Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2015/07/02

Bederatzi ibilgailu berri, Eskualdeko Hiri Garraioko flotan

Ibilgailu berri hauek lanean hasita, egun flotan 139 ibilgailu daude eta haien batez besteko adina 7,5 urtekoa da

Gaur goizean, Baluarteko plazan egindako ekitaldi batean, Iruñerriko Mankomunitateak bederatzi billabesa aurkeztu ditu, gaurtik aurrera Eskualdeko Hiri Garraioko flotako autobus berriak izango direnak. Ekitaldian parte hartu dute Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari José Muñozek eta Moventia taldeko kontseilari delegatu Josep María Martík.

Autobus berriak zurrunak dira, 12 metroko luzera dute, eta 867 bidaiari arrunt eta mugikortasun murriztuko 18 lagun sartzeko tokia dute. Bederatzi ibilgailu horietatik lau hibridoak dira, VOLVO 7900 modelokoak, eta, beraz, motor elektrikoa eta gasolio bidezkoa dituzte. Bi motor horiek paraleloan funtziona dezakete edo modu independentean. Konfigurazio horrek aukera ematen du erregaia aurrezteko, %25, hain zuzen, ohiko motorrekin alderatuta. Hiru autobus SCANIA etxekoak dira, eta azken biak, MAN etxekoak, eta denek CASTROSUA karrozeria dute. Nabarmendu behar da bederatzi ibilgailuek betetzen dituztela Europar Batasunak ezarritako EURO VI kutsadura mugak.

Hitza hartu duenean, José Muñozek adierazi du ekainaren 18ko 11/2014 Foru Legearen ondoriozko egoerak bermatu duela hiru urteren ondoren, bederatzi autobus hauen bidez, flota berritzeko behar zen finantza egonkortasuna. Gainera, hauek beste bederatzi autobus artikulaturen aurretik etorri dira, aurreikusten denez, bederatzi autobus artikulatu horiek hurrengo urtearen hasieran jarriko baitira martxan. Muñozen arabera, Eskualdeko Hiri Garraioaren flota berritzea zerbitzuaren kalitatean, erosotasunean eta segurtasunean zuzenean eragiten duen alderdietako bat da.

Bere aldetik, Moventia taldeko kontseilari delegatu Josep María Martík adierazi du pozik dagoela bederatzi autobus berri hauek aurkezteagatik, teknologia berrien eta, lau ibilgailu hibridoen kasuan, igorpenak gutxitzeari aplikatutako berrikuntzaren abangoardian baitaude. Era berean, garraio publikoak Iruñean eta Iruñerrian kalitateko zerbitzua ematen jarraitzeko Mankomunitateak eta enpresa kontzesiodunak egindako ahalegina nabarmendu nahi izan du.

139 ibilgailuko flota eta, batez beste, 7,5 urteko adina

Bederatzi ibilgailu berri hauek martxan jarri eta bederatzi zaharrenak kentzean, EHGko flotak, lehen bezala, 139 ibilgailu ditu, eta haien batez besteko adina 7,5 urtekoa da. 139 ibilgailu horietatik 49 artikulatuak dira; 87, tamaina estandarrekoak (12 metro); eta 3, 9,7 metrokoak.

Bederatzi ibilgailu berriak lanean hasiko dira zerbitzu honetarako urteko egun zailenekin batera: sanferminak. Izan ere, jaiek irauten duten bitartean, flotako 139 ibilgailuek 260.000 kilometro egingo dituzte, ia 20.700 orduko zerbitzua emango dute eta 1.600.000 bidaiaritik gora eramango dituzte batetik bestera.

Beste albiste batzuk

  • Sadar kalean dagoen taxi-geraleku berria ere erabili ahal izango da, Nafarroa Arena pabiloiaren parean
  • Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea ordeztuko du zerbitzu horrek
  • Jaien ingurunean bildutako hondakinen kantitatea %9,09 handitu da, eta bildutako beiraren kantitatea, %26,59