Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2019/06/07

Hiri Garraioan bidaiatzean gizalegezko jokabidea hobetzeko kanpaina

Oinarrizko hamar aholkuk ahalbidetzen dute billabesaz egiten den bidaia erosoagoa eta funtzionalagoa izatea

Gaur goizean, Mankomunitateko lehendakariak, Aritz Ayesak, komunikazio-kanpaina berria aurkeztu du, Eskualdeko Hiri Garraioa erabiltzean gizalegezko jokabidea hobetzeko.  

Ayesaren arabera, hiri-autobusak erabiltzen dituzten pertsonen artean gizalegezkoak ez diren jokaerak ikusten dira nolabaiteko maiztasunarekin eta behin baino gehiagotan, eta horrek zailtasunak ekartzen ditu bizikidetzarako eta zerbitzuaz hautematen den kalitateari kalte egiten dio. Hori dela-eta, kanpainaren helburua da herritarrei informazioa eta orientazioa ematea, billabesaz bidaiatzeko oinarrizko gomendio batzuk erakutsita. “Garraio publikoan pertsona askok eta desberdinek bidaiatzen dugu; oso keinu errazekin, autobuseko bidaia zerbitzuaren erabiltzaile guztientzat lekualdatze erosoagoa eta funtzionalagoa izatea eragin dezakegu”, adierazi du IMko lehendakariak.  

Ayesak gogora ekarri du, gainera, kanpaina hau herritarrekin eta TCC enpresako langileekin zegoen konpromiso bat dela. Enpresa hori da zerbitzua ematen duena, eta bertako langileek estutasun-egoerei egin behar izaten diete aurre askotan, jokabide desegoki horiek bideratu behar izaten baitituzte.

Gaur goizean aurkeztutako kanpainak ongi bidaiatzeko hamar moduri heltzen die: 

1- Igo behar baduzu, egin ezazu beti geralekuan.
2- Ahots-tonu egokian hitz egiten baduzu, ez diezu eragotziko gainerakoei.
3- Errespetatu autobus-geralekura iritsi zareteneko ordena.
4- Utzi motxila lurrean, gainerako bidaiarientzat leku gehiago egoteko.
5- Errespetatu eserleku erreserbatuak eta utzi tokia haurdunei, adineko pertsonei edo mugikortasun-arazoak dituztenei.
6- Jarri haurren kotxeak haietarako erreserbatutako lekuan.
7- Ongi esertzen bagara, eserleku gehiago egongo da erabilgarri.
8- Saihestu autobusean jatea edo edatea.
9- Joan autobusaren atzealdera, ahal bada.
10- Musika entzuten baduzu, doitu bolumena.

Mankomunitateko lehendakariak gomendio garrantzitsuenetako batzuk nabarmendu ditu:

Igo behar baduzu, egin ezazu beti geralekuan. Geraleku batean gelditu eta gero, autobusak ateak itxi dituenean eta ibiltzen hasten denean, ezin du atea berriro zabaldu une horretan iritsi den bidaiari bati sartzen uzteko. Hori hala dago jasota ordenantzan eta segurtasun-arrazoiengatik egiten da. Horrenbestez, garrantzitsua da nabarmentzea ez dagoela gidarien borondatearen mende eta bidaiaren segurtasuna bermatzeko bete behar duten araua dela. 

Joan autobusaren atzealdera, ahal bada. Autobusean sartzen garenean garrantzitsua da ibilgailuaren atzealderaino joatea. Izan ere, ohikoa izaten da zenbait billabesatan sartzea zaila izatea, nahiz eta atzealdean lekua libre egon.

Errespetatu autobus-geralekura iritsi zareteneko ordena. Geralekura iritsi gareneko ordenari eustea komeni da autobusera igotzen garenean. Horrek ekiditen du bidaiariak pilatzea sartzeko atearen inguruan, eta beren adinarengatik edo egoera fisikoarengatik ahul edo zaurgarrienak diren pertsonei segurtasunez sartzeko modua ematen die.

Bi asteko kanpaina

Kanpaina hau gauzatzeko, hurrengo astelehenetik aurrera eta ekainaren 24a bitartean, eskupaperak banatu eta informazioa emateko pertxak kokatuko dira autobus guztietan. Horrez gain, eskupaperak banatuko dira bidaiari gehien hartzen dituzten geralekuetan eta EHGaren zerbitzuan sartuta dauden udaletan, eta haietan, gainera, informazio-kartelak jarriko dira. Beste alde batetik, bi astean publizitatea erakutsiko da markesinetan eta zortzi billabesaren kanpoaldean.

Adierazi behar da irailean berriro egingo dela kanpainaren zabalkundea. Orduan, era berariazkoago batean ikastetxe eta unibertsitateetara bideratuta egongo da, Mugikortasunaren Europako Astearen ospakizunekin bat eginez.

Eskualdeko Hiri Garraioak 20 urte

IMko lehendakariak aukera baliatu du nabarmentzeko legegintzaldi honetan 20 urte bete direla IMk bere gain hartu zuenetik Eskualdeko Hiri Garraioaren kudeaketa, eta 700 milioitik gora bidaia egin direla urte horietan guztietan. Azken lau urte hauetan, egitasmo handiei ekin zaie, besteak beste, Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planari eta sare nagusiak zehazteari –jada onartzeko fasean daude eta legegintzaldi honen zati handi bat hartu dute–, eta lehen autobus elektrikoak sartu dira zerbitzuan, Estatu osoan ibilgailu gehien duen eta %100 elektrikoa den lehen hiri-linea hornitzeko.

Beste alde batetik, egun martxan daude berrikuntza teknologikorako proiektuak eta 2019an zehar nobedadeak ekarriko dituzte. Esate baterako, ustiapena laguntzeko sistema eguneratzen ari da, hobekuntzak egin nahi dira itsuentzako irisgarritasunean eta proba pilotu bat egin nahi da txartelak kargatzeko. 

Gainera, aurten, tarifak bere horretan mantendu diren ondoz ondoko laugarren urtean, gazteentzako abonua eskuratzeko adina luzatu da (25 urtetik 30era) eta mugikortasun murriztua duten pertsonen gizarte-tarifan haien laguntzaileak edo albokoak sartu dira. Horrek guztiak bidaien kopurua nabarmen handitzen lagundu du. Izan ere, 2018an, 39 milioitik gorako kopurua lortu zen, IMk 1999an garraioaren kudeaketa bere gain hartu zuenetik izan den kopuru handiena, zehazki.  

Beste albiste batzuk

  • Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea ordeztuko du zerbitzu horrek
  • Jaien ingurunean bildutako hondakinen kantitatea %9,09 handitu da, eta bildutako beiraren kantitatea, %26,59
  • Aldaketaren arrazoi nagusia da urte sasoi honetan bidaiari kopurua nabarmen gutxitzen dela