Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2020/05/06

Apirilean 2019ko hil horretan baino %92 bidaia gutxiago erregistratu ziren Hiri Garraioan

Guztira 253.574 bidaia izan ziren; joan den urteko hil horretan, ordea, 3.051.163 bidaia

Apirilean joan den urteko hilabete berean baino %92 bidaiari gutxiago izan zen. Zehazki, hil horretan guztira 253.574 bidaia erregistratu ziren; aurreko urteko hil berean, ordea, 3.051.163 bidaia izan ziren. Edonola ere, konfinamendua arintzearen lehenengo fasera igaroko garela aurreikustekoa izanda, baliteke maiatzaren 11tik aurrera eskaera handitzea, eta, hortaz, Mankomunitateko zerbitzu teknikoak aztertzen ari dira aurreikuspenak, zerbitzuaren eskaintza berriaren plangintza egiteko. Dena den, halakorik gertatuz gero, unean-unean emango da informazioa.

Bidaia gutxien egin zen eguna apirilaren 12a izan zen (Pazko-igandea), 2.434 bidaiarekin. Gainera, adierazi behar da Aste Santuan (apirilaren 9a eta 13a artean) egun bakar batean ere ez zirela gainditu 5.000 bidaiak. Bidaia gehien egin zen hilabete osoko eguna, aldiz, 30a izan zen, osteguna, 13.470 bidaiarekin.

Ohiz kanpoko zerbitzua alarma-egoeran

Gogoan izango denez, Mankomunitateak murriztu egin zuen Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzua martxoaren 20tik aurrera, ostirala, eta jaiegunetakoa aplikatu zuen. Horrek ekarri zuen %42 murriztea, lanegun bateko zerbitzuarekiko.

Gero, funtsezkoak ez diren jarduerak bertan behera uztea ekarri zuen Errege Lege Dekretuak indarra hartu ondotik, IMk are gehiago murriztu zuen EHGaren zerbitzua.

Hartara, apirilaren 6tik aurrera, astelehena, lanegunetako eguneko zerbitzua %58 murriztu zen osasun-krisiaren aurreko lanegun bateko eguneko zerbitzuaren aldean. Bi egun lehenago, asteburuetako eguneko zerbitzua %47 gutxitu zen ohiko jaiegun bateko zerbitzuaren aldean.

Ohiz kanpoko zerbitzu hau alarma-egoera amaitu arte edo beste aldaketa bat egitea justifikatzen duten inguruabarrak egon arte aplikatuko da. Une honetan, hurrengo astean eskain litekeen zerbitzuaren eskaintza aztertzen ari gara, aurreikustekoa den lehenengo fasera igarotzeak eskaera handitzea ekartzen badu erantzun ahal izateko.

Mankomunitateak denbora errealean aztertzen ditu bidaiari-kopurua ustekabean handitzeagatik gerta litezkeen gorabeherak. Hori dela-eta, errefortzuko ibilgailuak prest ditu etengabe, zerbitzuan sar ditzakeenak halako gertakariak arintzeko.

Maskarak nahitaez erabiltzea

Jakina denez, joan den astelehenaz geroztik, maiatzak 4, nahitaez erabili behar dituzte maskarak garraio publikoko zerbitzuen erabiltzaile guztiek. Alde horretatik, gogorarazi behar da Iruñerriko Mankomunitateak, garraio publikoko agintari nagusiekin eta operadore nazional nagusiekin batera, gutun bat izenpetu zuela joan den astean José Luis Ábalos Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroarentzat. Zehazki, gutun horretan, neurri hori hartzeko eskatu zioten Gobernuari.

Beste alde batetik, Eskualdeko Hiri Garraioan martxan daude oraindik joan den martxoan hartutako neurrietako batzuk:

1- Edukiera handiko autobusak (artikulatuak) erabiltzen dira okupazio handieneko lineetan. Gainerako lineetan, autobus artikulatuak erabiltzen dira beharrezkoa den eta operatiboki ahal den neurrian.

2- Beharrezkoak diren lineak indartzen dira puntako uneetan, bidaiariak pilatzea saihesteko, eta errefortzu-ibilgailuak edukitzen dira, zain, zerbitzuren bat ustekabean sendotu behar bada.

Autobusak hobeki erabiltzea bultzatzeko, gomendatzen da bidaiak –alarma-egoera izendatzean baimendutako arrazoiengatik egin behar diren bidaiak– ahal den heinean haraneko orduetan edo ordu lasaietan egitea (09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik aurrera).

3- Segimendurako neurri moduan, TCCk (EHGaren zerbitzuaren enpresa kontzesioduna) egunero aztertzen du linea desberdinetako okupazio maximoa goizeko puntako orduan 09:00ak arte.

Indarrean dauden ordutegi eta maiztasunen informazio zehatza Eskualdeko Hiri Garraioaren webgunean kontsultatu ahal da (www.infotuc.es), “Tu Villavesa” aplikazioan eta billabesa guztien barnealdean.

Beste albiste batzuk