Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2020/05/18

Tokiko garraio publikoa Europako susperraldi ekonomikorako planean sartzeko eskaera babestu du IMk

Garraio Publikoaren Nazioarteko Batasunak gutuna bidali du Europako erakundeetara eskaera hori egiteko

Iruñerriko Mankomunitateak, garraio publikoaren agintari eta nazioarteko operadore nagusiekin batera, Europako erakundeetarako gutun bat izenpetu du, bertan eskatzen baita tokiko garraio publikoa sektore giltzarria izatea Europako susperraldirako planean. 

Zehazki, gutuna UITP erakundeak igorri du (Garraio Publikoaren Nazioarteko Batasuna), garraio publikoaren arloko aktore guztiak eta garraio iraunkorreko modu guztiak elkartzen dituen mundu-mailako sare bakarrak, eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariari, Charles Michel Europar Kontseiluko lehendakariari eta David-Maria Sassoli Europako Parlamentuko lehendakariari bidali zaie.

Joan den asteazkenean igorri zen gutun horretan, izenpetu dutenek, batetik, tokiko garraio publikoaren sektoreak (hirikoa, hiri ingurukoa eta eskualdekoa) Europako ekonomiarako duen garrantzia eta, bestetik, EBren politikaren helburuetako asko eta garapen iraunkorrerako helburuak betetzean duen eginkizun giltzarria nabarmendu nahi dute. Hori dela-eta, deia egin diete Europako erakundeei hiri-garraio publikoaren sektorea EBko susperraldirako planeko sektore estrategikoen artean sartzeko, finantza-susperraldirako Europako neurrien onuradunak izango direnen artean. 

Dokumentu horretan, tokiko garraio publikoak Europako ekonomiarako eta susperraldirako ekartzen dituen onura nagusiak aurkezten ditu UITP erakundeak:

  • Bidaiarien kopurua. Europarrek ez dute inoiz erabili garraio publikoa 2019a baino lehenagoko urteetan adina, neurri handi batean ingurumenerako duen abantaila handiarengatik. COVID-19aren krisiaren aurretik, garraio publikoak Europan ia 60.000 milioi bidaiari-bidaia zituen urtean.

  • Ekarpena ekonomiari. Europako hiri- eta toki-garraio publikoko zerbitzuek ekonomiari egiten dioten ekarpenaren kantitatea 130.000 eta 150.000 milioi euro artekoa da urtean. Hori BPGaren ehuneko 1,0-1,2 da. Halaber, gutunean zehazten da garraio publikoaren onura ekonomikoak bertan inbertitzen den diruaren halako bost direla.

  • Enplegua sortzea. Garraio publikoaren sektorea enplegatzaile handienetako bat da toki-mailan, EBn 2 milioi pertsonari ematen baitie enplegua, hau da, garraioaren industria osoan enplegatutako 10 milioi pertsonen ehuneko 20ri. 

  • Osasuna eta iraunkortasuna. Garraio publikoak bizi-estilo aktiboak sustatzen ditu; izan ere, bidaia gehienek berekin ekartzen baitute garraio publikoko geralekuetara oinez edo bizikletaz joan behar izatea. Klima-aldaketari ere aipamen berezia egiten zaio, garraio publikoa, oinez eta bizikletaz ibiltzearen ondotik, klima gehien errespetatzen duen bidaiatzeko modua baita.

Europako erakundeei bidalitako testuak zehazten du koronabirusaren krisia hasi zenetik tokiko garraio publikoaren sektoreak kolpe gogor-gogorra jaso duela eta une honetan bizirik irauteko borrokatzen ari dela. Arazo nagusia garraio-txarteletatik datozen diru-sarreren murrizketa drastikoa da. Aste gutxi batzuetan, martxoaren erdialdeaz geroztik, bidaiarien kopurua ehuneko 90 ere jaitsi zen. Hiri- eta toki-garraio publikoko bidaiengatiko diru-sarreren galeren gutxi gorabeherako zenbatespen bat 40.000 milioi euro ingurukoa da 2020aren amaiera arte. Gainera, UITP erakundeak aurreikusten du bidaiarien kopurua murrizteak eta diru-sarreren galerak urte bat baino gehiago iraungo duela, beharbada bi urte edo gehiago, erabiltzaileek garraio publikoan duten konfiantza berreskuratu beharko baita. 

Ondorioz, UITP Garraio Publikoaren Nazioarteko Batasunak ondorioztatzen du garraio publikoari egin beharreko ekarpen publikoak ere arduraz ebaluatu eta babestu behar direla, tokiko garraio publikoko eta mugikortasuneko sistemak ezinbestekoak baitira Europako ekonomia suspertzeko, bai epe laburrean eta bai epe luzean ere. 

Gutuna, hain zuzen, garraioaren sektoreko 80 agintarik sinatu dute, 20 herrialdetako hiriak ordezkatzen dituztenek, eta haien artean dago Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria. Idatzia amaitzeko, adierazten da garraio publikoak bizirik irauteak lehentasuna izan beharko lukeela Europa-mailako erabakiak hartzeko ardura dutenentzat. Hori dela-eta, hertsatuki eskatzen zaie Europako erakundeei tokiko garraio publikoa susperraldi ekonomikorako Europako planaren barnean sartzeko eta zaintzeko sektoreak onura atera ahal izatea finantza-susperraldirako Europako neurrietatik. 

Beste albiste batzuk