Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2021/08/26

Abuztuaren 30ean, astelehena, neguko ordutegia hasiko da Eskualdeko Hiri Garraioan

L1 ‘Unibertsitateak’ lineako Zizur Txikirako luzapenak bi geraleku berri izango ditu Donapea IIPren parean

Abuztuaren 30etik aurrera, astelehena, Eskualdeko Hiri Garraioan neguko ordutegia hasiko da. Hartara, udaren ondoren eta Iruñerrian ikasturte akademikoa hastearekin batera, eskaeraren ezaugarri berrietara egokituko da zerbitzua.

Joan den urteko neguko ordutegiekin alderatuta, zerbitzuak zenbait hobekuntza hartu ditu barne, bereziki larunbatetan, linea hauetako maiztasuna hobetu baita: L6 ‘Arrotxapea – Unibertsitate Publikoa’ (20 minutukoa izatetik 15ekoa izatera igaroko da), L9 ‘Renfe – Unibertsitate Publikoa’ (20 minutukoa izatetik 15ekoa izatera), L12 ‘Ermitagaña – Mendillorri’ (20 minutukoa izatetik 15ekoa izatera) eta L17 ‘Berriozar – Mutiloa’ (30 minutukoa izatetik 20koa izatera).

Aurreko ikasturteko igandeei dagokienez, maiztasuna linea hauetan hobetuko da: L4 ‘Barañain – Atarrabia’ (15 minutukoa izatetik 12koa izatera igaroko da), L12 ‘Ermitagaña – Mendillorri’ (30 minutukoa izatetik 20koa izatera), L15 ‘Sarasate pasealekua – Zizur Nagusia’ (60 minutukoa izatetik 30ekoa izatera) eta L16 ‘Aitzoain – Noain – Beriain’ (25 minutukoa izatetik 20koa izatera).

Gaueko zerbitzua dela-eta, pandemiaren ondorioz hartutako neurriek baldintzatuta egoten jarraitzen du eta maiatzaren 14az geroztik ematen ari den zerbitzuari eutsiko zaio. Astelehenetik ostegunera eta jaiegunetan, ohiko eskaintzari eutsiko zaio. Ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperetako gauetan, pandemiaren aurrekoa baino pitin bat murritzagoa izango da zerbitzua, eta azken bidaien irteera-ordua 02:00 inguruan egongo da.

Ordutegiak eta maiztasunak sareko zutoin eta markesinetan kontsultatu ahal izango dira, Eskualdeko Hiri Garraioaren webgunean, www.infotuc.es, eta bai “Tu villavesa” mugikorretarako aplikazioan ere.

Bi geraleku berri Donapea IIPren ondoan 

Era berean, abuztuaren 30etik aurrera, astelehena, L1 ‘Unibertsitateak’ lineako Zizur Txikirako luzapenean bi geraleku berri jarriko dira martxan. 

Bi geraleku berri horiek, hain zuzen, EHGa Donapea Ikastetxe Integratu Politeknikora (IIP) iristea erraztuko dute eta Zizur Txikiko errepidean kokatuta egongo dira, ikastetxe horren parean. Linea horretan Zizur Txikia hasiera edo helmuga moduan duten ibilbide guztietan sartuta geldituko dira geralekuak, zehazki. Ez da aurreikusten aldaketarik egitea L1 lineako bidaia-denboretan geraleku horiek aktibatzearen ondorioz.

Geraleku berri horiek abian jartzeak ikastetxeak berak egindako eskari bati erantzuten dio, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean gauzatu dira, hiri-altzarien kostuak bere gain hartuko baititu.  

L2, N2 eta N4 lineen izendapen berria

Azkenik, L2, N2 eta N4 lineen buruetako behin-behineko aldaketak –2020ko maiatzean hartuak behin-behinean– behin betikoak izatera igaroko dira, eta, horrenbestez, linea horiek izendapen berria izango dute aurrerantzean:

L2 - ‘San Ignazio etorbidea – Etxabakoitz’ (lehen ‘Nafarroako Gorteen kalea – Etxabakoitz’ izena zuen).

N2 - ‘Merindadeen plaza – Barañain’ (lehen ‘Sarasate pasealekua - Barañain’ izena zuen).

N4 - ‘Merindadeen plaza – Aitzoain’ (lehen ‘Sarasate pasealekua – Aitzoain’ izena zuen).

“Tu Villavesa” mugikorretarako aplikazioa

Gogoan izan behar da “Tu villavesa” mugikorretarako aplikazioan autobusak iristeko zenbatespenak kontsultatu ahal direla denbora errealean, eta bai COVID edukiera-mugekiko billabesen okupazioaren iragarpena ere.

Beste albiste batzuk

  • Erakundeak iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmendu du Campiónek, bere jarduketa guztiak markatzen dituena
  • Parte hartzeko, Mankomunitatearen webgunean izena eman behar da: www.mcp.es
  • Gainera, gaueko zerbitzuaren ordutegia pandemiaren aurreko bera izatera itzuliko da