Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2016/01/28

Iruñerriak Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plan baten proiektuari ekin dio

EHGaren barnean sartuta dauden Iruñerriko 18 udalak bildu dituen jardunaldia gaur goizean egin da, Civivox Condestablen

Gaur goizean, Iruñeko Civivox Condestable aretoan, Iruñeko metropoli eremuko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plan baten proiektuari (HMIP) heltzeko jardunaldi bat egin da. Hain zuzen ere, Iruñerriko Mankomunitateak antolatu du bilera, eta bertan parte hartu dute erakunde horretako ordezkariek, Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuaren barnean sartuta dauden 18 udaletako alkateek eta zinegotziek, eta hiri garraioko teknikariek. Jardunaldiaren helburua izan da, batetik, HMIP bat zer den azaltzea eta, bestetik, Iruñerrirako HMIP bateratu bat egiteari buruz, udalerrien ordezkarien aldetik, parte hartzeko prozesu bat abian jartzea. Zehazki, plan hori Europako ENDURANCE sarearen barnean gauzatuko litzateke. ENDURANCE tokiko gobernuei laguntzeko ekimen bat da, eta sostengua ematen die hiri mugikortasun iraunkorraren printzipioak garatu eta gauzatzean, HMIP planen bidez.

Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari Aritz Ayesak abiarazi du jardunaldia. Hasteko, adierazi du bileraren xedea dela Iruñerrirako mugikortasun eredu berri bat lortzea, eskualdea “bizitzeko egokiagoa, erakargarriagoa, seguruagoa eta iraunkorragoa” izan dadin. Era berean, iragarri du “lanaren oinarria parte-hartzea, gardentasuna eta adostasun bilaketa” izango dela, eta gaineratu du, horrenbestez, mugikortasunarekin lotutako interes talde guztiei entzuteko borondatea dutela.

Jardunaldiko lehen txostengilea Miguel Mateos izan da, bideetako ingeniaria eta garraioan aditua, GEA21 aholkularitza-enpresako kidea. Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plan baten (HMIP) oinarrizko printzipioak azaldu ditu, eta zehaztu du plangintza estrategikoko tresna bat dela, jada badiren plangintza jardunbideetan oinarritzen dena eta integrazio, parte-hartze eta ebaluazio printzipioak aintzat hartzen dituena, pertsonen eta salgaien mugikortasun beharrei erantzuteko. 

Mateosek ohartarazi du egungo hiri mugikortasun ereduak osasunarekin, ingurumenarekin eta zuzentasunarekin lotutako eragin negatibo askoren jatorria direla. Hartara, azken urteetan gero eta gehiago dira honetan ados daudenak: Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planak (HMIP) egoera horri aurka egiteko tresna egokia eta ezin hobea dira. HMIP batek aukera ematen du iraunkorrenak diren garraio-moduetarako irisgarritasuna hobetzeko, bide segurtasuna hobetzen du, eta energia kontsumoa eta igorpen kutsatzaileak murrizten ditu. Horrez gain, eraginkortasuna handitzen du bidaiarien eta salgaien garraioan, eta hiriguneen kalitatea eta erakargarritasuna emendatzen du.

Bere esku-hartzean, Mateosek garraio plan tradizional bat –zirkulazioan arreta jartzen duena eta espezialistek garatzen dutena– eta HMIP bat bereizi ditu. Izan ere, azken horrek pertsonengan jartzen du arreta, hirietako bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin, eta bere garapenean ekonomiaren eta gizartearen arloko agenteak ere inplikatzen edo ukitzen ditu, parte-hartzean oinarritutako ikuspegi garden batetik abiatuta. Jarraian, ondoko ohartarazpena egin du: “Neurri multzo baten eraginkortasuna ez da beti epe laburrean egiaztatzen: mugikortasunaren tempoa ez da tokiko gobernuen legegintzaldien tempoa”. Hori dela-eta, berrogeita hamar urtean eraikitako mugikortasun eredua eraldatzeko, Mateosek beharrezko ikusten du epe laburreko, ertaineko eta luzeko politikak gauzatzea. Alde horretatik, “HMIPak lanerako ildo iraunkorrak taxutu behar ditu, hiriaren ikusmolde adostu bat mamitzeko”.

Beste alde batetik, Mateosek jakinarazi du hiri eremuetan HMIPak hartzea eta garatzea orokortzera bideratutako pausoak eman dituztela erakundeek, eta, zenbaitetan, gainera, finantzatzeko hainbat tresna eskuratzeko aukerak mota honetako planak antolatzearen mende jarri izan direla. Berriki, Europar Batasunak tresnak garatu ditu eta ekimenak abiarazi, tokiko gobernuei sostengua emateko HMIPak garatzean. Ekimen horietako bat ENDURANCE izenekoa da, HMIPen Europako sarea. 25 herrialdetan garatzen ari den programa bat da, eta laguntza ematen die eskualdeei eta hiriei, euren Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planak garatzeko, harremanak erraztuta eta herrialde desberdinetako profesionalen arteko esperientziak trukatuta. Alde horretatik, Mankomunitateak ENDURANCEren lankidetza izan du gaurko jardunaldi teknikoa egiteko eta, horrenbestez, mota honetako planen oinarrizko printzipioak aztertzeko, Iruñerrian aplikatzeari begira.

