Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2020/10/30

Astelehenetik aurrera, Hiri Garraioko gaueko hamar lineetatik hiruk baino ez dute emango zerbitzua

N1, N2 eta N7 lineek emango dute zerbitzua, gaueko zerbitzuko egungo eskaeraren %70 hartzen baitute hiruren artean

Azaroaren 2tik aurrera, astelehena, Hiri Garraioko gaueko hamar lineetako zazpi bertan behera utziko ditu Iruñerriko Mankomunitateak.

Zehazki, zerbitzua ematen jarraituko duten lineak hauek izango dira: N1 (San Ignazio etorbidea – Zizur Nagusia), N2 (Sarasate pasealekua – Barañain) eta N7 (Sarasate pasealekua – Sanduzelai – Txantrea – Nafarroa Behereko etorbidea). Eta egungo ordutegiaren arabera egingo dute, 00:00ak arte.

Gaueko zerbitzua murrizteko erabakia alarma-egoera agindu eta 23:00 eta 06:00 artean dagoen etxeratze-agindua ezarri izanaren ondorioz hartu da, bidaiarien kopurua nabarmen gutxitzea ekarri baitu.

Jarraian dagoen grafikoan ikus daitekeen moduan, joan den igandea, urriak 25, eta asteazkena artean, urriak 28, gaueko mugikortasuna murriztu ondoren, bidaiarien kopurua %79,26 gutxitu zen (145 guztira), aurreko asteko egun berberetan erregistratutako kopuruaren aldean (igandetik asteazkenera, urriaren 18tik 21era), guztira 699 bidaiari izan baitzituzten egun horietan.

Aurreko urtearekiko, aste baliokide bateko bidaiarien kopurua %91 murriztu da. Hartara, 2019ko urriaren 27a eta 30a artean 1.625 bidaia egin ziren gaueko zerbitzuan, eta hil honetako 25a eta 28a artean 145 baino ez dira egin.

Nabarmendu behar da zerbitzua ematen jarraituko duten hiru lineek gaueko zerbitzuaren egungo eskaeraren %70 hartzen dutela. Haietatik N1 eta N2 lineak ospitaleetatik igarotzen dira, eta N7a da azken asteetan nolabaiteko erabilera izan duena.

Beste geraleku bat 23. linean

Beste alde batetik, Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuak beste geraleku bat izango du azaroaren 2tik aurrera, astelehena. Hain zuzen, Uharteko Intxaurdia kalearen 1ean egongo da, Itaroa merkataritza-gunearen ondoko gune berrian (Ollokirantz). 23. lineari (Cordovilla – Olloki) emango dio zerbitzua, eta, gaueko zerbitzu osoa abian jartzen denean, baita N5 lineari ere (Nafarroako Gorteen kalea – Uharte).  

Geraleku hau martxan jartzeak garraio-zerbitzua hobetuko du, bereziki, merkataritza-gune berri horretara joaten direnentzat eta Uharteko alde zaharreko bizilagunentzat.

Indarrean dauden ordutegi eta maiztasunen informazio zehatza Hiri Garraioaren webgunean kontsultatu ahal da (www.infotuc.es), “Tu Villavesa” aplikazioan eta IMk herritarrei arreta emateko duen telefono-zenbaki honetan: 948 423242.

Beste albiste batzuk

  • Bisita gidatuak, jarduera osagarriak, lehiaketak, erakusketak, biomaratoiak eta ibai-ertzak garbitzeko saioak dira proposamenetako batzuk
  • IMk 2018an proiektatu zuen Sareak Berritzeko Planeko aurreneko jarduketetako bat da
  • Aurreikusita dago Ibai Parkean sortu den baso berri horrek 503 tona CO2 xurgatzea 30 urtean