Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2020/02/07

Eskualdeko Hiri Garraioak berriro ere maximo historikoa erregistratu zuen 2019an bidaien kopuruan

40,6 milioi bidaia baino gehiago izanda, jarraian hazkundea izan duen bosgarren urtea da

Eskualdeko Hiri Garraioak 40.639.355 bidaia erregistratu zituen joan den urtean, hau da, orain arte erregistratu den maximo historikoa eta, 2018ko kopuruarekin alderatuta, %4,2ko hazkundea izanda. 2009. eta 2014. urteen artean erregistratu zen beheranzko joeraren ondotik, hazkundea izan den bosgarren urte kontsekutiboa da. 

2015. urteaz geroztik izan den hazkunde-joeraren barnean, bidaien emendatzea nabarmendu egin da 2017. urtearen amaieraz geroztik; hartara, 2015. eta 2017. urteen artean %4,1 eta %4,3 arteko bidaia emendatzea izatetik 2018an %5,5ekoa eta 2019an %4,2koa izatera igaro da.

Ehunekoetan, eguneko garraioko bidaien kopurua %4,11 handitu zen eta gaueko bidaien kopurua %7,6. Gainera, nabarmendu behar da linea guztietan izan zela emendatzea bidaia-kopuruan.

2019an, berriro ere, gehien erabili ziren lineak 4. linea (Barañain – Atarrabia), 8.447.631 bidaiarekin, eta 7. linea (Atarrabia – Txantrea – Barañain), 3.809.490 bidaiarekin, izan ziren. 16. linea (Aitzoain - Noain - Beriain) izan zen, aurreko urtearekin alderatuta, bidaia-kopuruan emendatze handiena izan zuen linea, 252.987 bidaia gehiago egin baitziren, %7,9 gehiago. Halaber, beste linea hauetan ere hazkunde handia erregistratu zen: 7. linea (Atarrabia – Txantrea – Barañain), 189.294 bidaia gehiago izanda, hau da, %9,4 gehiago; 4. linea (Barañain – Atarrabia), 149.927 bidaia gehiago izanda, %1,8 gehiago; eta 18. linea (Zizur Nagusiko urbanizazioa – Sarriguren), 122.762 bidaia gehiago izanda, %3,9 gehiago. Emendatze erlatibo handiena izan duen linea 23. linea (Cordovilla – Olloki) izan zen, %32,65ekoa izanda.

Gaueko lineen artean, beste urte batez, linea erabiliena N7 izan zen (Sarasate pasealekua – Sanduzelai – Txantrea – Nafarroa Beherea), 221.829 bidaia izan baitzituen. Ehunetakoei dagokienez, hazkunde handiena N9 lineak (Sarasate pasealekua – Orkoien) izan zuen, bidaia kopurua %15,7 handitu baitzen bertan.

Beste alde batetik, gogora ekarri behar da Mankomunitateak 13 ibilgailu sartu zituela zerbitzuan: martxoan sei autobus %100 elektriko izan ziren, eta lineen buruetan kargatzeko bi gune jarri ziren, 9. linea abian jartzeko –erabat elektrikoa den linea–; eta ekainean, zazpi autobus hibrido, gasolioa eta elektrizitatea baliatzen dutenak. Hamahiru autobus horiek aintzat hartuta, flotan teknologia hibridoa duten 40 autobus daude, hau da, ibilgailu guztien %27 dira halakoak, eta 6 autobus elektriko, guztien %4. 

EHGko 30 Eguneko 115.159 abonu

Jakina denez, 2015eko ekainaz geroztik Eskualdeko Hiri Garraioak 30 Eguneko Abonua du. Abonu horrek, hain zuzen, prezio finko batean nahi adina bidaia egiteko aukera ematen du 30 egun naturaleko epean, nahi den egunetan eta nahi den orduetan. Aldi baterako abonu horiek hiru motatakoak dira: orokorra, 31 urtetik beherako erabiltzaileentzakoa (2018a arte 26 urtetik beherakoentzat izan zen) eta familia ugarientzakoa. 2019an, Hiri Garraioko 30 Eguneko 115.159 abonu kargatu ziren. Aurreko urtean 104.276 abonu izan ziren, eta, hortaz, %10,4 handitu da kopurua. 2019ko abonu guztietatik 40.199 abonu orokorrak izan ziren, 59.961 gazteentzako abonuak eta 14.999 familia ugarientzakoak.