Bigarrenik, Màrius Navazo aritu da, geografoa eta aditua mugikortasun planetan, eta hau ere GEA21 aholkularitza-enpresako kidea. Iruñerrian jarduteko egon litezkeen ildoak aipatu ditu. HMIPen esparruan, estrategia bat diseinatu behar da gure herrietan eta hirietan lekualdatzeko iraunkorrenak diren moduen eginkizun nagusia lortzeko, ibilgailu pribatuaren kaltean. Hala ere, adierazi du Navazok “ibilgailu pribatuaren erabilera arrazionalizatzeak ez du adostasun handia gizartean eta aldaketa horren aurrean mesfidantzak hainbat dira”. Hori dela-eta, HMPIek azkar gauzatu daitezkeen, malguak diren eta ekonomikoki egingarriak diren neurrietan oinarritutako jarduketa estrategiak planteatu behar dituzte, egin nahi den bidean aurrera egiteko modua emango dutenak, herritarrak inplikatuta eta aldaketaren aldeko aliatuak batuta. Alde horretatik, mugikortasun adituak ohartarazi du mugikortasun eredua aldatzea lor daitekeela gure kaleak modu desberdinean kudeatuta, “betearaz, balora eta alderatu daitezkeen neurri arinen bidez, eta, hartara, dauden mesfidantzak leunduta”.

José Luis Díaz Iruñerriko Mankomunitateko Hiri Garraioaren Arloko plangintza teknikariak esku hartu du ondoren. Zehazki, EHGaren sarearen diseinu berria planteatzen duen Eskualdeko Hiri Garraioaren berrantolaketaren azterlana azaldu du. Sarea berrantolaketak herritarren bizi-kalitatea hobetzeko xedea du, mugikortasunean nabarmen hobetuta. Azterlana 2013 eta 2014 artean egin eta joan den urtean aurkeztu zen. Eskualdeko mugikortasunaren ezaugarritze zehatza hartu zuen abiaburu, eta mugikortasuna simulatzeko plataforma bat baliatu zuen, emaitzen balorazio bat eta moduen banaketa bat (oinez, ibilgailu pribatuan, garraio publikoan eta beste batzuetan) lotzeko hainbat egoera planteatu zituena. Azterlanean, bi egoera dituen konponbide bat antolatzen da: sare optimizatu bat (egungo sarea hobetzea) eta ardatz nagusietan oinarritutako sarea. Azken egoera horrek oinarrian hiru linea nagusi izango lituzke, eta bertan 24 metroko autobusak ibiliko lirateke, zirkulaziotik bereizitako plataforma batean eta semaforoetan lehentasuna izanda. Hartara, hirigunean autobus gutxiago ibiliko lirateke eta modu iraunkorretaranzko moduen banaketa hobetuko luke: oinezkoak, bizikletak eta garraio publikoa.

Amaitzeko, Jesús Velasco Mankomunitateko Hiri Garraioaren Arloko zuzendariak azaldu ditu Mankomunitateak eta EHGaren lurralde esparruaren barnean dauden udalek, mugikortasun plana egiteko xedearekin, izenpetuko duten lankidetza hitzarmenaren proposamenaren ezaugarri nagusiak. 
Hitzarmenaren helburua da bai Mankomunitatearen bai udalerri interesdunen eskubideak eta betebeharrak ezartzea HMIPa egiteko. Hitzarmenaren zirriborroaren arabera, udalerriek betebehar batzuk hartu beharko lituzkete euren gain, besteak beste, lanei jarraipena egin ahal izateko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak eskaintzea, plana egiteko eskura duten informazioa ematea, eta parte hartzeko prozesuan laguntzea, udalerri bakoitzeko herritarren eta taldeen iritziak, kezkak eta ekimenak biltzeko. 

Bere aldetik, Mankomunitateak bere gain hartu beharko luke parte hartzeko prozesua gidatu eta zuzentzeko konpromisoa, eta egokiak liratekeen azterlanak egitekoa. Bai Mankomunitateak eta bai udalerriek baloratu eta hartu egin beharko lituzkete lanak egin bitartean proposatzen diren eta euren eskumenekoak diren gaiei buruzko neurriak, eta, behin adostuta legokeenean azterlanaren emaitza, administrazio bakoitzak plana ezartzeko politika aktiboak garatuko lituzke, betiere bere eskumenen eta aurrekontu baliabideen arabera.

HMIParen helburuak lirateke plan estrategiko baten balioa duen dokumentu bat lortzea; plana idaztean parte hartzeko prozesu publiko bat erraztu eta gauzatzea; HMIPa egiteko behar diren azterlanak egitea; eta hainbat neurri proposatzea, administrazio bakoitzak, hitzarmenaren ondoko fase batean, lituzkeen eskumenen eta aurrekontu baliabideen arabera, mugikortasun plana ezartzeko politika aktiboak garatzeko.

Lanei jarraipena egin ahal izateko, bi lantalde eratuko lirateke, bata gauzatze teknikokoa eta bestea erabaki politikokoa. Iruñerriko Mankomunitateak bere gain hartuko ditu idazteko lanak eta azterlanak egiteko egin behar diren gastuak. Hain zuzen, joan den abenduan onartutako “Iruñerriko Hiriko Garraioaren V. Plana, 2015-2016. Aldaketa” dokumentuan aurreikusita dagoen diru sailaren kontura finantzatuko ditu gastu horiek.

Beste albiste batzuk