Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2021/05/12

Ekintza berriak, EHGaren segurtasuna hobetzeko pandemian zehar

“Tu Villavesa” aplikazioak autobus bakoitzaren okupazio-mailari buruzko informazioa hartuko du barne

Gaur goizean, Iruñerriko Mankomunitateak eta Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuaren enpresa emakidadunak, TCC Pamplonak, pandemian zehar EHGaren segurtasuna hobetzeko ekintza berriak aurkeztu dituzte. Aurkezpen-ekitaldi horretan, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, David Campión, SCPSAko Garraio Arloko zuzendaria, Jesús Velasco, eta TCC Pamplonako zuzendari kudeatzailea, Ramón Palau, izan dira.

Lehenik eta behin, gaurtik aurrera, “Tu Villavesa” aplikazioak –Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuaren datuei buruzko informazioa ematen du denbora errealean– billabesen okupazioaren iragarpena jasoko du, COVID edukiera-mugekiko.

Gogoan izango denez, kutsatzeak ekiditeko helburuarekin, Nafarroako Gobernuak ezohiko neurriak ezarri zituen foru-agindu baten bidez. Hartara, urriaren 22tik aurrera, billabesetarako %50eko gehieneko edukiera agindu zen, “betiere flotaren gehieneko edukierak horretarako aukera ematen badu”.

“Tu Villavesa” aplikazioak erakutsiko duen informazio berriarekin, EHGaren erabiltzaileek linea bakoitzeko autobusen okupazioaren zenbatespenaren berri izateko aukera izango dute. Iragarpen horrekin –egunero kalkulatuko da berriro, zerbitzuaren datuen historikotik abiatuta–, beren ordutegi-aukeren barnean, hutsago doazen autobusak hautatu ahal izango dituzte erabiltzaileek.

“Tu Villavesa” app-aren funtzionaltasun berria algoritmo batean oinarritzen da, eta algoritmo horrek ‘machine learning’eko tresnak eta sare neuronalak baliatzen ditu, okupazioko zenbatespen zehatzak egiteko. Hartara, EHGaren erabileraren datu historikoz elikatzen da sistema eta egunero eguneratzen ditu iragarpenak.

Aplikazioaren bidez erakutsiko diren COVID edukiera-mugen gaineko okupazio-mailak bost izango dira:

Alde horretatik, eta billabesek egunero egiten dituzten 3.000 ibilaldiak baino gehiago kontuan hartuta, gogora ekarri behar da %3 baino gutxiago direla Foru Aginduan finkatutako edukiera gainditzen dutenak (oso okupazio altua). Gutxi gorabehera, 70 bidaia.

Aplikazioan, bidaia bakoitzaren okupazioari buruzko informazioa kontsulta egindako lineak egiten duen ibilbidearen geraleku bakoitzari lotuta agertuko da. Era berean, geraleku bati lotutako informazioa kontsultatu ahal izango da, kokaleku horretan geldituko diren linea guztien okupazioaren aurreikuspena ezagutzeko.

Kontsulta egiten den egunerako iragarpenez gain, aplikazioaren bidez, kontsulta hori egin den egunaren hurrengo eguneko okupazioen zenbatespenaren berri izateko aukera ere egongo da. 

Okupazioaren aurreikuspena jada integratuta dago “Tu Villavesa” aplikazioan, bai Android bertsioan bai eta IOS bertsioan ere. Horrenbestez, operatibo egongo da aplikazioaren deskarga berrietan edo aplikazioa jada instalatuta duten smartphone-etan automatikoki eguneratzen denean. 

Isilik bidaiatzea gomendatzeko kanpaina

Beste alde batetik, hurrengo egunetan, billabesako bidaietan ez hitz egitea gomendatzeko kanpaina bat abiaraziko du Mankomunitateak, COVID-19aren aurreko prebentzio-neurri bat gehiago bezala. Komunikazio-ekintzaren leloa “Isilik seguruago bidaiatzen dugu” izango da, eta xedea izango du erabiltzaileek beren artean edo telefonoz hitz egin gabe bidaiatzea, hartara, aerosol gutxiago sortuko baita eta, beraz, are gehiago murriztuko baita kutsatzeko arriskua. 

Billabesen atzealdean errotulazioak kokatuta, markesinetako publizitate-guneetan kokatuta eta autobusen barnealdean kartelak jarrita emango zaio zabalkundea kanpainari. Eta horrez gain, materiala bidaliko zaie Garraio Arloaren barnean dauden udalei eta ikastetxeei. 

IMk eta garraioaren zerbitzuaren enpresa emakidadunak, TCC Pamplonak, planteatutako beste neurri batzuei eta Nafarroako Gobernuak pandemian ezarritakoei gehitu behar zaie gomendio hau, besteak beste, maskara nahitaez erabiltzeari, leihoak irekitzeari airea ibiltzea laguntzeko eta ibilgailu guztietan gel hidroalkoholikoa emateko banagailuak kokatzeari (banagailu bat autobus zurrunetan eta bi artikulatuetan). 

Gainera, gogoan izan behar da TCC Pamplonak Eskualdeko Hiri Garraioko instalazioak eta ibilgailuen flota higienizatu eta kontrolatzeko protokoloa aurkeztu zuela joan den urteko ekainean. Herrialdean eman zen lehen protokoloetako bat izan zen, eta zerbitzua erabiltzeko orduan segurtasuna bermatzen du. 

Halaber, adierazi behar da Iruñerriko kutsatuen eguneroko kopuruak igo eta jaitsi egiten direla billabesen erabilerarekin loturarik izan gabe, zeina egonkorra den duela hilabete batzuetatik. Gainera, billabesetako gidariek ez dute intzidentzia aipagarririk izan COVID-19aren ondorioz. 

QR kodea, pandemian zehar EHGaren ekintzen berri izateko 

Azkenik, gaur goizean webgune bat aurkeztu da, QR kode bat irakurrita kontsultatu ahal izango dena. QR kode hori billabesen leihoetan kokatuta egongo da, eta pandemian zehar Eskualdeko Hiri Garraioak gauzatu dituen ekintza guztien berri izateko bidea emango du. 

Hartara, EGHan isilik bidaiatzeko gaur aurkeztu den kanpainaz eta “Tu Villavesa” aplikazioaren funtzionaltasun berriaz gain, hartutako neurriak eta ekintzak gogorarazten dira bertan, esate baterako, edukieraren kontrola, maskarak erabiltzeko betebeharra, airea berritzea billabesetan, ibilgailuen higienizazioa eta kontrola, gel hidroalkoholikoa emateko banagailuak kokatzea, kontakturik gabeko txartelarekin ordaintzeko gomendioa, eta bai pandemian zehar EHGaren zerbitzua erabiltzeari buruzko aholku guztiak billabesen barnean erabiltzaileei gogorarazten dizkieten mezu akustikoak eta bisualak ere.  

Beste albiste batzuk

  • Erakundeak iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmendu du Campiónek, bere jarduketa guztiak markatzen dituena
  • Parte hartzeko, Mankomunitatearen webgunean izena eman behar da: www.mcp.es
  • Gainera, gaueko zerbitzuaren ordutegia pandemiaren aurreko bera izatera itzuliko da