Abonu horiek baliatuta, guztira, 7.374.786 bidaia egin ziren: 3.065.770 bidaia 30 Eguneko Abonu orokorraren kategorian, 3.388.464 bidaia gazteentzako 30 Eguneko Abonuaren kategorian eta 920.552 bidaia familia ugarientzako 30 Eguneko Abonuaren kategorian. Hartara, urtean zehar egin ziren bidaien %18,2 ordaindu ziren abonu horien bidez.

2019an, 33.826 txartel pertsonalizatu jaulki ziren, haietan abonuak kargatu ahal izateko. Haietatik, 2.646 ‘heldu’ modalitatekoak izan ziren, 6.557 ‘gazte’ modalitatekoak, 6.900 familia ugarientzakoak eta 17.723 gainerako gizarte-profiletakoak. 

Amaitzeko, aipatu behar da 2019an 10.025 txartel jaulki zirela F gizarte-tarifari dagokion profilarekin, hau da, gizartetik baztertuta gelditzeko arriskuan diren pertsonentzat. Profil horren kontura 4.429.058 bidaia egin ziren; bidaia guztien %10,7, zehazki.

Garraio-txartelak sakelako telefonoaren bidez kargatzea 

Joan den irailaren 17az geroztik ‘EHGko birkarga’ aplikazio berria erabilgarri dago, Eskualdeko Hiri Garraioko txartelak sakelako telefonoaren bidez kontsultatu eta kargatu ahal izateko. Aplikazioa proba pilotu moduan dago, eta  Android sistema eragilea duten sakelako telefonoetan baino ez dago operatibo eta soil-soilik NFC teknologia duten mugikor-modelo batzuetan. Mugikor-mota horietako bat duten pertsonek edozein unetan eta eskudirurik behar izan gabe kargatu ahal dute Eskualdeko Hiri Garraioko txartela. 

Urte amaiera bitartean, instalazio aktiboen kopurua 14.663koa zen. Epe horretan, guztira, 37.697 birkarga egin ziren, eta horren zenbateko osoa 403.602 eurokoa izan zen. Birkarga horietatik guztietatik 3.676 EHGko abonuenak izan ziren, eta haien zenbatekoa 91.053 eurokoa izan zen; eta 34.021 birkarga txanpon-txartelarenak izan ziren, eta haien zenbatekoa 312.549 eurokoa izan zen. 

Zortzi udalerri gehiago, taxi-zerbitzua emateko eremuan

2019an, Iruñerrian taxi-zerbitzua batera emateko lurralde-eremuan udalerri hauek sartu ziren: Etxauri, Elo, Legarda, Ultzama, Tiebas-Muru Artederreta, Muruzabal, Odieta eta Uterga. Horrenbestez, taxi-zerbitzua batera emateko lurralde-eremua hogeita zazpi udalerrik eratzen dute egun.

Beste alde batetik, 2019an, jarraipena eman zitzaion 2018ko maiatzean abian jarri zen Iruñeko espetxerako taxi-zerbitzu erregularrari, eskaeraren araberakoari. 2019an, 2.318 zerbitzu egin ziren, eta haietan 4.931 pertsona garraiatu ziren. Horrenbestez, egindako zerbitzu bakoitzeko batezbestekoa 2,13 pertsonakoa izan zen. 

Horrez gain, abuztuaren 1ean, aireporturako taxi-zerbitzu erregularra jarri zen martxan, eskaeraren araberakoa, ordura bitartean Eskualdeko Hiri Garraioan martxan egon zen linea ordezteko. Guztira, urte amaiera bitartean, 1.799 zerbitzu egin ziren, eta haietan 3.415 pertsona garraiatu ziren. Hortaz, egindako zerbitzu bakoitzeko batezbestekoa 1,90 pertsonakoa izan zen.

Beste albiste batzuk

  • N1, N2 eta N7 lineek emango dute zerbitzua, gaueko zerbitzuko egungo eskaeraren %70 hartzen baitute hiruren artean
  • Lauhilekoaren amaieran ordainduko litzateke itxialdiak ukitutako egunei dagokien fakturaren zatia
  • COVID-19aren aurka egiteko Nafarroako Gobernuak agindutako neurrien artean ezarrita dago Hiri Garraioan gehieneko edukiera %50ekoa izango...