, mundu osoan garraioko 200 agintari baino gehiago dituen sare bateko kidea izango da IM, eta sarbide zuzena izango du bere adituen taldeko ezagutzara eta laguntzara. Eta beste alde batetik, erakunde erkidetua batu egin ahal izango zaio Agintari Antolatzaileen Batzordeari. Sektorea zehazten duten kontuetan aritzen da lanean, hala nola mugikortasun-politiketan, hiri-gobernantzan, garraio publikoaren antolaketan eta finantzaketan. Azkenik, UITPk antolatzen dituen berariazko prestakuntza-saioetara, jardueretara, ikastaroetara eta tailerretara joan ahal izango da IM, eta deskontu handiak izango ditu izen-emateetan. Ondorioz, alde on horiek guztiak ekarpen handia dira, eta garraio publikoaren arloan dauden azken aurrerabideez etengabe informatuta egoteko bidea emango diote IMri.

Beste albiste batzuk

  • Horiek egiten ari diren pertsonek etxera joateko hitzordua eskatzen dute objektu bat entregatzeko, bi euro ordaindu ondoren
  • Eskaintzak 1.500 erreserba baino gehiago ditu dagoeneko, 32.000 parte-hartzailerentzat
  • European Week for Waste Reduction ekimenaren webgune ofizialean eman du izena Mankomunitateak, ekintzen garatzaile moduan