Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2016/12/20

Arazuriko HUAko biogasa Mankomunitateko ibilgailuetan erabiltzeko esperientzia pilotua

Autobus bat, hiri garraioko zerbitzua emango duena, eta hondakinak biltzeko bi kamioi erabiliko dira.

Gaur goizean, Arazuriko Hondakin Uren Araztegian, Iruñerriko Mankomunitateko flotako hiru ibilgailutan erabiltzeko eta banaketa sarean sartu ahal izatea aztertzeko helburuarekin biogasa arazteko proiektu pilotua aurkeztu dute. Mankomunitateak, Hera Taldeak eta Gas Natural Fenosak elkarrekin sustatu dute proiektua, eta, horrez gain, NILSA enpresa publikoaren (Nafarroako Gobernuaren mendekoa), SODENA sozietate publikoaren, eta TCC eta FCC enpresen laguntza izan du, hurrenez hurren, garraio publikoaren eta hondakin bilketaren arduradunak.

Proiektu pilotu hau klima aldaketaren kontrako borrokaren testuinguruan sartu behar da; eta, zehazki, Iruñerriko Mankomunitateak igorpenak murrizteko 2014an abian jarri zituen ekintzen barnean. Hartara, proiektuaren bidez, erregai moduan gasolioa erabiltzearen alternatiba edo aukera iraunkorrak bilatu nahi dira, gasolioa erabiltzea baita erakundearen igorpen iturri nagusietako bat, bere zerbitzuak emateko dituen ibilgailu astunen flota handia eta garrantzitsua dela-eta.

Planta esperimentalak biogasa sortuko du sei hilabetean. Sei hilabete horietan, hiru ibilgailu biogasez hornitzeko esperientzia garatuko da: inauste hondakinak biltzeko bi kamioi, FCC enpresak utzitakoak eta biogasa erabili ahal izateko behar duten teknologia dutenak; eta Mercedes fabrikatzaileak TCC hiri garraioaren kontzesiodunari lagatako autobus bat, eskualdeko sareko hainbat lineatan bidaiarien zerbitzua emango duena.

Arlo honetan Espainian garatzen ari diren lehen proiektuetako bat da hau, eta Gas Natural Fenosa sustatzen ari da gas berriztagarrien merkatua garatzeko asmoz, haien artean biometanoa.

Biogasa, baliabide iraunkorra

Arazuriko araztegiko biogasa hondakin urak arazteko prozesuan lortzen diren geldikin biologikoetatik dator. Prozesu horretan sortzen diren lohiei digestio anaerobikoko tratamendu bat egiten zaie, eta hartatik, emaitza moduan, biogasa eta nekazaritzan edo konposta egiteko erabiltzen diren lohiak lortzen dira.

Araztegi hau abian jarri zenetik, duela hogei urte baino gehiago, biogasa, nagusiki, energia elektrikoa sortzera bideratzen zen, bai instalazioa bera hornitzeko eta bai sareari saltzeko ere.

Iruñerriko Mankomunitateak, Hera Taldeak eta Gas Natural Fenosak elkarrekin aztertu behar duten eta gaur aurkeztu den teknologia berria bideratuta dago biogasa Mankomunitateko flotako ibilgailu astunetan erabiltzera. Horretarako, bai TCC enpresak eta bai FCC enpresak erregai berriak beren ibilgailuetan duen errendimendua aztertuko dute.

Teknologia hau Ekonomia Zirkularraren printzipioetan sartzen da; izan ere, Iruñerriko biztanleek sortutako hondakin uretatik eratorritako baliabideak berak erabiltzen baitira hiri autobusak eta hondakinen kamioiak mugiarazteko erregaiak sortzeko.

Era berean, biogasari erabilera berri hau emanda eraginkortasun handiagoa lortuko da energia eskuratzean, energia elektrikoa sortzen denean dagoen aprobetxamenduarekin alderatuta, handiagoa izango baita kasu honetan.

Araztegia bera hornitzeko energia elektrikoa kanpoko hornitzaileek emango lukete, energia berdearen ziurtagiriarekin, hau da, jatorri berriztagarriko energia izango litzateke.

Esperientzia pilotua amaitu eta gero, hainbat faktore aztertuko da, hala nola lortutako biogasaren kalitatea, ibilgailuen kontsumoa eta ekoizteko ahalmena. Gero, informazio hori izanda, erabakiak hartu ahal izango dira, erregai iraunkor hori hurrengo urteetan Iruñerriko Mankomunitateko flotaren zati handi batera zabaltzeko aukerari buruz eta gas naturaleko sarean sartzeko bideragarritasunari buruz. Hori guztia Mankomunitatea, karbonoari dagokionez, 2030ean neutroa izateko helburuarekin egingo da, erakundearen Plan Estrategikoan berriki onartu denaren arabera.

Lehen azterlanak Gongorako Hiri Hondakinak Tratatzeko Zentroan

Ibilgailuetarako biogasa ekoizteko azpiegitura hau Arazuriko Hondakin Uren Araztegian ezartzea aurretiazko proiektu baten ebaluazioaren ondoren erabaki da, Gongorako HHTZko zabortegian egin zena. Urte honetako lehen hilabetetan, Mankomunitateko, Hera Taldeko eta Gas Natural Fenosako talde teknikoek zenbait proba egin zuten, zabortegiko biogasa erabilita biometano estazio hau ezarri zitekeen edo ez ikusi eta erabakitzeko. Baina, kontuan hartuta, batetik, neurketen emaitzak eta, bestetik, Gongoran hondakin organikoak isurtzea epe laburrean desagertuko dela, komenigarri jo zen Arazuriko proiektu hau bultzatzea.

Beste albiste batzuk

  • Lauhilekoaren amaieran ordainduko litzateke itxialdiak ukitutako egunei dagokien fakturaren zatia
  • COVID-19aren aurka egiteko Nafarroako Gobernuak agindutako neurrien artean ezarrita dago Hiri Garraioan gehieneko edukiera %50ekoa izango...
  • Kostuak ordaintzera zigortu du alderdi demandatua, Nafarroako Kontratuen Administrazio Auzitegia