Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2019/08/22

Eskualdeko Hiri Garraioko zerbitzu berezia Sadar futbol-zelaira

Sadar kalean dagoen taxi-geraleku berria ere erabili ahal izango da, Nafarroa Arena pabiloiaren parean

Iruñerriko Mankomunitateak berriro egokituko du Eskualdeko Hiri Garraioko zerbitzu berezia, 2019/20 denboraldian Osasunaren partidak ikusteko Sadar futbol-zelaira joan nahi duten zaleei arreta emateko. Hain zuzen, zerbitzua martxan jartzea gorritxoek etxean jokatuko duten lehen partidan (Osasuna – Eibar) egingo da, heldu den larunbatean, abuztuak 24, 17:00etan.

Gogora ekarri behar da 9. linean (Renfe – Nafarroako Unibertsitate Publikoa) autobus elektrikoak ibiltzen direla joan den martxoaz geroztik, eta, hortaz, ibilgailu horien ezaugarri teknikoengatik, zerbitzuak NUPen amaitzen duela ibilbidea eta ez duela ibilbide hori futbol-zelairaino luzatzen.

Beste alde batetik, nobedade gisa, 11. lineak (Ezkaba – Sario eraikina) geraleku berria du Nafarroa Arena pabiloiaren parean, futbol-zelaitik metro gutxi batzuetara. 

Futbol-zelaira iristeko, hainbat linea

Oro har, partidak baino ordu bat lehenagotik eta hamar minutu geroago arte, 1. lineak (Unibertsitateak) eta 6. lineak (Arrotxapea – Nafarroako Unibertsitate Publikoa) ibilbidea luzatzen dute futbol-zelaira iristeko. Halaber, lehenago adierazi den moduan, 9. linea (Renfe – Nafarroako Unibertsitate Publikoa) NUPeraino iristen da. 

Gainera, 'Errefortzua Futbola Hirigunea' (R1) izeneko zerbitzu berezi batek, 10 minuturo, hirigunea futbol-zelaiaren atearekin konektatzen du zuzenean, partida baino ordubete lehenagotik eta ordu erdi geroago arte. R1 errefortzu honekin, Zaragozako etorbidearen 6-8.etik autobusa har daiteke Sadar futbol-zelairaino. Aukera hori bereziki onuragarria da hirigunera beste edozein linea erabilita joaten direnentzat, Eskualdeko Hiri Garraioko lineen arteko aldaketak doakoak baitira garraio-txartela erabiltzen bada. 

'Errefortzua Futbola Barañain' (R2) izeneko beste laguntza-linea batek, 19. lineak (Monjardín Mendiaren k. – Barañain) dituen ibilbide eta geraleku berberekin, futbol-zelaiarekin konektatzen du partida baino berrogeita hamar minutu lehenagotik. Partida bakoitza amaitu eta handik hamabost minutura, itzuli egingo da Barañaingo Haraneko etorbideraino. 

Bestalde, gogorarazi behar da 16. lineak (Aitzoain – Noain – Beriain) geraleku bat duela Zaragozako etorbidean, futbol-zelaitik bost minututara oinez, eta 11. lineak (Ezkaba – Sario eraikina) Sadar estadioaren inguruetan dituela geralekuak. 

Partidak amaitzean, martxan jarraituko dute L1, L6 eta L9 lineek ibilbidea amaitu arte, eta bai R2 errefortzua Barañaineraino eta R1 ere hiriguneraino. Hirigunean, lineaz aldatu ahal izango da, beste edozein linea edo ohiko gaueko zerbitzua erabiltzeko, partida eguneko azken orduan amaitzen bada. 

Jada gaueko zerbitzurik ez dagoen ordu batean amaitzen bada partida, amaitu ondoren hamar minutu geroago martxan jarraituko dute L1, L6 eta L9 lineek –ibilbidea osorik egingo dute– eta bai R1 eta R2 errefortzuek ere.

Lotura honetan, Sadar futbol-zelairako zerbitzu bereziari buruzko informazioa duen planoa behera kargatu ahal da.

Taxi-geraleku berria, Nafarroa Arenaren parean

Gainera, nabarmendu behar da abuztuaren 1az geroztik taxi-geraleku berria dagoela Sadar kalean, Nafarroa Arena pabiloiaren parean, lehenago aipatu den EHGko 11. linearen geraleku berritik hurbil. 

Beste albiste batzuk