Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2019/07/19

Abuztuaren 1ean, osteguna, aireporturako taxi-zerbitzu berria jarriko da martxan

Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea ordeztuko du zerbitzu horrek

Abuztuaren 1etik aurrera, osteguna, Sarasate pasealekutik Iruñeko aireportura joan-etorria egiteko garraio-zerbitzu publikoa jarriko du abian Iruñerriko Mankomunitateak. Hain zuzen, taxi bidez emango da zerbitzua, ordutegi finkoa izango du eta aurretik egin beharko da erreserba. Zerbitzu berri honek Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea izeneko linea erregularra ordeztuko du.

Aireporturako zerbitzua erabiltzeko, bidaia egin aurretik, hamar minutu eta hiru ordu artean lehenago egin beharko da erreserba, 948 232300 edo 948 351335 telefono-zenbakira deituta. Itzultzeko bidaiaren kasuan, erreserba 10 eta 30 minutu artean lehenago egin beharko da. Bidaiak prezio bakarra izango du, 0,70 €, EHGko txartelarekin ordaindutako billabesa-bidaia baten baliokidea. Eskudirutan baino ezin izango da ordaindu, 5 urtetik beherakoek dohainik bidaiatuko dute eta lagunduta joan beharko dute. 

Erreserba egiten denean, interesdunek datu hauek eman beharko dituzte: zerbitzua hasiko den ordua, bidaiatuko duten pertsonen kopurua, haietakoren batek aulki gurpildunean bidaiatzen duen, eskatzailea identifikatu ahal izateko izen bat, eta maleta-kopurua eta haien tamaina.

Aireportura joateko ibilbidea abiatzeko toki bakarra Sarasate pasealekuaren 1ean dagoen taxi-geralekua da. Aireportutik hirira itzultzeko, ordea, Sarasate pasealekuko geraleku horrez gain, beste bi toki ere izango dira helmugak: Zaragozako etorbidearen 61a (Zidacos Errekaren eta Urederra Errekaren kaleen artean) eta Zaragozako etorbidearen 1a (Vianako Printzearen plazaren ondoan).

Bidaia guztietarako, erreferentziazko ordutegi batzuk daude ezarrita, lotura honetan kontsultatu ahal direnak, eta bai aireportuko eta Sarasate pasealekuko geralekuetan dauden informazio-zutoinetan ere.

Mankomunitateak 20.000 informazio-eskupaper editatu ditu, eta Iruñerriko taxietan, aireportuan, hoteletan eta eskualdeko beste gune batzuetan banatuko dira. Gainera, zerbitzu honen ezaugarriak hasierako eta helmugako geralekuetan, eta IMren webgunean kontsultatu ahal dira. 

EHGko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea ordeztu

Aireporturako taxi-zerbitzu berri honek Eskualdeko Hiri Garraioko ‘Geltokiak-Aireportua’ A linea izeneko linea erregularra ordeztuko du, 2017ko azaroaz geroztik Renferen geltokia, autobusen geltokia eta hiriaren erdialdea aireportuarekin lotzen zituena. 

2018an, A lineak guztira 34.299 bidaia erregistratu zituen, eta, hortaz, EHGaren zerbitzuan egunero aritzen direnen artean gutxien erabili zena izan zen. Gainera, joan den urtean egin zen azterlan baten arabera, batez beste eta eguneko, linea horretako 30 erabiltzailek baino ez zuten izan jatorri edo helmuga moduan aireportua, eta gainerakoek beste barne-ibilbide batzuk egiteko erabili zuten, L16 lineak (Aitzoain – Noain – Beriain) egiten dituenak (aldi arruntean 12 minutuko igarotze-tarteak eskaintzen ditu).

Beste albiste batzuk

  • Aldaketaren arrazoia da billabesetan ordainketarako ekipoak eta ustiapena laguntzeko sistema aldatzea
  • Goñi / Ollaran eremuko hautagai independenteak 29 boto eskuratu ditu, eta Echeverríak (Navarra Suma), 23
  • Eguneko gutxieneko zerbitzuak %60koak izango dira puntako orduetan eta %40koak ordu lasaietan