Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2020/06/22

Alarma-egoera deklaratzeak ukitutako EHGaren aldi baterako abonuak doako bidaiekin konpentsatuko ditu IMk

Ekainaren 25etik aurrera, osteguna, eta irailaren 30a bitartean, bidaiak automatikoki eguneratuko dira txartel bakoitzaren txanpon-txartelean, billabesa batean lehen ordainketa egitean

Mankomunitateak doako bidaiekin konpentsatuko ditu alarma-egoera deklaratzeagatik ukitu diren Eskualdeko Hiri Garraioko aldi baterako abonuak. Zehazki, konpentsatuko diren abonuak izango dira martxoaren 14a bitarte erosi zirenak, egun hori barne, eta egun horrez geroztik erabili ez direnak. Horrenbestez, ez dira konpentsatuko martxoaren 14aren ondoren erositako abonuak edo, erosi ziren eguna gorabehera, alarma-egoera deklaratu eta gero erabili direnak.

Gogora ekarri behar da aldi baterako abonuen hiru mota daudela: orokorra, familia ugariena eta gazteentzako abonua. Garraioko aldi baterako abonua autobusean lehen ordainketa egiten denean aktibatzen da edo, gainerakoan, ez bada erabili, erosi eta handik zazpi egunetara. Gainera, abonua iraungitzen da aktibatzen denetik 30 egun naturaleko epea amaitzen denean.

Beste alde batetik, adierazi behar da Eskualdeko Hiri Garraioko txartelek bi atal dituztela diruarekin: bata aldi baterako abonuetarako da eta besteak txanpon-txartel moduan balio du. Abonua kargatuta eduki gabe erabiltzen denean txartela, bonobus tarifarekin ordaintzen jarraitzen da, baldin eta txanpon-txartelak saldo positiboa badu.

Konpentsazioa, doako bidaien birkargaren bidez

Mankomunitateak ezarritako prozedurarekin, abonuen erabiltzaileek erabili gabeko egunen konpentsazioa garraio-txarteleko txanpon-txartelean doako bidaiak birkargatzearen bidez egingo da. Hartara, bidaia horiek ez dira iraungiko eta erraztuko da alarma-egoeraren ondorengo denbora honetan erabiltzea, aurreikustekoa denez Eskualdeko Hiri Garraioaren erabilera txikiagoa egingo den honetan.

Hala, ekainaren 25etik aurrera, osteguna, bidaien kopurua txartel bakoitzean automatikoki eguneratuko da, billabesa batean lehen ordainketa egitean, birkargarako gune batera joanda edo “EHGaren birkarga” aplikazioko “kontsulta eta eguneratzea” aukeraren bidez. Eguneratze automatiko hau 2020ko irailaren 30a bitartean egin ahal izango da.

Horretarako, lehenbizi, abonu bakoitzean ukitutako egunen kopurua kalkulatuko da, hau da, martxoaren 15a (barne) eta aldi baterako abonu horren iraungitze-eguna bitartean igarotako egunen kopurua. Gero, konpentsatu behar diren bidaien kopurua kalkulatuko da eta ukitutako egunen balio ekonomikoaren baliokideak direnak. Zehaztu behar da kalkulatutako doako bidaien kopurua gorantz biribilduko dela unitatera, konpentsazioa egiten den txartelaren profilaren arabera.

Adibidez, abonu orokor batek 30 euro balio du 30 egunetarako, eta, beraz, egunean euro bateko batez besteko balioa zenbatesten da. Kasu honetan, esate baterako, ukitutako hamar egun konpentsatu behar badira, baliokide ekonomikoa 10 euro bidaiatan izango litzateke.

Txartelak profil orokorra mantentzen badu, 10 euroko kopuru hori zati bonobus tarifako 0,70 euro bidaiako kantitatea egin beharko da, eta, beraz, emaitza 14,28 bidaia izango da. Unitatera biribilduta 15 bidaia izango dira.

Abonu orokorra kargatuta duen txartelak, esate baterako, une horretan B profila balu (65 urtetik gorako pertsonak), 10 euroko kopuru hori zati B tarifako 0,33 euro bidaiako kantitatea egin beharko litzateke, eta, beraz, emaitza 30,30 bidaia izango litzateke. Unitatera biribilduta 31 bidaia izango lirateke.

“Gazte” profileko abonuen konpentsazioa abonu orokorraren kostua (30 €) izan balute bezala egingo da.

Garrantzitsua da nabarmentzea konpentsazio-bidaien eskubideak ez direla inolaz ere trukagarriak izango zenbateko ekonomikoko beren baliokidearekin.

7.172 abonu konpentsazioak ukituta

Konpentsazio honek ukitutako aldi baterako abonuak, guztira, 7.172 dira, eta haietatik 1.598 30 eguneko abonu orokorrari dagozkio, 1.068 familia ugarien abonuari eta 4.506 gazteentzako abonuari. Konpentsatu beharreko bidaiak, guztira, 188.039 izango dira.

Abonu bakoitzari dagokion bidaia-kopuruaren kontsulta

Beren txartelari doako bidaien birkarga dagokien edo ez ikusi nahi duten pertsonek –eta hala badagokie, konpentsazioari dagozkion eta beren txartelean kargatuko diren bidaien kopurua– Mankomunitatearen webgunean, Garraioaren arloan, “Abonuen konpentsazioa / COVID-19a” atalean egin ahal izango dute kontsulta.

Hain zuzen, bertan, kontsulta-tresna bat erabili beharko dute. Garraio-txartelaren IDE zenbakia sartu behar da: txartel bakoitzaren atzealdean dagoen 12 zifrako identifikazio-kode bat, txartel bakoitzak berea duena. Kontsulta egitean, erabiltzaileak aktibo duen profilarekin txanpon-txartelean kargatutako bidaien kopurua erakutsiko da.

Konpentsazio-prozedura honen gaineko edozein zalantza argitzeko, gainera, IMk herritarrei arreta emateko duen telefono-zenbaki honetara deitu ahal da: 948 423242.

Beste albiste batzuk