Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2019/05/27

Espetxerako taxi-zerbitzuak ordutegi luzeagoak izango ditu bihartik aurrera, asteartea

Nobedade moduan, gainera, bost urtetik beherako haurrek dohainik bidaiatzeko aukera izango dute

Bihartik aurrera, asteartea, espetxerako taxi-zerbitzuaren ordutegiak luzatu egingo dira eta bost urtetik beherako haurrek dohainik bidaiatzeko aukera izango dute.

Gogoan izango denez, Nafarroako Gobernuak, Iruñerriko Mankomunitatearekin eta Teletaxi San Fermín elkartearekin elkarlanean, eskaeraren araberako taxi-zerbitzua jarri zuen martxan Iruñeko espetxera joateko, duela urte bat justu.   

Zerbitzu hori erabiltzeko, erreserba bat egin behar da bidaia egin nahi den ordua baino lehenago (hamabost minutu eta hiru ordu artean lehenago), 948 232300 edo 948 351535 telefono-zenbakira deituta. Bidaiak prezio bakarra du, 0,70 €, hau da, billabesaz egiten den eta EHGaren txartelarekin ordaintzen den bidaia baten prezio baliokidea. Diru hori, ordea, eskudirutan baino ezin da ordaindu.

Erreserba egitean, interesdunek datu hauek eman behar dituzte: zerbitzua hasteko ordutegia, eraman beharreko pertsonen kopurua, haietakoren batek gurpildun aulkian bidaiatuko duen eta eskatzailea identifikatu ahal izateko izen bat. 

Joateko ibilbidea egiteko abiaburua bakarra da, eta Iruñeko autobus-geltokiaren ondoan dagoen taxi-geralekuan dago, kanpoaldean dagoenean (Yanguas y Miranda kalea, 2). Espetxetik hiriaren erdigunera itzultzeko, ordea, autobus-geltokiko geraleku horrez gain, beste bi aukera daude: Nafarroa etorbidearen 3an edo La Olivako Monasterioaren kalearen 19an jaistea taxitik.

Bidaia guztietarako erreferentziazko ordutegi batzuk daude ezarrita, orain luzatu direnak, eta Mankomunitatearen webguneko lotura honetan eta autobus-geltokiko eta espetxeko geralekuetan dauden zutoinetan kontsultatu ahal direnak.

Mankomunitateak eta Teletaxi San Fermín elkarteak izenpetutako kontratu berriaren arabera, zerbitzuaren iraupen maximoaren epea 2019ko azaroaren 30ean amaituko da. Finantzaketarako 25.000 euroko aurrekontua ezarri da (BEZa kanpo). 

Informazioa emateko 2.000 eskupaper argitaratu ditu Mankomunitateak, Iruñerriko taxietan banatuko direnak, eta bai kartelak ere, zerbitzuaren gaineko argibideak emateko espetxean eta Iruñerriko beste toki batzuetan. Era berean, zerbitzuaren ezaugarriak abiaburuko eta helmugako geralekuetan eta IMren webgunean ere kontsultatu ahal dira.  

Beste albiste batzuk

  • Zuhaitza 2.530 botila berrerabilgarrik eratuta dago eta zortzigarren urtez jarraian kokatu da Baluarteko plazan
  • Bihar, asteartea, izango den Komunaren Mundu Egunaren kariaz sustatutako kanpainarekin bat egin dute NILSAk eta IMk
  • Lasterketa egin bitartean zerbitzutik kanpo egongo da Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua