Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2015/03/10

Gizartetik baztertuak izateko egoeran dauden pertsonentzako Eskualdeko Hiri Garraioko

Gizarte tarifa berriaren arabera (F tarifa), bidaia bakoitzak 0,17 € balioko du 2015ean

Joan den martxoaren 1ean, igandea, indarrean sartu zen Eskualdeko Hiri Garraioko F tarifa, gizartetik baztertuak izateko egoeran dauden pertsonentzat. Hain zuzen, Gizarteratzeko Errentaren jasotzaile izateko eskubidea ematen duen zenbatekoak baino baxuagoak diren diru baliabideak dauzkaten pertsonentzat da. Pertsona horiek txartel pertsonalizatua izango dute eta 2015ean bidaia bakoitzeko 0,17 € ordainduko dute.

Tarifa honek indarra hartzearekin batera A eta D tarifei dagozkien txartelak jaulkitzeari utziko zaio. Dena den, 2014ko abenduaren 31n aktibo zeuden profil horietako txartelei automatikoki luzatuko zaie balioa izateko epea 2019ko abenduaren 31 arte, eta orduan galduko dute. Kasu horretan, txartel horien jabeek ez dute inolako kudeaketarik egin beharko, luzapena aktibatu egingo baita, edo txartela billabesa batean erabiltzean, edo txartela kargatzeko gune batean.

Zehazki, martxoaren 1az geroztik indarrean dauden gizarte tarifak –eta haietarako txartel pertsonalizatuak jaulkiko ditu Mankomunitateak– hauek dira:

  • B tarifa, 65 urtetik gorako pertsonentzat (0,33 euro)
  • C tarifa, familia ugarientzat (0,47 euro)
  • E tarifa, %65eko edo gehiagoko ahalmen urritasuna, erabateko ezintasuna edo ezintasun handia duten pertsonentzat (0,33 euro) 
  • F tarifa, gizartetik baztertuak izateko egoeran dauden pertsonentzat (0,17 euro)

Tarifen marko berri hau ekainean osatuko da, orduan martxan jarriko baita hilabeteko abonua (30 euro), Eskualdeko Hiri Garraioa gehien erabiltzen duten pertsonentzat. Horrez gain, gazteentzako hilabeteko abonua (24 euro) jarriko da abian orduan, eta, hartara, J tarifak hartuko du indarra, 26 urtetik beherakoentzat. Aldi baterako abonuetan hirugarrena familia ugarientzakoa izango da (21 euro), eta hori ere ekainean jarriko da martxan. Gehitu behar da, gainera, ekainean garestitu egingo dela bono-busaren bidez ordaintzen den bidaiaren prezioa –0,67 € izan ordez, 0,70 € izango da–, eta bai C gizarte tarifarena ere –0,47 € izan ordez, 0,49 € izango da–.

Nola eskuratu F tarifa duen garraio txartela

F tarifa duen txartel berria eskuratzeko, ezinbestekoa izango da eskatzaileak hauek aurkeztea: eskabidea egiteko formularioa, ongi beteta eta sinatuta (dokumentua Mankomunitatearen webgunetik behera kargatu daiteke, lotura honetan); familia unitateko kide bakoitzaren argazki bat, NANeko argazkiaren tamainakoa (txartela edukiko duten kideena bakarrik); familia unitateko kide bakoitzaren NANa, 14 urtetik gorakoena eta txartela edukiko dutenena (14 urtetik beherakoen kasuan, txartela eduki behar badute eta ez badute NANik, familia liburua aurkeztuko da); eta gizartetik baztertua izateko egoeran dagoen familia unitate bateko kide dela egiaztatzen duen sinestamendua.

Gizarteratzeko Errentaren jasotzaile den familia unitate bateko kide izanez gero, txartela eskuratzeko interesa dutenek aurretiazko hitzordua eskatu beharko dute, Iruñerriko Mankomunitateko Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bidez, 948 42 32 42 telefono zenbakira deituta. Hitzorduko egunean eta finkatutako orduan Navas de Tolosa kaleko 29.ean dauden bulegoetara joan beharko dute, behar diren dokumentu guztiak dituztela. 

Alde horretatik, txartela eskuratzeko izapideak arintzeko helburuarekin, Nafarroako Gobernuak eta Iruñerriko Mankomunitateak hitzarmen bat izenpetu dute. Hitzarmen horretan, Gizarteratzeko Errentaren jasotzaile diren pertsonei buruzko informazioa trukatzeko baldintzak ezarri dira, neurri hau pertsona horientzat hartu baita.

Eskatzailea ez bada Gizarteratzeko Errentaren jasotzailea, baina bere diru sarrerak eta ondasun higiezinak eta higigarriak Gizarteratzeko Errenta jasotzeko eskubidea ematen duten kopuruak baino baxuagoak badira, bere udaleko gizarte zerbitzuengana jo beharko du, haiek egiaztatzeko gizartetik baztertua izateko egoera hori eta izapideak bideratzen hasteko. 

Txartelak 12 hilabetean egongo dira indarrean, eta ondoren, eskatzen zaionean, berriro egiaztatu beharko da F tarifa aplikatzea justifikatu zuen egoera. Txartela erabili ahal izateko, gutxienez, 5 euro kargatu beharko zaizkio, txartelak kargatzeko sareko edozein gunetan. Sare hori Mankomunitateko webgunean kontsulta daiteke, lotura honetan.

 

Beste albiste batzuk

  • Zuhaitza 2.530 botila berrerabilgarrik eratuta dago eta zortzigarren urtez jarraian kokatu da Baluarteko plazan
  • Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua